Nerea GOTI

INGELESEZ HITZ EGITEKO SAIOAK, IRAKASLEAREKIN ETA KAFEA ALBOAN

Zaila da akademien ordutegietara egokitzea eta sarri gramatika eskolak astunak izan ohi dira. Hori dela eta, EnglishCafé egitasmoa ipini dute martxan Bizkaiko taberna batzuetan. Bi orduko saioak dira, eta, prezio berean, irakaslearen azalpenak eta edaria jasotzen dituzte ikasleek.

Kafea goxo hartzeko moduko goiz freskoa egiten du eta Kikarea Coffe and Bakery tabernak ezin egokiagoa dirudi zerbait beroa edateko, Bilboko Indautxu auzoan. Kafe usaina lagun, egunkariak lasai irakurtzeko moduko tokia da, zaratarik gabea, etxean egindako bizkotxo ederrak gordetzen dituzten kristalezko estalkien aurrean. Mahaietara begiratu eta ezin asmatu gabiltza bezeroen artean bilatzen ditugun EnglishCafé programako parte hartzaileak zeintzuk diren. Ez dago inor koadernoa eskuan. Solasean ari diren bizpahiru taldetxoen artean ere ez dirudi bat bera ere espresuki ingelesa praktikatzeko geratu denik. Beraz, tabernariarengana jo dugu. Hark esan digu ez dakiela seguru egun horretan geratuta dauden, ordutegi ezberdinak baitaude goizez eta arratsaldez, eskolon hartzaileen neurrira.

Indautxuko hau bezalako Bilbo, Barakaldo eta Getxoko beste 11 tabernatan ere, guztiak ere «xarma» dutenak, daude ingelesez mintzatzeko taldeak. Ekimena EnglishCafé deitzen da, eta 8,5 euroren truke klasea eta edaria hartzeko eskubidea du ikasleak. Gramatikan sakontzen duten eskola «tipiko eta aspergarriekin bukatu» nahi du ekimenak. «Ingelesa ikasteko era ezberdina da, eraginkorra eta ordutegiaren aldetik ere oso erosoa jende askorentzat», antolatzaileen esanetan.

Indautxuko Kikarea Cofee and Bakery tabernan aukeratu dugun saiora heltzen lehenak Pilar eta Miren dira. Adinez taldeko beteranoenak dira, eta ikasle eta hiztun apartak. Ez dute arazorik kazetari eta guzti saio bat egiteko. Mahaian jesartzeko esan digute, gainontzeko partaideak berehala helduko direla. Terese agertu da segituan, eta heltzen hurrengoa Gabriella irakaslea izan da. Berantiarrena, Dani galdakoztarra, taldeko gazteena. Urrunen bizi dena ere bada, gainontzekoak Bilbo bertakoak baitira.

Zertarako biltzen dira Indautxuko kafetegi batean adin, zaletasun eta jatorri ezberdinetako bost lagun? Euskara ikasten ari direnen artean arrakasta handia lortu duen berbalagun edota mintzalagunaren antzeko egitasmoa da EnglishCafé, baina berezitasunak dituena. Ingeles hutsez egiten diren saioak, eta hizkuntza praktikatzeko dira, hitz egiteko. Baina, berbalagunekin gertatzen denaren kontra, ordaindu beharreko saio hauetan irakaslea dago. Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, gainera, irakasle guztiak natiboak dira.

Gakoa hitz egitea denez, hasierako agurretatik bertatik ingelesa da komunikatzeko erabiltzen den hizkuntza. Bi orduko saioa da eta irakasleak ez du helburua gogorarazi beharrik. Arazoa ez da ulermena, zailena ingelesez erantzutea da, hitz egiteko orduan sortzen baitira arazoak, buruak hitza aurkitzen ez duenean edo, behin aurkituta, ahoskatzean asmatzen ez denean.

