Urumea ibaia, «ur mehea», gure herriak bizitzaz josten
Urumea ibaia uholdeengatik izan da albiste batik bat azken urteotan eta horrek bere aurpegirik ederrena estali du. Aurpegi horren bila atera gara, txalupan, Urumeako uretan nabigatzeko. Zuhaitz berde eta hostotsuak, loreak, ahateak, antxetak, arraunlariak… zenbat altxor!

Donostiak azken padura duela ia hogei urte galdu zuen, 1996an, Loiolako Erriberak deitutako auzoa eraikitzeko lanak hastearekin batera. Kasualitatea edo ez, Urumea ibaiaren ertz hartan lurrak altxa zituzten lehen hondeamakinak Nazioarteko Ingurumenaren Egun batean hasi ziren lanean, 1996ko ekainaren 6an. Geroztik, ibaiaren aurpegi hartan harria eta porlana besterik ez da ikusten eta pareko aldearekin egiten duen kontrastea erabatekoa da. Beste ertzean, parean, Kristina Enea parkearen magalean, flora eta fauna anitza da, bizitza dagoen seinale. Ehunka etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen Loiolako Erriberak auzoaren egitasmoak ondo baino hobeto irudikatzen du egun ibaiei ematen zaien garrantzi edo lekua hiriak eta herriak «zabaldu beharra» dagoenean, bai bizitzeko orduan bai eraikitzeko garaian ere. Iraganean ur emariari begira bizi ziren bitartean, ibaia ekonomia iturri eta aisialdirako gune garrantzitsua izanik gainera, azken hamarkadotan ibaiei bizkarra emanda bizi da gizartea.
Lerrook Urumea ibaiaren nortasun eta izaeraren kronika izan nahi dute, azkenaldian –eta zoritxarrez– uholdeengatik izan baita soilik albiste. Hernani, Astigarraga eta Donostiako Martutene eta Txomin Enea auzoak. Uholdeek guztiak kaltetu izan dituzte historian zehar, eta maiztasun kezkagarriarekin azken lau urteotan. Aitzitik, Urumea ibaia hori baino askoz gehiago da, eta ezagutzeak merezi du. Goazen bada.
Aipatutako Loiolako Erriberak auzoa eta Kristina Enea parkea batzen dituen Mikel Laboa igarobidearen alboan, uretan, hantxe dago Arrauning elkarteak duen moila. Gure bidelaguna izango da Unai Elizasu bertako kidea, berak gidatuko du ibaian barna eramango gaituen txalupa. Alboan izango ditugu, halaber, Haritzalde Naturazaleen Elkarteko Aitziber Egaña lehendakaria eta Xabier Rubio kidea. Euren ogibideez kanpo denbora zeri eskaintzen dioten galderari erantzun beharko bagenio, «Urumea zaindu eta maitatzeari» izango litzateke erantzun aproposa.
Motorraren zaratak bidaia hasi dela adierazten du. Itsasoa atzean utzita, Loiola auzorantz goaz; ibaian gora egingo dugu aurrena, ibaian behera egiteko ondoren. Izugarria da espaloitik ikusten dena eta uretatik bertatik ikusten dena ibai bera dela sinestea. Paisaia erabat aldatzen da. Sekretuak bistan gelditzen hasi dira.
Haritzalde elkarteak hogei urte daramatza hirian ingurumenaren alde lanean; zuhaitzak landatzeaz gain, beste hamaika ekimen ere antolatzen ditu. Tartean, hain justu, Urumean barna bisita gidatuak, bai ibaia piraguaz zeharkatzeko bai ertzetatik oinezko ibilaldiak egiteko. Helburua bertan dugun ondarea ezagutzera ematea da, zabaltzea, hiritarrak sentsibilizatzea Urumea zaindu eta errespeta dezaten. Arrauning elkartearekin batera antolatutako bisiton informazioa gehiago lortzeko, Haritzalde beraren zein Arrauning elkartearen webguneak kontsulta daitezke.

