AEBetan familia izena pedigri, marka eta oligarkiaren kontrolaren erakusle da
Itxura batean, AEBetako hurrengo hauteskundeetan presidente ohi baten emaztea presidente ohi baten semearekin –eta beste baten anaia– lehiatuko da. Dinastia politikoen tradizioa betikotuta dago AEBetan eta aski normala da mundu mailan. Galdera ezinbestekoa da: errepublika dinastiko baten aurrean al gaude?

Ameriketako Estatu Batuen «aita fundatzaileek» konstituzionalki debekatu zuten boterea oinordetzan hartzea. Iraultza latz baten ondoren erregeen tiraniatik askatu zen herrialdean «noblezia titulurik ez da emango» idatzita dago konstituzioan. Teorian, politikan arrakasta izateko gakoa ez dira ez geneak ez odola, baizik eta botoa, jendearen atxikimendua. Teorian, jakina. Izan ere, errealitatean, gauzak oso bestelakoak dira. Iraganean bezala orainean eta etorkizun hurbilean ere bai. AEBetako politikaz hitz egitean, bat-batean datoz familia izenak gogora: Bush, Clinton, Kennedy tragiko eta zinematografikoak, Teddy eta Franklin Roosevelt... Zalantzarik ez dago: odolezko ala ezkontzazko familia kide andana batek zuzendu ditu AEBak.
Okerrik ezean, hurrengo hauteskundeetan ere Clinton eta Bush dinastiak egon daitezke lehian. Berriz ere, beste behin ere, azken hamarkadotan sarri gertatu legez. Eta gerta daiteke, 319 milioi biztanle dituen herrialde bateko 45. presidentea 41.aren semea eta 43.aren anaia edo 42.aren emaztea izatea. Datua ez da nolanahikoa. Dinastia forma hartu ote du estatubatuar politikak? Zinezko errepublika baten aurrean al gaude? Horrenbesterainoko pedigria dauka familia izenak politikan? Marketin estrategia bati begirako marka bikaina al da?
«Crème de la crème»
Jeb Bush eta Hillary Clinton –bere abizen propioaren kaltetan senarraren «abizen marka» lehenetsita– izan daitezke AEBetako hurrengo presidentea aukeratzeko hauteskundeetako hautagaiak. Luzaroan landu dituzte euren hautagaitzak eta biek ala biek dituzte kredentzial gisa beste ardura batzuetan emandako urteak. Jeb Bush birritan izan da Floridako gobernadorea eta Hillary Clinton bi mandatutan hautatu dute New Yorkeko senatari, eta, horrez gain, lau urtez izan da AEBetako estatu idazkari. Inkestak diotenez, bien kudeaketa ona izan dela uste dute estatubatuarrek eta biek erakutsi dute erresistentzia ahalmena –edozein herrialdeko presidente izateko behar den kalitatea–. 1994an jasandako porrot politikoari eta 2000ko hauteskundeetako bere aitaren aldeko Floridako boto kontaketa eskandalagarriari aurre egiteko gai izan da Bush. Clinton, aldiz, “Hillarycare” bezala ezagututako porrota eta mundu mailan aski sonatua izan zen Monica Lewinskyren eskandalua atzean uzteko gai izan da. Ez dira hautagai perfektuak baina bereari eusteko indarra badutela erakutsi dute. Are, kaxeta eta abizen ona badute. Eta hori asko da.
Nondik dator dinastia politikoon arrakasta? Ez dirudi arrazoi bat eta bakarra dagoenik. Dirua aipa daiteke, hari lotutako anbizioa eta kodizia, Bushen kasuan “petropolitikaren” eskutik jasoa, eta, Clintonen kasuan, beraren eta senarraren artean gidatzen dituzten fundazioek jasotzen dituzten eskupeko izugarrien harira. Badago ere ospearen kultua dei dezakeguna, edota «marka politiko» baten kide izatearen abantaila.
Hauteskunde sistemak ere badu zerikusia. Izan ere, alderdia baino pertsona da garrantzitsuagoa. Alderdiak oso ahulduta daude eta praktikan aktore nagusiak zahar usaineko “kaudillo” berriok dira. Dena da pertsonalistagoa. Iraganean gela batean erabakitzen zena egun primarioetan egiten da, sarri eraginkortasuna baino fama akuilu. Izan ere, primarioetan ez du jende askok botoa ematen eta normalean ezagutzen duen hautagaiari ematen dio botoa.
