Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hango eta hemengo oporrak

Noiz dugu egun hori, gu lanean hasi eta zuek oporrak hartu behar dituzuen hori?», galdetu zidan ekaina hasieran ikasle baten aitonak. Ezustean harrapatu ninduen galderak, eta segundoak behar izan nituen irribarre batekin begira nuen aitona esaten ari zitzaidana “harrapatzeko”.

«Ekainaren 22an», erantzun nion, irribarrea itzuliz. Aitona hezitzaile izandakoa da, eta erretiratua dago gaur egun. Segidan akordatu nintzen nola kontatu zidan behin erretiratu zenean galdu zituela berak oporrak. Orain, lankide ginenok oporrak hartzen ditugunean hasten omen da bere lana: bilobak zaindu beharra, hain justu.

Uda sasoi betean ausartuko ote naiz oporrei buruz hitz egiten? Nork harrapa litzake! Hala ere, zor da esatea hezkuntza mundua, irakasleez gain, hezitzaile askok osatzen dugula. Haiekin batera, sukaldeko, autobuseko eta zaintzako langileek, eskolaz kanpoko begiraleek, garbitzaileek, zuzendaritzako kideek, idazkaritzakoek eta abarrek, bakoitzak bere esparruan, heziketa lan horretan jartzen dute bere aletxoa. Eta ez dugu ahaztu nahi langile horientzat guztientzat lan baldintzak ez direla berdinak, ezta hurrik eman ere! Opor kontuak, hortaz, ez dira berberak izaten hezitzaile guztientzat. Horregatik, irakasleak eta hezkuntzako beste zenbait langile oporretan gauden arren, heziguneetan beste hezitzaile batzuek lanean jarraitzen dute, artean.

Euskal Herriko ikasle guztiak oporretan dira jada. Zer-nolako opor desberdinak izango dituen, baina, ikasle euskaldun batek zein herrialdetan ikasten duen arabera! Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan ikasten badu ikasle horrek ikasturte bakoitzean bost oporraldi izango ditu: Omiasainduko (Santu Guztietako), Eguberriko, Neguko, Udaberriko eta Udako oporrak.

Ikaslekua, berriz, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroa Garaiko heziguneren bat baldin bada, ikasle horrek hiru oporraldi izango ditu ikasturteko: Eguberriko, Aste Santuko eta Udako oporrak. Gainera, ikasturtea hasi eta amaitu ere egun desberdinetan egingo dute. Lehendabiziko hiru herrialdeetako ikasleentzat irailaren 1ean hasten dira eskolak eta uztailaren lehen astean amaitzen dira. Beste lau herrialdeetakoentzat, aldiz, amaitu San Joan bezpera bueltan amaitzen dira, eta, hasi, irailaren bigarren astean.

Bateko eta besteko eskola-egutegiak alderatuz gero, ikus daiteke ikasturteko eskola egun kopurua bertsua dela lurraldeko hezigune guztietan. Eskola-egunak eta opor-egunak banatzeko eta antolatzeko planteamenduan bereizten dira, batik bat.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroako eskola-egutegi bat aztertuz gero, lehen begi kolpean ikus daiteke oporrak hiruhilekoen amaieran pilatuta daudela. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako heziguneetan, ordea, gutxi gorabehera zazpi astero bi asteko opor egunak izaten dituzte. Zenbat buru hainbat aburu, oporren kasuan ere sistema baten nahiz bestearen aldekoak eta aurkakoak baitira bazterretan! Eta oporren antolaketan ere hain desberdin gure heziguneak!

Lantzean behin berpizten da oporren gaineko eztabaida, ikasleenak eta haien arrimuan baita irakasleenak ere. Familia asko dira ikasleen udako oporraldiak luzeegiak direla diotenak, seme-alaben oporrak lan-egutegiarekin ezkondu ezinik, askotan.

Ekainaren 22an agurtu genituen ikasleak ditut buruan. Gehienek udako koaderno estreinatu gabeak zeramatzaten besapean, edo ikasturtean zehar ikasitakoak ez ahazteko ariketa sortak. Agendan, berriz, udaleku, barnetegi, ikastaro eta abar askotarikoen hasiera data ongi markatuta. Haiek ere izango dute zer esan, nire ikasle txikiaren aitonaren gisan.

Oporrak opor, hezkuntzakoa edo ez hezkuntzakoa, goza dezazuela egun luze hauetaz! •