Gorka Zozaia
Kimikaria

Harro

Duela aste pare bat pasadizo bitxi bat izan nuen Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuan. Pisu aldaketa ia urtero egiten dugunok (prekariadoa?) pairatzen dugun helbide nahasmenaren ondorioz, Etxebideko zerrendatik bajan eman zidatela jakinarazi zidaten, eta antzinatasuna galduta, berriz inskribatu behar nintzela adierazi. Hala, gazteleraz eman zidaten inprimakia betetzen hasi eta bigarren galdera erantzuteko zalantza egin nuen istant batez: “sexo” galdera eta bi aukera, H eta M. “Hombre” eta “mujer” artean aukeratu behar nuela iruditu zitzaidan hasieran, baina galdegaia “generoa” ordez, “sexua” izanik, pentsatu nuen “hembra” eta “macho”ren arabera erantzutea zela aproposagoa. Ez nuen denborarik orduan gaiari buelta asko emateko eta M-aren ondoan egin nuen gurutzea.

Maiz aritu naiz lerrootan sexuaz. Are, zientzia gai hartuta, epistemologia feminista zeharlerro konstantea da zutabe honetan. Izan genero edo identitate sexualagatik mespretxaturiko zientzialariak gogora ekartzeko, izan gizon zuri klase altukoen zientzia orohar arbuiatzeko, biharko moduko aldarrikapen egunei ekarpena egin nahi izan diet txoko honetatik. Lehenago egin izan ez banu, “The imitation game” filmarekin ospea irabazi duen Alan Turing omenduko nuke berriz ere. Eta orduko homofobia salatzeko baino gehiago, egungoa agerian jartzeko. Zenbat denbora da ba Europar justiziak homosexualei odola ematea debekatzea babestu duela? Dena oso zientifikoa, hori bai: GIB, garuneko ezberdintasunak... ar/eme kategoriak bereizteko erabiltzen den intersexua (tarteko hori, arraroa, salbuespen genetiko edota fenotipikoa) oraindik orain gaixotasun gisa tratatzen da, eta mutilazio genitalekin konpondu!

Sexuarena, baina, gai konplexuegia da Prokustoren ohera egokitzeko. Konplexua definizio eremuan, biologiko zein sozialean, eta konplexua plano politikoan ere. Greziarrez jaso omen zituen pinguinoen jokaera sexual arraroen gaineko apunteak George Murray Levick-ek, 1911n Scott-ek polora zuzenduriko Terra Nova espedizioan hilabete batzuk geldirik eman zituenean. Adelaida pinguinoak behatu ei zituen: arren artean txortan, txitak bortxatzen, emeak sexualki jazarriz, isuri arte lurraren kontra igurtziz, baita hildakoak penetratuz ere! Ehun urte geroago, greziarrez apika ez, baina, ez da aise mintzatzen animalien sexuaz. Gure artean sexua ekonomia (familia) ereduari egokitzeko definitzen dugun bezala, gai gara ikusmolde eta kategoria horiexek animaliei egozteko ere. Antropozentrismoa horren da ausarta! Bada, jarrera horri aurre eginez, eta, batez ere, animalien sexuan zakilari eman zaion zentraltasuna arbuiatzeko, liburua kaleratu berri du Jules Howard zoologo britainiarrak. “Sexua Lurrean” (Sex on Earth) izenburupean, emeek eboluzioaren motor gisa duten rola aldarrikatzen du, «munduak bagina historia gehiago behar ditu». Ahateen adibidea argigarria omen da: atentzioa ahate arren zakilean zentratu ohi da, bere luzatze abiadura harrigarrian (1,6m segundoko!), baina ez emeen baginan, are harrigarri eta konplexuagoa dena. Espiral forma du, zakilak bezala, baina kontrako zentzuan eta bihurduraz josia. Hala, kopulazioen herena bortxaketak izan arren, jartzen diren arrautzetatik soilik %3 dira bortxatzaileenak. Hots, bere organu sexualaren bidez, emeak hautatzen du zein espermari sartzen utzi, eta zeini ez, eta ebolutiboki hori da interesgarriena.

Bonoboek, ika-mikak saihesteko, esgrima egiten dute beren zakilekin. Iguanak, estalketak denbora gutxiago iraun eta arriskuak ekiditearren, masturbatu egiten dira aurretik. Ipurtargi ar batzuek nahiago dute farolekin larrua jo. Tyrannosaurus rex-aren besotxoek estaltzean heltzeko balio zuten eta “Nemoren bila” egiazko istorioa balitz, protagonista hermafrodita jaioko zen, ar bezala hazteko, eta aitarekin sexu harremanak izango lituzke.

Animalietan, gizakien artean bultzatu nahi zen jokaera sexualen bila jardun izan du zientziak heteropatriarkatua justifikatzeko, baina alderantziz, animalienak, gizakiok zapalkuntza sistema bat mantentzeko asmaturiko norma eta moralak apurtzeko bide ematen duela dirudi. Ni neu, gero eta harroago nago animalia izateaz. •