Iñaki Altuna

Ortzaizeko herriak badaki zer dagoen jokoan

Ortzaizen izandako atxiloketek gauza asko erakutsi dituzte. Irudi eta hitz adierazgarriak ekarri dituzte. Hori bai, inork ez du zalantza izpirik ere polizia indarren operazioak armak eta leherkariak zerrendatzeko eta armategiak zigilatzeko ETAk abiatutako prozesuarekin –prozesua oztopatzearekin, hobeto esanda– zerikusia duela. Zenbait ondorio atera daitezke.

Espainiako legealdia amaitzear dago. Mariano Rajoy agintaldiaren amaieran da. Hilabete gutxi geratzen dira, eta, etorkizuna ahal bezainbeste baldintzatzeko asmoz, PPk bide polizial hutsa indartu nahi izan du, gatazkaren ondorioen kudeaketa egokia galarazi asmoz. Duenarekin eta ez duenarekin saiatuko da. Nazioarteko eta Euskal Herriko eragileen laguntza lortuz ETAk aldebakartasunetik egin dezakeena ere trabatu nahi du, urrats horiek Euskal Herrian abiaraz daitezkeen herri prozesuen mesedetan jar daitezkeela uste baitu. Egoera nahasia, zalantzaz betekoa nahi du, jakin badakielako gatazkaren ondorioen atalean aurrerapausoak eta aterabide txukunak ugarituko balira, eremu politiko huts-hutsean jarriko zatekeela arreta osoa, eta hor Guardia Zibilaren eta estatuen arteko elkarlan errepresiboa ez dira nahikoa arrazoibide, ez behintzat euskal herritarrentzat.

Hauteskunde aurreko esprint horretan, Madril Parisen babes osoa jasotzen ari da. Lerrokatze garbia egin du Frantziako Gobernuak, aldatuko ez dena Espainiako hauteskundeak hain hurbil egonda. Hollanderen inguruan jarrera ezberdinak daudela entzun ohi da, baina, kontuak kontu, PPri oldarraldian laguntzeko erabakia da nagusi, nahiz eta Ipar Euskal Herrian indar eta eragile guztiek Frantziako Gobernuari beste politika bat eskatu. Parisko Konferentzia egin izana horren adierazle da. Are gehiago, gaia Parisera eramateak urduritasuna eragin duela esan daiteke, ekimen arrakastatsu horrek arnas luzea izan baitezake konponbidearen aldeko indarrak erronkari eta erasoaldiari erantzuteko gai badira.

Ortzaizeko herritarrek erakutsi dute konponbidearen aldeko jarrera garbien balio politikoa. Ez dute eskema zaila erabili. Ulergarria da oso: bakea erasotzen ari dira eta bakeari lagundu nahi dioten gure bizilagunak atxilotzen ari dira. Tamainako erantzuna merezi du, eta zinez eman dute. Armagabetzea modu egokian gauzatu ahal izateko prozesua jasaten ari den erasoaren larritasunaz jabetu dira. Antza, hainbat arduradun politiko eta instituzional baino dezente gehiago.

ETAri lagundu diola aitortu du Graxi Etxebeherek (armagabetu nahi duen talde bati, atxilotuaren beraren hitzetan), eta, horrela, nolabait, zeharka bada ere, erakunde horren bozeramaile bihurtu da. Sinbolikoki. Zuzen-zuzenean entzun ditu ETAko kideen asmo, gogo eta nahiak. Euskal Herrian aspaldikoa da ETAk uste duenaz espekulatzeko ohitura. Agirietan dioena da bere hitz ofiziala, baina hedabide gehienek eta zenbait bozeramailek beti ezkutuko asmoak eta bestelakoak leporatu izan dizkiote. Ezker abertzalean ere ohitura izan da galdera hau egitea: «Zer diote hauek?». Horixe, bada, dio ETAk, Graxi Etxebeherek botatakoa.

Iruñean, San Fermin jaietan, ikusitakoarekin oso pozik eta etorkizunari itxaropenarekin begiratuz, irribarretsu eta deblauki, Etxebeherek argi bezain garbi azaldu du –atxilo eraman baino minutu batzuk lehenago hedabideen aurrean botatako hitzetan– ETA azken urratsak emateko prest dagoela eta horretan lagundu behar dela, engaiamendua behar dela, konponbideari lagundu behar zaiola. Esan daiteke, horrenbestez, ETAk borondaterik ez duela edo ez duela aurrera egiteko asmorik dioen edonor fede txarrez ari dela. Ezjakintasuna, dagoeneko, ez da aitzakia. Lakuako Gobernuak eta EAJk bezala erakunde armatuari immobilismoa leporatzen diotenak errealitatea manipulatzen ari dira, amaiera egoki eta ordenatu baten kalterako izan daitekeela asko axola gabe. Graxi Etxebehereri entzun besterik ez dago. Berak badaki zein den haien gogoa. Etxean zituen. •