Sua
Sua erregai baten oxidazio prozesu azkarra omen da. Beroa, sugarra eta gasak sortzen dituela ikasi genuen kimikako klaseetan. Beroa ematen du, baita argia ere. Gerora ikasi dut, ordea, sua bizitza bezalakoa dela: pizten den momentutik modu desberdinetan irauten du. Azkar agor daiteke eta luze iraun dezake zainduz gero. Batzuetan pizten saiatzeko ahaleginak eta bi eginda ere ez da pizten. Nahi adina haize emanda ere ez da indartzen. Beste batzuetan txinparta txiki batetik egunetako beroa emango dizu. Itzali, beti itzaltzen den arren.
Azkenaldian suarekin badut sentipen berezi bat. Nire barruko sorgina pizten du nonbait. Liluraturik geratzen naiz bere argiari begira; sorgindu egiten nau. Sutondoan egiten diren tertuliak maite ditut, kandelak piztuta kontatzen diren istorioak, ematen eta jasotzen diren muxuak, sortzen diren itzalak, sugarrek hartzen dituzten forma deskribaezinak, edo, Maialen Lujanbiok abestu zuen bezala, “bi begiradek sortzen dutena”.
Baina suak ere badu ilunetik. Ez baitio esaerak alferrik “sua eta ura belaunetik behera”. Eta barruko suak ere hala behar du, belaunetik behera. Sutan jartzean ez baita jakiten txinpartak noraino irits daitezkeen eta zer albo kalte eragin dezaketen. Ezta errautsen azpian geratu diren txinpartak noiz indartuko diren ere. Guztia bere neurrian, sutan jartzean probatzen baita nolakoa den heltzea.
Lagun bati kandela batzuk oparituko dizkiot. Nire obsesio txikiaren zati bat oparituko diot. Suak sortzen didan lilura. Suak pizten didana. Kandelak denborarekin agortu egingo dira. Piztualdi bakoitzean argizaria urtu, lurrundu eta ez da ezer askorik geratuko. Baina sinesten dut kandela sorta bat badela opari berezi eta beroa. Laguntasuna, maitasuna, errespetua... hain dira goxoak eta magikoak ezen sua bezala zainduz gero luze iraun dezaketela. Norbere esku dago magia hori mantendu nahi izatea. Irauten duten su geldoak hain dira goxoak, zaintzea gustatzen zaidala. Eta nik berotasun hori maite dut. •