Asteburuaz hizketan, baina ingelesez

Agurren ostean, irakasleak asteburuan zer egin duten galdetu die guztiei, giro intimoan. Aspaldiko lagunen arteko elkarrizketa baten aurrean gaudela dirudi. Baina, kasu honetan, guztiek ere adin, bizimodu, zaletasun eta gustu ezberdinak dituzte eta horrek are aberasgarriago egiten du hizketaldia. Tereseri alaba zelan dagoen galdetu dio Gabriellak. Gaixorik egon da, birus batek jota, eta begietako mina izan du. Azalpenen erdian, zalantza du ikasleak, ez du hitz bat ondo ahoskatu, eta, ondorioz, ez diote ondo ulertu. Gabriellak esku hartu du. Erditik tolestutako orri zuri bat eta boligrafoa dira irakaslearen tresna bakarrak. Etengabe idazten ditu hitzak eta erakusten dizkie taldekideei. Antzera ahoskatzen diren hitzak jartzen ditu paperean eta astiro-astiro ahoskatzen ditu ikasleek ezberdintasuna ikus dezaten. Beste batzuetan, hitz baten ondoan sinonimoa eta antonimoa ere jartzen ditu, hiztegia lantzeko. Adibide eta egoerak aipatzen ditu, testuinguru eta esanahi ezberdinak uler ditzaten ikasleek, baita hitzek dituzten ñabardurak jaso ditzaten ere. Bizia eta adierazkorra da irakaslea eta keinuekin laguntzen ditu azalpenok. Berehala egiten ditu ulergarri hitz eta esamoldeak; gainera, azalpen arinak, jarraitzeko modukoak ematen ditu, sarri antzezpenekin lagunduta.

Tarteka ikasleren batek irakaslea gelditzen du zehaztapenen bat planteatzeko, edo ekarpen bat egiteko. Ez da maila txikiko taldea eta ikasle onak dira guztiak. Horren erakusle, ingelesarekiko duten interesa ez dela saioetara mugatzen, etxean ere lan egiten dutela, onartzen dute. Miren bilbotarrak adibidez urteak daramatza ingelesa ikasten. «Saioak hitz egiten askatzeko behar nuen bultzada izan dira», azaldu dio GAUR8ri. Alaba Ingalaterran du, eta, ingelesa ikasteko beharra betidanik izan badu ere, orain zentzu berezi bat du berarentzat ahaleginak, behar handiagoa sentitzen du. Azken urteetan, hizkuntza klaseak hartu eta utzi egin ditu. Esperientzia hau askoz eramangarriagoa egiten zaio. «Hitz egiten dugu, ez daukagu libururik, eta irakasleak erraztasun handiak ematen dizkigu, pazientzia handia du», onartu du. Maila ona badu ere, Miren ez da fidatzen. Dioenez, ikasitakoak Ingalaterran izango du suzko froga. Alabari ez dio klaseez ezer esan. Desiratzen dago berarekin ingelesez hitz egiteko, egiaztatzeko aurrerapenik izan duen; hori izango da emaitzak neurtzeko momentua.

Oso ikasle fina ere bada Miren. Bere ikasketak ez dira saio hauetara mugatzen: liburuak ingelesez irakurtzen ditu eta hitzen zerrenda batekin azaldu da kafetegira. Banan-banan esanahiaren, ahoskeraren... inguruko galderak egin dizkio Gabriellari, eta txukun apuntatu ditu jasotako azalpenak koaderno batean.

Mundutik bidaiatu ondoren

Ondoan Pilar dauka. Bera ere Bilbokoa da. Azaltzen duenez, urte asko eman ditu idazkari gisa lanean, eta sarritan erabili behar izan du ingelesa bere lanbidean. Horrez gain, bere senarraren lanbideagatik munduan barna asko bidaiatu behar izan dutela kontatzen du, eta horrek ere «hitz egiten askatzera» bultzatu zuela azaltzen du. «Bidaiak egiten genituenean, senarra lanera joaten zen eta ni bakarrik geratzen nintzen; beraz, ingelesez hitz egin behar nuen derrigorrez». Hala ere, orain ez du horrenbeste erabiltzen eta oso ahaztuta daukala dio.

Klasea jarraitzen duen moduan ikusita, aldiz, bistakoa da ingelesa ez dela hizkuntza arrotza berarentzat. Hiztegia eta esamoldeak ezagutzen ditu eta erraz komunikatzen da. Azaltzen duenez, ahoskerak ere ezberdintzen ditu eta hori oso aberasgarria da. «Ahoskerak oso desberdinak dira. Gabriellarena, adibidez, amerikarra da», komentatu du.

Ilobekin hitz egiten du ingelesez, eta, dioenez, eurek dira aurrerapenak nabaritzen dituzten lehenengoak. Bere ustez, aukeratutako taberna egokia da. Gainera, taldean mota askotako jendea dago eta hori ere positiboa iruditzen zaio. «Esperientzia ona da «harreman berriak egiteko», dioenez.