Joan ziren egunen nostalgia ere aipatu behar da. Beren baitarako ezerezetik tontorreraino igotzerik badutela uste arren, funtsean, Britainia Handiko errege familiaz jeloskor dira estatubatuarrak. Nolabait, erregegoa erregutzen dute, horrek nobletu egiten duela pentsatuta. Horregatik, hain zuen, maite dituzte Kennedytarrak, Bushtarrak eta Clintontarrak. Gloria eta pedigri handiko izenok entzutearekin bakarrik beren abizenengatik karrera egin duten politikariak datozkie gogora. Arrano arrantzalea, erdeinua edo txerria bezain estatubatuar den dinastia politikoen historia.
Badago “historiaren gaurkotzea” dei dezakeguna ere. Izan ere, kargu politikoak familiako belaunaldi ezberdinen artean pasatzearen aurka gogor egin bazuten ere, AEBetako sortzaileak ez ziren demokrazia zuzen eta irekiaren erabat aldekoak. Erregea errefusatu zuten baina “onenen gobernuan” sinesten zuten. Aristokrata naturalak edo orduan “Virginiako lehen familiak” bezala ezagutzen zirenetako kideak ziren guztiak ere, hau da, kristau zuriak eta lur sail handien jabeak. Azken batean, beren lege propioak martxan jartzea zuten helburu, botere ekonomikoa politikara pasatzea. Senatua edo Hauteskunde Kolegioa –lau urtero AEBetako presidentea eta presidente ordea aukeratzen dituena– bezalako instituzioak iragan haren aztarna biziak dira. Eta ideia haren haragitzea, duda barik, bigarren presidentea izandako John Adams eta seigarren presidentea izandako John Quincy Adams aita-semeak dira.

Izarrekin dantzatu
Dirua eta ospearen garrantzia ere azpimarratu behar da. Ameriketako Estatu Batuetan komunikabideek nahi dutena ematen diete herritarrei eta herritarrek izarrekin dantzatu nahi izaten dute. Zergatik aspertu abizen handiko pertsonaia ospetsuen substantzia edo baloreak zeintzuk diren eztabaidatzen? Zergatik galdetu zerbitzu publikorako zein dagoen hobeto prestatuta den-dena marka kontu hutsa denean?
Bestalde, badirudi zenbait familia oso onak direla politikan. Akaso familia bereizgarri bat izango da. Baina egin diren ikerketa ezberdinek erakusten dutenez, botereak boterea ernalarazten du. Boterean bazaude zure ondorengoak boterean egotea posibleagoa da. Kongresuan hautatu bazaituzte, zure senideak kongresukide izatea errazten du. Hain zuzen eta hain oker. Stephen Hess historialariak egindako ikerketak datu argigarrik eman zituen: 700 familiak Kongresuan bi kide edo gehiago izan dituzte eta egun Kongresuan edo Senatuan esertzen diren ia %20k senideak izan dituzte ardura berean iraganean. “The New York Times” egunkarian argitaratu den kalkulu baten arabera, gobernadore baten semeak, adibidez, AEBetako hirurogeitaka urteko biztanle arrunt batek baino 6.000 aldiz aukera gehiago ditu gobernadore izateko, eta, senatari baten semeak, esaterako, 8.500 aldiz aukera gehiago senatari izateko.
Familia botere oso handia da
Ikusitakoak ikusita, galdera natural sortzen da: nola da posible errege baten autoritate hereditarioaren kontra gerra egin zuen herrialde batean halakorik gertatzea? Baina, agian, galdera okerra da. Izan ere, AEBetan ez ezik, mundu guztian errepikatzen den fenomenoa da. Hala da. Familia boteretsuak eta dinastiak geratzeko etorri ziren. Ahaidetasun loturak oso iraunkorrak dira. Abantailak dituzte. Botoaren bidez dinastia politikoak desagertuko zirela uste zutenak oker zeuden oso: abizen ezagun bat eta familia loturak konbinazio indartsua dira inolaz ere. Ekonomian ere, familia negozioak moldakorragoak eta luzera begirakoagoak dira. Hori bai, botere oro bezala, familia boterea ere zorrotz zaindu beharrekoa da: harekin lehiatzerik ez badago ez litzateke onargarritzat jo behar, ustelkeriari eta nepotismoari ate guztiak zabaltzea bailitzateke.
