Irudi trukatuak
Nolako harriduraz hartzen genituen gure herrietako festetara etortzen ziren barraken artean, gela ilun batean sartu eta gure gorputz irudiak eraldatzen zituzten ispilu jokoak. Baten aurrean jarri eta gure irudia mozkote eta gizen egiten zuen, beste batek burua handi eta gorputza trakets bilakatzen zuen, harako besteak, aldiz, fin eta erakargarri egiten gintuen. Bigarren itzulian bizkor eta presaka igaroko genituen gogoko ez ziren irudiak islatzen zizkiguten ispiluak eta behin eta berriz planto egingo genuen gure gorputzaren irudia garaiko estereotipoetara moldatzen zuen ispiluaren aurrean, nahiz eta jakin gela hartatik kanpo errealitateak lehenera itzuliko gintuela. Eta hala ez balitz? Eta ispiluek gure errealitatea besteen begietan eraldatzeko gaitasuna balute?
Begien aurrean ditugun zenbait komunikabidek ispilu haien modura irudiak trukatzeko gaitasuna ekartzen digute gogora. Ikusi ahal izan dugu nola agintean dagoen talde politikoaren arabera irudia trukatzen duten komunikabideek. Nola egun batean ekonomiaren etorkizuna iluna zen, ekonomia atzerabidean zen, eta handik gutxira ekonomiak goranzko joera itxaropentsua hartzen zuen. Egun batean ezkor eta gainbehera zen gai bat bera nola egun gutxiren buruan itxaropenez gainezka agertzen zitzaigun.
Pentsakizun hauek zera galdetzera garamatzate derrigor: errealitatea aldagarria da ala ezinbestean komunikabideek aurrean jartzen diguten ispiluak eskainitako irudi trukatuak ikustera ohitzean datza eraldaketa? Egungo klase politikoak gizartearen eraldaketa politikoa eta soziala ala ispilu eraldatzailearen jabe izatea du helburu?
Abagune honetan, gizarte mugimenduari dagokio klase politikoaren eta komunikabide handien aurrean jarri eta pentsamendu kritikoa zorroztasunez jorratzea. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
