#NiUnaMenos
Traola hau abiadura bizian zabaldu zen hilaren hasieran, ez bakarrik Ameriketan zehar, baita gure artean ere. Argentinan aurretik inoiz eginiko emakumeen aurkako indarkeria salatzeko manifestaldi jendetsuenaren deialdia zen. Gutako askok, gainera, lelo horri lagunduta zihoan panpinatxo baten irudia jaso genuen WhatsApp eta sare sozialen bidez, gure profileko argazki lez ezarria izateko. Milaka eta milaka izan ziren Argentinako hainbat hiritan bildu zirenak (protestak Uruguaira ere zabaldu ziren). Aldarrikapen zentraletako bat 26.485 Legearen arautze osoa eskatzea izan zen, herrialdean gertatzen ari den feminizidioa gelditzeko edo, sikiera, helburu horretan laguntzeko. Estatu espainolaren antzeko biztanle kopurua duen Argentinan, 277 izan ziren 2014. urtean matxismoagatik erailak. Gizarte esparru guztietako ordezkariak bildu ziren bertan, eta bultzatzaileen artean, hezkuntza arloko profesionalak ere baziren, arlo horrek arazo potolo honekin bukatzeko duen garrantzia azpimarratuz. Oso salaketa interesgarria bertan luzatu zena: ugari izan ziren justiziak jasotako kritikak, baina ez ziren txikiak izan komunikabideen aurka bota zirenak, haien papera gogor salatuz.
Manifestaldi masibo horien irudi ikusgarrietara hurbiltzeak, Rita Segato argentinar antropologoaren iritzia ezagutzea ahalbidetu zidan. Haren analisia Amerikan zentratzen bada ere, hainbat ondorio guztiz aplikagarriak dira gure errealitate hurbil, europar-okzidental-zentrista honetara. Ezin da, haren esanetan, erailketa horien sustraia egitura kapitalistatik kanpo aurkitu; izan ere, botere eskemak erreproduzitu egiten dira, eta ez hori bakarrik, estruktura honek elkarrenganako dugun enpatiarekin bukatzea behar izango du, krudelkeriaren pedagogia bultzatu eta ankerkeriaren ikuskizunera guztiok ohituz. Egunero gertatzen dira erailketak, egunero detaile zantarrak. Bortizkeria hori «errutinatizatu» egin da.
Egia da ez direla inoiz egon gaur egun dauden babes politika publikoak, legeak, diskurtso instituzionalak. Handik ikusita, hori gauzak egiteko modu erabat europarra dela deritzo, eta hala izan edo ez, argi dago ezin diegula emandako aurrerapausoei uko egin. Baina ezin gaitezke ikuspegi instituzionalista batean edo instituzionalistegia den batean soilik geratu. Soluzioak ez datoz (ez soilik, bederen) parlamentu edo adierazpen solemneetatik. Kalean, ahoz aho, gorputzez gorputz, hurbiltasunetik egin behar da lan, konfiantzak sortuz eta saretuz. Mugimendu feministak esperientzia luzea du horretan, eta ahaztu ezineko hanka da; egun hauetan, izan ere, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren Eskutik hainbat hitzaldi interesgarri ditugu. Eskala handiko kanpainek garrantzi handia dute; gizarte babesa islatu eta errealitate bati bisibilizazioa aitortzen diote, ezkutuan egon den errealitate gordina, gainera. Baina, kanpaina masibo horien ezaugarrietako bat ere bada egunerokotasunean, emakumeen gorputza saltzeko arazorik ez duten komunikabide horiek beraiek, ez dutela kontraesanik ikusten kanpaina horiek babesteko eta haiekin bat egiteko.
Bihar, ekainak 28, munduko hainbat hiritako kaleak kolorez beteko dira, bakoitzak nahi duen sexualitatea izateko eskubidea duela jai giroan aldarrikatzeko. Ez zen jai giroan eman ospakizun horren sustraia; izan ere, homosexualen aurkako jazarpena jasangaitza bihurtu eta hirurogeiko hamarkadaren bukaeran istilu eta manifestaldi ugari izan ziren AEBetan. Lan handia egin da ordutik, eta egiten jarraitu beharko da. Aurreko hausnarketari lotuz, aldarrikapenez betetako borroka da, jai giroan egiten dena, baina kritikoa, oso kritikoa. Aldarrikatzeko eguna, eta irabazitakoa ospatzekoa, baina ez merkantilismorako gunea edo autokonplazentziazko diskurtsoen tokia. Ezin amaitu, ordea, faltan botako dugun gizon solidario bat aipatu gabe: Periko, zauden tokian zaudela, ziur gara adi-adi begira egongo zarela zure begi biziekin, eta beti daramazun kamerarekin detaile guztiak jasotzen. •


