#Greferendum
Alexis Tsiprasek Greziako herritarrak erreferendum batera deitu zituen pasa den ostiralean. Orduz geroztik, albisteak eta elkarrizketak erabat aldatu dira. Beste aro batean sartu garela ematen du: Greziako erreferendumaren ondorengo aroan. Gai garrantzitsu baten inguruan herritarrei galdetzeak bazter guztiak aztoratu ditu. Iritzi emaileak biderkatu egin dira, eta zer esanik ez berriak eta filtrazioak. Idazten ari naizen une honetan bertan, Eurotaldea bilera bat egiten ari dela suposatzen da. Testuinguru horretan oso zaila da ezer idaztea. Hala ere, asteko gaia da, dudarik gabe. Eta epe luzeko ondorioak izango ditu Europaren eraikuntzan.
Aurreko artikulu batean idatzi nuen Greziaren gaineko Europar Batasunaren jardunak ez zuela zerikusirik ekonomiarekin, politikarekin baizik. Aitortu ez arren, Europar Batasunak ezkerreko gobernua botatzea bilatzen zuen eta helburu hori erdiesteko zorraren gaia erabiltzen ari zen. Gaur Bundestagen Die Linke alderdiko bozeramaile den Gregor Gysik horixe bera esan dio Angela Merkeli: «Gai batean arrazoia duzu. Arazoa ez da diru kopurua. Zuk ezkerreko gobernu bat bota nahi duzu, besterik ez». Hortaz, politikaren ikuspuntutik begiratu beharko dugu gertatzen ari denari.
Europar Batasunak zenbait egitura erabili ditu herrien borondatearengan ikuspegi, politika eta gobernu zehatz batzuk inposatzeko. Horretarako bide ezberdinak erabili ditu, baina arrakastatsuena salerosketan oinarritutakoa izan da. Aurreko garaietan, Europar Batasunak borondateak erosten zituen. Felipe Gonzalezek ireki zuen merkatuaren garaia. Izan ere, egiturazko fondoak zirela, Fondo Soziala zela, estatu bakoitzeko eurodiputatu kopurua edota komisario kopurua zela.... boteretsuen borondatea onartzen zuten estatuek baliabide handiagoen truke. Baliabideok, noski, Europar Batasunaren onurak boto-emaileen aurrean saltzea errazten zuten. Baina, baliabideak bukatu direnean, finantza erakundeen aitzakiarekin, presioak eta xantaiak hartu dute lekukoa. Gobernu batek ameto ematen ez duenean, mehatxuekin eta beldurrarekin erantzuten du Europar Batasunak. Boteretsuen borondateak agintzen du. Erreferendumaren emaitza edozein delarik, Europar Batasunaren izaera ez demokratikoa eta autoritarioa behintzat agerian utzi du Tsiprasen deialdiak.
Greziako Gobernuak bere Estatuaren existentzia kolokan ikusi du. Europar Batasunak bost hilabete pasa ditu Greziari adarra jotzen, itolarrian den herriari bere agintea inposatzeko. Horren aurrean, Estatuaren etorkizuna bermatzeko, Greziako Gobernuak deliberatu du bide indartsu eta eraginkorrena herritarrei galdetzea dela. Edozein estaturen existentzia herriaren borondatean oinarritzen da. Burujabe izatea da gakoa, eta, horretarako, herritarrei dei egin behar zaie. Boteretsuei horrelako ariketak ez zaizkie gustatzen, beraien boterea baldintzatzen dutelako. Norbaitek esan duen moduan: «Hautestontziak arriskutsuak dira». Boteretsuek, komunikabide eta ordezkari politikoen ahotik nola pentsatu eta bizi behar den esatearekin nahikoa dute. Ez da ezer galdetu behar.
Europako ordezkari politikoak ere agerian gelditzen ari dira Greziako Gobernuaren erabakiaren aurrean. Europako klase politikoak ez du maila eman. Egun batean, mehatxu larriak botatzen dituzte; hurrengoan, Greziako Gobernuak amore eman duela irudikatzen saiatzen dira. Gauza bat bakarrik egiten dute ondo: aginduak eman. Aginduok onartzen ez direnean, galduta daude. Okerragoa da europar liderren artean ez dela epe erdiko inolako plan edo perspektibarik antzematen. Europako eraikuntzak ez du ikuspegi politikorik atzean. Putinek askotan esan du Europar Batasunaren arazo nagusia politikoa dela, eta, puntu horretan, arrazoia eman beharko zaio. Europako liderrek dena ekonomiarengan fidatu dute, eta, agerian gelditzen ari den moduan, hori akats larria da. Gelditzen den galdera honakoa da: Europako buruzagiek krisi honetatik irakaspenen bat aterako ote dute? •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