Familiakideen arteko botere oinordetza aztertzean, beste arlo garrantzitsu bat ere izan behar da kontuan. Egin beharrekoaren gaineko ulermena etxetik jasotzean, ez duzu hainbeste denbora galdu behar paretaren kontra burukadak ematen gauzak nola funtzionatzen duten jakiteko. Baina, aldiz, esperientziak erakusten duen arabera, lehen belaunaldiak politikarako zuen talentua eta sakontasuna bigarren belaunaldian ez da maila berean ematen, segur aski bidea prestatzeak ez duelako ahaleginik suposatu.
Familia dinastikoen fenomenoa esportatu ere egin dute euren influentziapeko herrietara AEBek. Eta munduan inon egin bada ikusgarri, Filipinetan izan da. Datuak beldurgarriak dira: parlamentarien %60k senide parlamentariak izan ditu. Eta joera hori AEBek Filipinetan antolatu zituzten lehen hauteskunde “demokratikoetan” finkatu zen –txiste txartzat ere har daitekeen arren–. Hautatua izateko, Principalia izeneko eliteen familiako kide izan behar zen eta oligarkek abantaila hori ondo baino hobeto baliatu eta gaur egun arte betikotu dute. AEBek Filipinei ezarritako baldintzak forma eman zien dinastia politikoei eta haien botereari, herrialde asiarra oligarkia zantarrenera kondenatuz.

«The Bush & Clinton Fatigue»
Badira AEBetako iritzi publikoan dinastien kontrako aurreiritzi sendoak daudela diotenak ere. Eta jendea nekatuta dagoela horrekin. The Bush & Clinton Fatigue bezala bataiatu dute fenomenoa. Ikuskizun dago hainbesterainokoa den ala ez.
Ez dirudi, ordea, dinastien “gloriaren” aurkako txertoa inondik etor daitekeenik. Pentsa nola dauden apustuak: demokraten artean denak bat datoz Hillary Clinton izango dela presidentegai; errepublikanoen artean, berriz, presidente ohi baten semea eta beste baten anaia den Jeb Bush faboritoen artean dago. Andrew Cuomo presidentegai baten seme gobernadorea ere lehian da demokraten artean, baita aita hiru aldiz presidentegai izan duen Rand Paul ere errepublikanoen artean. Sorpresarik? Zuzenago, sorpresarik gabeko sorpresa. Izan ere, 2008an Barack Obama presidente hautatu arte, 1980tik aurrerako irabazle ia denak presidente edo senatari baten semeak izanagatik nabarmendu ziren.
Bistan da dinastia politikoak, botere politikoa oinordetzan hartzea, AEBak bezain praktika zaharra dela. Baina argi dago ere horrek guzti horrek ordaina duela. Izan ere, abizen politiko handien ondorengoek “askazia txikiagoko” jendeak baino abantaila konpetitibo handiagoa duela zalantzan jartzerik ez dago. Eta horrek AEBak errepublika dinastiko bilakatu diren ideia indartzen du.
Munduan normaldu den zahar usaineko joera
Arraroa dirudi baina “demokrazia” deitzen dituzten herrialde erraldoietan oso “normala” da boterea oinordetzan hartzea. 1.200 milioi pasako populazioa duen Indiak, munduko demokraziarik handiena omen dena, estatu independente bezala egindako 68 urteetako erdia baino gehiago, 37 urte, Nehru-Gandhi familiako lehen ministro baten gobernatupean eman ditu. Asian bertan, Indonesiak (252 milioi), Filipinek (101 milioi) eta Hego Koreak (50 milioi) presidenteen alabak hautatu dituzte presidente kargurako. Interneten ikus daiteke Japoniako (127 milioi) lehen ministro Shinzo Abe 5 urteko mutikoa zela aitona Nobusuke Kishirekin, orduan lehen ministro zena.
Dilma Rousseffek alde txikiarekin irabazi zion Brasilgo (204 milioi) presidentetza Aecio Nevesi; bada, 1895ean presidente hautatu zuten Tancredo Nevesen biloba da Neves. Kontinente berean Kubako Castro anaiak, Txileko Frei aita-semeak, Argentinako Kischner senar-emazteak edota segur aski denetan ikusgarriena den Uruguaiko Batlle familia aipa daitezke –lau presidente izan dituzte Batlletarrek!–.
Bertute politikoak ez omen dira oinordetzan hartzen, baina, munduan gertatzen direnak ikusita, argi, garbi eta oskarbi ere badago familia boteretsu batean jaio dena errazago iristen dela boterera.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
