Eraldaketa txikiak
Aitatasunak –amatasunaren antzera– asko dauka ematetik, baina baita jasotzetik ere. Asko eman behar izaten da, norberarengan bakarrik pentsatzeari utzi eta beste batzuengan ere arreta eta ardura jartzera behartzen zaitu. Gainera, emaitzak ez dira berehala ikusten, askotan badirudi ez daudela, baina gutxien espero duzunean agerian gelditzen dira eta itzelak dira. Horren harira, gogoan dut lehenengoz aita izan behar zen lagun bati «umeek lana ematen dute, baina konpentsatzen du» esan niola; eta alboan nuen beste lagun batek, inoiz umerik ekarri nahi ez duenak, erantzun zidan “konpentsatzea” esamoldeak asko daukala alde negatiboa ezabatu nahi baina ezin izateaz.
Gure seme-alaben etorkizunak kezkatzen gaituen seinale, aste honetan bertan eraldaketa soziala, autoeraketa eta jasangarritasuna ipar nagusi zituen batzar batean izan naiz. Han entzun diot pertsona bati esaten azken hogei urteotan, iraganean ez bezala, Debagoienak ez duela aipatutako helburuen inguruko pauso sendorik eman, eta aspaldi honetan beste eskualde batzuek aurre hartu diotela.
Ez dut han entzundakoa gezurra denik esango, baina ipar horiek osagai nagusitzat hartuta bailara honetako hezkuntza, industria eta euskalgintzako eragile nagusienetako batzuk mahai baten bueltan bertako herritarrok asebetetzeko moduko menua prestatzeko adostasunean eta lan egin nahian batzea ez dut bailara askotan ikusi. Hori ere bada zerbaiten seinale; alegia, hori ez da zerotik sortzen, bada geneetan barneratutako jarrera bat.
Hala ere, ez dut nik ukatuko paradoxikoki hamarkadatan kooperatibek eta beste enpresa batzuek eman diguten aberastasun eta ongizate mailak ardura nagusi horiek kenduta beste alor batzuk sakontzeko aukera eman badigute ere, izugarri erlaxatu garela eta uste daitekeen kontrara bestelako helburuak albo batera utzi ditugula.
Baina izan gaitezen apur bat chauvinistak eta eman diezaiegun balioa egiten ditugun lorpenei, horiek antzeman gabe nekez egingo diogulako itxaropenari aurre. Bere txikitasunean handia da, esaterako, orain dela bi aste Arrasaten lagun talde baten ekimenez gauzatutako jaialdi erraldoia. Lagun talde bat Jul Bolinaga herrikide zenari omenaldia egin nahian hasi zen orain dela hilabete batzuk, beste lagun talde bat asmoarekin “kutsatu” zuen eta Udala ere laguntzeko prest agertu zen. Egia da Jul oso ezaguna zela herrian eta jende askok maite zuela, eta egia da ere berak sortutako RIP taldeak arrasto itzela utzi duela belaunaldi desberdinetan. Baina horri lana gogoz eta ondo egitea gehituta, eta ekimena parte hartzaile, garden eta ireki bilakatuta, lortutako emaitza itzela izan zen. Jende ugari ilusioz eta irmo lanean, beste askoren ispilu; eta, hala, 80ko hamarkadatik gaur egunera arte Euskal Herriko musika eszenan punk, rock eta antzeko doinuetan zeresana eman zuten eta duten dozenaka eta dozenaka musikarik hartu zuten parte ekimenean, aspaldian beste inon ikusi ez den bezala. Horiek guztiak pertsona batek –Jul Bolinaga–, musika talde baten ondareak –RIP– eta lan egiteko modu batek –elkarlana eta autoeraketa– erakarrita. Kartela zein izango zen iragarri gabe, jendetza izugarria bildu zen Monterron parkean, eta modu batean zein bestean parte hartu zuen jende guztia asebeteta gelditu zen emaitzarekin. Rock eszenan oraindik zeresan handia duen musikari batek esan zigun han bizi izandakoa errepikaezina izan zela; eta kanpotik etorritako lagun batek halakorik Arrasaten bakarrik dela posible. Bada, sinetsi dezagun pixka bat eta kontura gaitezen gauza txikietan dagoela aurrera egitea.
Adibide esanguratsua da, baita ere –hau ere musikarekin lotuta– Arrasaten bertan lagun talde batek bost edizio luzeetan inongo baliabiderik gabe Kooltur Ostegunak izenpean astero-astero kultura programazio mardula eskaini ahal izatea.
Emaitzak eta lorpenak, hau da, eraldaketa, gauza txikietan ikusten delako; poliki-poliki eta mimoz baina gelditu gabe lan eginda. •

