Ramon Sola

Herriko festak, bestelako herri baterako aukera

Egitarau guztietatik at, espero gabe, bihotzean sartu eta gogoan luze irauten duten une zehatzak oparitzen dizkigute urtero sanferminek, norberari bereak. Iruñea aldean momentico esaten diegun horietakoak. Ugari izan dira aurten ere zirrara sortu duten uneak, baina zorionez bizi izan nuen eta hedabide gutxitan agertu den pasarte bat erantsiko nuke nik. Festetako azken egunean, behin azken zezenketa bukatuta, ohitura bilakatu da zezen plazan jaiei lehen agur sentitua ematea “Gaixoa ni” ezagunaren aurretik. Peñetako txaranga guztiak hondarraren gainean bildurik, solemnitate berezia hartzen du ekitaldiak. Une oso-oso berezia izaten da eta aurtengoan ere hala izan da: harmaila guztiak erabat beteta daude, 20.000 lagunetik gora plazan, asko zezenketara joandakoak eta beste ehunka/milaka lagun kaletik azken ekitaldi hori ikusteko espresuki plazara sartu berri, familia eta kuadrilla osoak tartean, guztiak zutik eta asko begiak bustita. Erromako zirkuaren antza du irudiak, baina bertan ez da bizitza eta heriotzaren arteko talkarik, bizitzaren ospakizuna baizik. Argia bera berezia da: egunari agur esaten hasia da eguzkia eta plazan dena da zuria eta gorria, bestelako koloreentzako zirrikiturik gabe. Baina guztiaren gainetik soinua da oilo ipurdia jartzen duena: txaranga guztiek batera jotzen dituzte Iruñeko dianak, peñetako hainbat ereserki, ‘‘Ikusi mendizaleak’’, ‘‘Lepoan hartu eta segi aurrera’”, Riau-riauren musika... Tarteka, gainera, adin guztietako milaka lagunek a capela lagunduta. Sentimendu andana nahaspilatzen dira: tristura eta poza, nekea eta festa gogoa, baina, batez ere, harrotasuna. Une batez, plazan ez da banaketarik, ez da itzalpeko eta eguzkipeko tendidurik, ospakizunak plazaren/gizartearen bi muturrak biltzen ditu. Bi kanturen artean, bat-batean, peñen eguzkipeko tendidutik ‘‘Agur UPN, agur, agur!’’ abesten hasi dira alai, aurrez aurre dituztenei eskuaz agurtzeko keinua eginez, eta, antza, beste aldean ez dira gehiegi haserretu. Zazpi egun lehenago, jaietako lehen egunean, juxtu kontrakoa gertatu zen: itzalpetik txistuz hartu zuten Joseba Asiron alkate berria, baina plazan gertatutakoak ez du eguzkipeko tendiduan daudenen giroa mikaztu. ‘‘San Fermin, San Fermin’’ oihuan batu dira batzuk eta besteak gero. Deskribapen idilikoa dirudi, baina horrelakoxea izan da momentico berezi hori. Hiztegi politikoan hainbeste erabiltzen den “elkarbizitza” hitzak zentzu guztia hartu du, non eta zezen plaza batean.

Beste esparru oso ezberdin batean gertatu arren, hori guztia 2011n hartuko erabakien ondorioa ere badela eta bestelako etorkizun bat irudikatzen duela ezin uka. Ikaragarria da bere xumean ekitaldiak duen indarra, eta bereziki harrigarria eragin dituen anaitasuna, herritasuna, batasuna. Zer pentsatu ematen du hurrengo egunean, berriro nork bere arropa zuria eta zapi gorria garbigailura bota eta ohiko janzkera propioa hartzean, herri espiritu hori nolabait desegin eta ezberdintasunak berriz areagotzen hasiko direla jakiteak... hurrengora arte.

Politikagintzarako ondoriorik atera daiteke pasarte horretatik? Agian. Azken hamarkadotan gizartearen zatiketak areagotzeko efektua izan dute gure herrietako jaiek: ikurren gerrak, ekimenen debekuak, karga polizialak, agintarien aurkako erasoak... Baina egungo agertokian, bada hori iraultzeko aukerarik: jendea elkarren aurka jartzeko erabili ohi dena jendea elkartzeko edo ondoan jartzeko erabil daiteke.

Asiron beraren portaera argigarria izan da, ikur guztiak errespetatzen, han eta hemen agertzen, batzuekin zein besteekin, elkarbizitza sustatzen, eta, hitz batean, herria egiten, herria guztiona delako, prozesiora joaten direnena zein azken urteotan Jai Gunean beren txokoa bilatu dutenena. Ika-mika politikoen ondorioz bertan behera utzi zen Riau-riau ospakizun herrikoia bera ere (Donostiako Salbearekin inolako zerikusirik ez duena) Asironen bultzadarekin berreskura litekeela antzematen hasia da. Ekintza politiko potentea izango litzateke, dudarik gabe, eta benetako denbora berri baten adierazgarri. •