Maria Gonzalez Gorosarri
Kazetaria eta ikertzailea

Eraso sexisten larritasunaz

Sanferminetan, berriro, eraso sexista baten inguruko eztabaida piztu da. Emakumeoi eraso egiten diguten kulturan bizi gara, erasoaren beraren larritasuna zalantzan ipintzen dutelako. Mugimendu feministak jendarteratutako erasoetan ez du zehaztasunik eman gura izaten, “eraso sexista” salatzera mugatzen da.

* «Denuncian una agresión sexual a una joven de 19 años en sanfermines» (Gara, 2015/07/13).

* «Una joven de 19 años, víctima de una agresión sexual en sanfermines» (Eitb.com, 2015/07/13).

Sanferminetan emakume bat mutil talde batek bahitu eta haietariko batek emakumeari eraso egin izana salatzerakoan, erasoa “larria” izan dela nabarmendu du mugimendu feministak:

* «Denuncian una ‘grave’ agresión sexual a una joven de 19 años en los Sanfermines» (El Correo, 2015/07/13).

Hainbat hedabidek larritasuna sarketarekin parekatu du. Horregatik, sarketari erreferentzia egiten dion “bortxaketa” hitza tituluetara eraman dute… eta kontrakoa ere bai:

* «Una joven de 19 años denuncia que fue violada durante los Sanfermines» (El País, 2015/07/14).

* «Pamplona condena el intento de agresión sexista en Sanfermines» (Diario de Navarra, 2015/07/13).

Emakumeak ez du horren berririk eman. Mugimendu feministaren aldarria izan da. Hala ere, erasoa pairatu duen emakumearen inguruko datuek atentzioa berenganatu dute. Botoa eman dezakeen pertsona heldua “neska” izan daiteke?:

* «Iruñean 19 urteko emakume bati egindako sexu erasoa salatu dute» (Berria, 2015/07/14).

* «19 urteko neska bati sexu-erasoa egin diote sanferminetan» (Eitb.com, 2015/07/13).

Emakumeekiko kutsu paternalista hori iazko sanferminetan ere ezagutu genuen. Iaz beste eraso sexista bat egunkarietara zabaldu zen, zeharka izan bazen ere. Ez, ez zen zabaldu, erasoa pairatu zuen emakumearen mutil-laguna protagonista egin zuten hedabideek:

* «Una vejación que acabó en tragedia: Un joven de EEUU deja en coma a un vecino de Pamplona que intentó abusar de su novia» (El Correo, 2014/07/16).

Alde batetik, indarkeria erabili zuen estatubatuarrari egindako “iraina” bere neska-lagunari eraso egitea izan zen, hau da, lege-hauste bat. Hedabideek, baina, ez zioten “larri” iritzi; «intentó abusar de su novia», zehaztu zuten. Albistean epailearen autoa hitzez hitz jaso zuten eta, hala ere, hedabideek ez zuten eraso sexistarik ikusi, “ahalegina” baizik: «Un sujeto desconocido estaba intentado propasarse con su pareja, abordándola en la calle, sujetándole contra la pared a la vez que intentaba besarla mientras le agarraba por la cintura». Beste aldetik, erasoa pairatu zuena ez zen gizon estatubatuarra izan, “bere” neskalaguna baizik. Berezko nazionalitaterik aipatzen ez dutenez, iazko sanferminetan eraso egin zuten neska ere estatubatuarra izango zela ematen du. Mutil-lagunak ukabilkada bat eman eta erasotzailea jaustean, koman egoteari “larri” iritzi ziotelako eraso hori albiste bihurtu zuten hedabideek. Hortaz, emakumeok gure gorputza defendatuko bagenu, erasoak ekiditeko erabilitako indarkeriaren ondorioak albiste lirateke, baina gure aurkako erasoak ez dira albiste, “larriak” ez direlako.

Iazko uztailean bertan José Diego Yllanesek indultua eskatu zuen. Honek 2008ko sanferminetan Nagore Laffage hil zuen. Epaiketan Laffage beraren bizitza sexualari buruz jardun zuten. Horregatik, Yllanesek Laffage hil izanari barkagarri deritzo: «El Gobierno deniega el indulto al autor del crimen de Nagore Laffage» (Noticias de Navarra, 2014/12/08). Yllanesek Espainiako Gobernuari indultua eskatzean, espetxean egon den bitartean «beste lege-hausterik izan ez» duela nabarmendu zuen. Yllanesek espetxean zazpi urte eman dituenez, ezin dakioke “psikiatra” deitu, hedabideek egiten duten antzera. Alderantziz, Laffage hil zuelako ezaguna da eta ordutik aurrera ez du ogibiderik izan. Beraz, Yllanesen jarduera soziala berizten duen kategoria bakarra hiltzailearena da. Diego Yllanesek ere, Nagore Laffageren hiltzaileak, indultua eskatu zuen iaz, hark agindutako moduko sexu harremanik onartu ez zuen emakumea hil izanari ez diolako oraindik “larri” irizten. •