Terese plazentziarra da baina Bilbon bizi da orain dela hemezortzi urte. Azaltzen duenez, saioetan parte hartzeko erabakia hartu zuen «oso beharrezkoa, ezinbestekoa» delako ingelesaren ezagutza. Horrez gain, «betidanik» gustuko duela ere onartzen du. Esperientzia honetan sartu aurretik Hizkuntza Eskolan ere ibili izan da, baina «hau askoz entretenigarriagoa da, gai askoz hitz egiten dugu eta horrela hitz asko ikasten dituzu», kontatzen du.

«Mintzalagunaren antzeko ekimena da, baina pedagogikoagoa; testuinguru ezberdinetan komunikatzeko beharra duzu eta gai pilo bat sortzen dira, oso aberasgarria da», dio Teresek. Bere ustez, oso ondo pentsatuta dago taldeen neurria (lauzpabost lagun), eta, onartzen duenez, klaseetara joateko «desiratzen» egoten da.

Dani galdakoztarrak bi hilabete daramatza EnglishCafé ekimenean parte hartzen, eta astean behin parte hartzen du saioetan. «Istripu bat izan nuen, eta, erabat sendatu bitartean denbora luzea izango nuenez, denbora tarte hau ingelesa ikasteko aprobetxa nezakeela pentsatu nuen. Metodo hau ezagutu eta oso interesgarria iruditu zitzaidan», azaldu dio GAUR8ri. Saioek ez dute zerikusirik txikitatik ezagutu dituen akademietako ingeles eskolekin. «Erabat ezberdina da, askoz eramangarriagoa. Mintzapraktikan zentratzen gara, eta, hala, denbora oso azkar pasatzen zaigu».

Edozein gai da ona giro onean praktikatzeko

Bilborekin liluratutako amerikarra da Gabriella. Euskal Herrira etorri aurretik Nikaraguan bizi zen; bertan bilbotar bat ezagutu eta hona etorri zen duela hiru urte eta erdi. Sorginduta dago pintxoekin eta txakolinarekin, baina gustukoak ditu esku pilota eta barbakoak ere, irribarre batekin onartzen duenez.

Elkarrizketetan oinarritutako irakaskuntza da Gabriellaren «espezialitatea». Komentatzen duenez, bereziki gustatzen zaio eskolak emateko modu hau, zerikusirik ez duelako eredu tradizionalarekin. Dioenez, pertsona eta irakasle gisa berarentzat askoz interesgarriagoa da ikasleekin hitz egitea, egunero egiten dutenaz aritu eta euren bizitzak ezagutzea.

Gaurkoan bidaide izan dugun taldean askotan hitz egiten dute musikaz, bi musikari daudelako taldean eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko lagunak ere badaudelako tartean. Osagai guztiak, hortaz, kafe baten inguruan musikaz hitz egiteko. Baina beste edozein gai ere aproposa da hitz egiteko, giro onean ingelesa praktikatzeko, gauzak kontatzeko nahia eta beharra, biak, uztartuta. Gainera, azaldu digutenez, gai baten inguruan gauza asko esateko ez dagoenean, entzuteko prest ere egon behar da, besteen zalantza, akats eta esamoldeekin ere ikasten baita.

«Xarmadun lekuak»

EnglishCafé egitasmoaren arrakasta taldeen neurrian eta erabilitako lokaletan ere badagoela azaldu digute partaideek. Ildo horretan, antolatzaileek nabarmentzen dute bost ikasleko taldeak osatzeak «giro erlaxatuagoa» eragiten duela saioetan. Giroari dagokionez, gainera, zerikusi handia du saioa hartzen duen lekuak ere. Saiatzen dira toki erakargarriak, lasaiak, argiztapen onekoak bilatzen, eskolak ahalik eta testuinguru egokienean emateko. Bi orduko saioak dira, eta partaideak aukeratzen du zein den hobekien datorkion ordutegi eta tokia, betiere hizkuntza maila zehatz baten arabera. Izan ere, taldeak osatzeko, maila bereko ikasleak biltzen saiatzen dira, beti erraza ez bada ere. Diotenez, ezberdina da gramatika maila ona izatea eta komunikatzeko erraztasuna izatea, biak ez datoz beti bat.

Amaitzeko, ohar bat: Mirenek faltan botatzen du euskaraz hitz egiten ikasteko honelako sistema bat, ordutegiaren aldetik eskaintzen duen malgutasuna kontuan hartuta. Norbait animatzen bada...