Metro eskas batzuk egin ditugu aurrera eta dagoeneko arraunlari batzuek hartu digute aurrea. Antxetak eta ahateak ere ikusi ditugu, ahatetxoekin atzetik, igerian trebe, arin. «Ibaia bizia da», dio Egañak, eta egun aisialdirako kirolariek baino ez dutelako erabiltzen penatuta agertzen da. Egoerak ez du zerikusirik garai batekoarekin; igeriketa lehiaketak, txalupak eraikitzeko lanak, estropadak… ohikoak ziren inguruotan. Azaltzen duenez, bizilagunen egunerokoan oso presente zegoen Urumea. Komunikaziorako eta garraiorako erabiltzeaz gain, lanerako, aisialdirako nahiz gozamenerako ere erabiltzen zuten. Ertzetan 50 errota baino gehiago zeudela jakina da eta ontziolak ere bazeuden. «Antza denez, galeoi bat ere eraiki zuten bertan», erantsi du Rubiok.
Bereziki azken kilometroetan, hau da, itsasotik gertuen dagoen eremuan, eraiki den guztia eraikiagatik, Urumea Gipuzkoako ibai zainduenetako bat dela uste du Haritzalde elkarteak. Urumeak “ur mehea” esan nahi du, eta uraren kalitate, fintasun eta gardentasunagatik jarriko zioten izena ziur asko. Denboraren joan-etorriarekin, baina, garaiak aldatu egin ziren, eta, horrekin batera, ibaiari emandako garrantzi eta ustiapena. Industrializazioarekin, iragan mendeko bigarren erdian, uren kutsadura maila oso altua izatera igaro zen, eta, ibai garbia izatetik, zikina, oso zikina izatera igaro zen.
Industriara krisia heldu zen 80ko hamarkadan. Aktibitateak, beraz, behera egin zuen eta horrek, garbiketa eta saneamendu lanekin batera, eragina izan zuen uraren egoera eta kalitatean, baina, hala ere, lana dago egiteke, Haritzalde elkartearen ustez. «Uraren kalitatea hobea da garai batean baino, zalantzarik ez dago, baina ertzen artifizialtasun maila oso altua da hiri eta industria aktibitateengatik». Gipuzkoan nekazaritzarako ibar onenetakoak zirenak, kalitatezko zoru sakonekin, noizean behin ematen ziren uholdeekin ongarritzen ziren, modu naturalean. Kalitatezko produktuak ematen zituzten lurrok. «Egun, baina, porlanaz estalita daude, eta, noski, ibaiak, noiz edo noiz, berea dena erreklamatzen du». Estimazioen arabera, 2011ko uholdeek 100 milioi euroko galerak eragin zituzten.
Horren harira, Urumea ibaian egiten ari diren lanak ditugu hizpide. Hernani eta Donostia bitartean, Astigarragatik pasata, ingurua asko aldatuko da, puntu zehatz batzuk erabat eraldatuz, Txomin Enea eta Martutene, adibidez. Bizigune horietan ibaiaren zabalera bikoiztu egingo da, egungo 25 metroak 50 bihurtuko dira, urek leku gehiago izan dezaten, eta, uholdeak egonez gero, ura etxeetara hel ez dadin. Horretarako, hainbat lursail desjabetu egin ditu Donostiako Udalak.

Proiektuarekin ez daude oso ados Haritzalden, izan ere, halako zabalera emanda, ibaia baxu datorrenean gertatuko denaz galdegiten dute. Espazio gehiegi ur gutxirentzat, diote. Auzook bizi duten egoeraren jatorria garai batean Loiolako Erriberak babesteko egindako lanetan dagoela ere uste dute neurri handi batean. Zentzu horretan, ibaiak berezko bizia duela gogorarazten dute, eta, goiko geruzan egiten den guztiak, gizakiak egiten duen guztiak alegia, hurrengo geruza guztietan eragina duela. «Uholdeek irtenbide txarra dute», iritzi dute.
Auzoen eraldaketa eta antzinako baserriak
Ibaian gora goaz, justu Etxetxo baserriaren parean, Egia, Loiola eta Loiolako Erriberak auzoek muga egiten duten lekuan bertan. Eraikinean, antza denez, ez da inor bizi, baina alboan duen terrenotxoari norbaitek ateratzen dio etekina, letxuga eta beste barazki batzuk baitaude landatuta bertan. Parajea hilabete batzuen buruan aldatu egingo da, azpitik igarotzen ari garen Egia zubia eraitsi egingo baitute: Urumea ibaia bideratzeko aurreikusitako proiektuetako bat da.
