Greziar egoerari buruzko bost gogoeta labur
Erreferenduma deituz greziar agintariek egin zuten mugimenduak europar egiturak aztoratu ditu, idatzi gabeko arauak irauli dituelako. Ezetzaren garaipenak soka luzea izango du, batez ere europar ezkerrak hemendik aurrera asmatzen badu. Horretarako, estrategia eta lidergoaz gain, joera sozial eta ideologiko orokorrak aurreikusi beharko ditu. Izan ere, Greziaren kasuaz, geopolitikaz harago, politikaz ikas daiteke. Hemen idazten dudan zerrenda ez da inondik inora behin betikoa, noski.
Demokraziaren balioa, kultura gisa
Gaur egun, demokrazia iraultzailea izan daiteke. Izan ere, orokorrean oso formalizatua eta instituzionalizatua dagoenez, bere jatorrizko balioetatik batzuk galdu egin ditu, edo, gutxienez, balio horiek oso apalduta azaltzen dira eguneroko bizitza politikoan. Zentzu horretan, krisiak eragin duen pobreziaz gain, bizitza politikoa asko txirotu da gure testuinguruan. Egituren kontrolerako joerak eta beldurraren erabilera maltzurrak demokrazia ahuldu dute. Libreki bozkatzeko eskubideak politika aberasten du, komunitate baten maila orokorra igotzen du. Horrela gertatu da bai Eskozian bai Grezian. Ezkerrak demokrazia maila kulturalean garatu behar du, bere kultura politikoan txertatu behar du. Horrela soilik izan baitaiteke iraultzailea. Pertsonalki, monismoa (arazo guztiek irtenbide on bat eta bakarra duten sinismena) baztertu eta pluralismoa landu behar dela uste dut, ez zentzu moralista txatxu batean, baizik eta sakonki.
Ekonomiaren eta politikaren arteko harremana
Ekonomia gizartearen egituraketaren oinarrizko arloa da, eta, ondorioz, baita gizarte aldaketarena ere. Marxek baieztatu zuen hori, eta kapitalistenak ere bat datoz. Nolanahi ere, gaur egungo fase historikoan, politikan eta ekonomian ematen diren botere desorekak eta polarizazioa itzelak dira. Handitzen ari dira, eta, nire ustez, ezkerrak aukera gehiago ditu politikaren alorrean. Grezian bai, behintzat. Horrek guztiak ekonomian eman daitezken urratsak birplanteatzen (sikiera epeetan) eta politika aldaketarako palanka nagusi gisa ulertzen lagundu behar digu. Yanis Varoufakis-en dimisioaren ostean, bideo hau berrikustea komeni da: https://goo.gl/CS9xZG. Guztian ados egon gabe ere, jakina.
Errealitate-printzipioa ardatz
Aurrekoarekin lotuta, idealismoa eta infantilismo ideologikoa behin betiko baztertu behar dira. Grezian, adibidez, KKE Greziako Alderdi Komunistaren eta Syrizaren jokabide kontrajarriak gogoan hartu behar dira. Praktika politikoan errealitate-printzipioa nagusitu behar da. Horrekin batera, hobets ditzagun gramatika, espazio eta denbora markoa eta matematikak, horregatik ideien historia baztertu gabe. Mundua konplexua da eta sinplekeria iraultzaren etsaia da.
«Gizaki berria» eta bizimodu ona
XX. mendeko proiektu iraultzaileak «gizaki berriaren» ikuspuntu antropologikoarekin oso lotuta zeuden. Tamalez, iruditeria horren karikatura egin dugu maiz. Herritarrek ez dute horren antzik, eta izan behar dutenik ere zalantzan jar daiteke. Militante askok ere ez diote eredu horri jarraitzen. Alor honetan, sarriegi ezkerrak politika baztertzen du moralaren mesedetan. Edo biak nahasten ditu. Bizimodu onaren bilaketa modu dogmatiko eta autoritarioan garatzen da maiz.
Erantzun zabalagoak eta globalagoak
Greziarrek europar testuinguruan kokatu dute beren borroka. Taktikoki inteligentea da eta estrategikoki derrigorrezkoa. Jakina, alternatibak nazio eta komunitateetatik sortuko dira, baina marko zabalagoak eta globalagoak behar dituzte. Besteak beste, Europak zentro izateari uzteko arriskua duelako. Gainera, geopolitika ezin da kontraesanen disoluziorako tresna dialektiko hutsa izan. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
