Juantxo EGAÑA

1908ko Hondarribiak New Yorken dirau bizirik

Charles Chusseau-Flaviens argazkilari frantsesa fotokazetaritza independentearen aitzindaritzat hartu izan da. 1890 eta 1920 artean garatu zuen bere jarduna, eta lehenengotarikoa izan zen argazkilaritza agentzia bat sortzen. Bere argazkiak, bestelako ilustrazioekin batera, pasa den mende hasierako egunkari frantses, aleman eta belgikarretan aurki daitezke; irudiok, Amerika eta Europako herri eta hiri nagusiak dituzte protagonista. Egun, gehienak mundu osoko museo garrantzitsuenetan daude sakabanatuta, Londresko National Portrait Gallery edota Parisko Orsay eta Louvre bera kasu. Baina bereziki nabarmentzekoa da New Yorkeko George Eastman House museoak duen argazki sorta: Chusseau-Flaviens paristarraren 11.000 negatibo ditu. Bilduma hori Kodak Pathe etxeak eman zion museoari, 1974an. Negatibo horien artean aurki daitezke argazkilari frantsesak 1908an Euskal Herrian egindako ehunka argazki, Pasaia, Hondarribia eta Donostiakoak tartean. Era berean, Alfonso XIII.ak Gipuzkoako hiriburura egindako bisiten argazkiak edota Pio Baroja idazlearen erretratu bat ere aurki daitezke.