Xabier Mikel Errekondo

Jendarte inklusiboa; #kmk15

Oraindik dar-dar batean daukagu sabel aldea duela astebete «…jende zoriontsua, herri libre batean!» eztarriak urratzeraino kantatu genuenetik. Hain justu, gure esku dago ere herria inklusibo bilakatzea. Alegia, eskubide politikoez gain, sozialak ere zaintzea, eta herritar gisa dagozkigun eskubideetan eta aukera berdintasunean zutabetzea.

Horixe ulertu du Kilometroak2015ek, #KMK15, eta horretarako beharrezkoa dela jendartearen eraldaketa sozial eta kultural sakona inklusiorantz. Itzela erronka. Ikastoletatik eta hezkuntzatik ere eraikitzen baita herria, inolako bazterkeriarik gabekoa. Honela diote joan den ostegunean Gipuzkoako hirurogeita hamar enpresa eta erakunde ezagunekin batera aurkeztutako Dekalogoaren lehen bi puntuek: «Kontua ez da mendekotasun egoeran dauden pertsonak edo ‘arazoak dituzten horiek’ gizartean integratzea, baizik eta guztiok gaitasun ezberdinak ditugula eta guztiok osatutako jendarte inklusiboa eraiki behar dugula». «‘Arazoak dituzten horiek’ eta ‘arazorik ez dugunon’ arteko dikotomia hautsi egin behar dugu. Hemen denok gaude mendekotasun egoeran, era batean edo bestean. Elkarmendekotasuna jendartearen beraren ezaugarri zabala da».

Eta, halako diagnosi argi batetik, helburura iristeko tresna nagusia sentsibilizazioa eta pedagogia dira. Besteak beste, aurreiritziak gainditu, pertzepzio positiboez jantzi eta kontzientzia soziala hartzeko. Horregatik dira hain garrantzitsuak bitartekariak. Bai erreferentetzat ditugun erakundeak, baina, batez ere, hedabideak.

Herritarrok barneratuta ditugun pentsaerak eraldatzea bada gakoa, hamarkadak beharko dira, baina zer da hori… euskaldunon historian zehar izan erronkei so, epe motzekoa.

Pentsa herritarrak berdinago egiten gaituen ariketa xume bat ez dela hain xumea, kaltzifikatutako jarrera okerrak ere aska ditzakeela. Dema zaila hartu du #KMK15ek, baina #KMK16 eta behar beste izango dira.

Animo eta bejondeiola #KMK15i! Usurbilen, urriak 4. #U4U #uau! •