Ander Izagirre – @anderiza
Kazetaria

Soldadu alemaniarren hilerrian

Hamar eguneko bonbardaketen ostean, naziek Futa mendateko gotorlekuak utzi eta ihes egin zuten. Futan, Florentziako probintzian, kanposantu handi bat dago orain, gerran hildako 30.863 ala 31.256 ala 32.000 hildako alemaniarren gorpuzkiekin. Zifrak, noizean behin, gora egiten du oraindik. 1960ko hamarkadan Italiako eta Alemaniako gobernuek akordio bat sinatu zuten, hamar probintzia italiarreko hilerrietan barreiatuta zeuden gorpuzki alemaniarrak bildu eta gerra-hilerri honetara ekartzeko.

Hilerriaren sarreran, erakusketa txiki batean, 2007ko notizia bat dago horman. «Hilerriko zaindariak bazekien zer azalduko zen, norbaitek kanposantuaren atarian utzitako plastikozko poltsa hartan: soldadu alemaniar baten hezurrak». Noizean behin gertatzen da, azaltzen zuen Michele Caldari hilerriko zuzendariak. Inguruotan gerra erlikiak bilatzen aritzen dira bildumazaleak metal-detektagailuekin, obusak, balak, fusilak aurkitzen dituzte lurpean; eta, noizean behin, txaketa baten botoiak: orduan eskeleto bat ere azaldu ohi da. «Pozten naiz hezurrak hilerrira ekarri izanaz», zioen Caldarik, «baina aurkitu duenari eskatuko nioke dei bat ere egitea. Ez du ezeren kezkarik izan behar. Eta guk detaileak behar ditugu, gorpuzkiak zehatzago bilatzen jarraitu ahal izateko».

Erakusketan liburukote beltz batzuk ere badaude, hildako guztien izenekin, baita soldadu nazien argazkiak eta kartak ere. Eta araudi oso zorrotza, italieraz eta alemanez idatzita. Hilerriak minaren eta memoriaren lekuak direla dio, ekitaldi politikoak ez datozela bat leku honen duintasunarekin. Debekatuta dago, baita ere, kandelak piztea sute arriskuarengatik, kirola edo jolasak egitea, animaliekin sartzea, bizikletaz sartzea. Bukaeran ohar deigarri bat dago: bisitariak bere gain hartzen ditu kanposantura sartzearen arriskuak.

Hilerriak mendixka baten goiko hamabi hektareak hartzen ditu eta gotorleku inka baten itxura dauka: soropilezko bost terrazatan banatuta dago, hareharri grisezko horma batek espiralean biltzen ditu maila guztiak, eta gailurrean horma zerura altxatzen da, marrazo-hegal beltz handi bat bezala. Dena da ilun, soil, minimo, lau masta erraldoietan dantzan dauden lau bandera koloretsuak izan ezik: italiarra, alemaniarra, europarra eta beste bandera urdin bat bost gurutze zurirekin, Volksbund-ena, Europa osoan gerra-hilerri alemaniarrak zaintzen dituen erakundearena –eta badauka lana, bai–. Banderek ez dakite hemen ere isilik egoten.

Hemen goitik heriotzaren ikuspegi geometriko eta masiboa dago: bost terrazatan granitozko hamasei mila hilarri daude. Eta hilarri bakoitzean bi soldadu alemaniarren izenak. Hilerriaren araudian paragrafo batek atentzioa eman dit: «Gerran hildakoen destino komuna errespetatzeko, hilarriak uniformeak dira. Debekatuta dago ezer landatzea, bestelako inskripziorik egitea, gurutzeak edo sinboloak gehitzea. Apaingarriak ere debekatuta daude, baina lore sortak utz daitezke».

Hilarriak uniformeak dira, dio. Baina ez da egia. Hildakoen izen-abizenak jarri zituzten, jaiotze –eta heriotza– data… eta gradu militarra. Hildako bat unteroffizier da, beste bat grenadier, beste bat oberleutnant. Batzorderen batek erabaki zuen ezaugarri hori dela pertsona hauek definitzen dituena. Hildako hauek horixe direla eta ez besterik: unteroffizier bat, grenadier bat, oberleutnant bat.

Hilarri baten ondoan loreontzi bat aurkitu dut, krisantemo hori, freskoekin: baimenduta dago. Beste batean, plastikozko tutu bat, barruan papertxo bat daukana mezu batekin. Ez dakit tutua eta mezua baimenduta dauden, araudiak ez du zehazten, batzorderen batek bilera egin beharko luke. Eta Winfried Kipp-en hilarrian eskaiolazko irudi txiki bat aurkitu dut, zuria, pintatzeko diren horietakoa baina pintatu gabe dagoena, hamar bat zentimetrokoa: lurrean eserita dagoen neskatxa baten irudia da, begiak itxita, irribarre gozo batez lo hartzeko unean. Apaingarri bat da: ez luke hemen egon behar.

Zerbaitek ez luke hemen egon behar: eskaiolazko iruditxoa, Winfried Kipp gefreiter-a, 18 urterekin hil zena. •

www.anderiza.com