Parean, Ur Kirolak arraun klubaren egoitza dugu. Sasoian daude mutilak, beroketa lanetan buru-belarri, entrenamendua hasteko prest. Loiola auzoan sartzear gaude. Ibilbidean zehar hainbat eraikin ezagun edo esanguratsu ikusi ditugu; hurrengoa, gaur egun kultur etxea dena. 1928ko eraikinak garbitoki bezala zabaldu zituen ateak, izan ere, Urumearen ertzetan oso ohikoa zen garai batean emakumeak arropak garbitzen aritzea. Hona, beraz, ibaiaren ustiapenaren beste adibide bat. Etxeko lanetarako hamaika aukera eskaintzen zituen.
Eraldaketa handia jasan du urte gutxiren buruan Loiola auzoak ere. Etxe berriak eraikitzeaz gain, bereziki ibaiarengandik «babestu» eta uholdeen kalteak ekiditeko, pareta handia eraiki zen, auzoari altuera gehiago emanez. Eta txalupatik, berriro ere, begien bistakoa da kontrastea. Loiolako Erriberetan bezala, ertzetako bat grisa da, lehorra, horma zurruna. Beste aldea, berriz, berdea da, hezea. Haritzalde nahiko kritiko da esku-hartzeokin, izan ere, ibaiaren bizia erabat eteten da hormigoia jartzean. Bisualki ere efektua oso bortitza da.
Patxillardegi baserriak historian atzera egitera gonbidatzen gaitu, Loiola auzoari agur esan baino lehen. Eraikinak zimurrak ditu, baita iazko otsailean jasandako sute baten zauriak ere. Asko ikusi du XVI. mendean eraiki zenetik. Estimazioen arabera, Donostiako eta Euskal Herriko baserri zaharrenetakoa da. Gaur egun, errepideak ditu aurrez aurre, eta militarren kuartela ibaiaren beste aldean. Garai baten, baserriak garai onenak bizi zituenean, etxebizitza izateaz gain, lurrak, moilatxoa eta dolarea zituen, ziur asko sagarrondoetatik jasotako fruituekin sagardoa egiteko.
Txomin Eneak berehala uzten ditu agerian azken urteetako uholdeen ondorioak. Lehen etxeetako batzuk jada eraitsita daude eta berriak altxatu zain dago auzo xumea, erakundeek aintzat hartu izan ez dutena, premia handia izan arren.
Oroitzapen txarrak ekartzen baditu ere, inguru honek ibilbide osoko paraje zoragarrienetako bat eskaintzen dio bisitariari. «Begiratu aurrera. Zer ikusten duzu?», galdegiten digu Rubiok. Naturak ikuskizuna eskaintzen die bisitarien begiei gune honetan. Zuhaitzak. Handiak, ertainak, txikiak. Berdeak. Berde kolore sorta izugarria haizearekin dantzan. Eta airean, txoriek soilik apurtzen duten isiltasuna. Hemen bai, begetazioak bi ertzak hartzen ditu, bertako landareak espezie inbaditzaileekin nahasten dira. Horra konpondu beharreko arazoetako bat. «Bertako espezieak babestea ezinbestekoa da desager ez daitezen», ohartarazten dute adituek. Gainera, flora aldatzen bada, neuri berean egiten du azpian eta inguruan dagoen ekosistemak. Kate-maila bat aldatzeak kate osoan ditu eraginak.

Lasaitasuna eta edertasuna metro luzez zabaltzen da, Martuteneko sarbideraino. Etxebizitzetatik urruntzen goazen neurrian, bakea are handiagoa da, eta ibaiak bere aurpegirik politena erakusten du. Jendea ikusten dugu ertzetan korrika, oinez, zakurrarekin paseoan… Pasa gara XVIII. mendeko Benartegi baserriaren ondotik ere. Gaur egun ateak eta leihoak porlanaz ditu itxita, garai batean zuen aktibitatearekin zerikusirik ez duen itxura erakutsiz. Eta, egia esan, bidaiak kutsu malenkoniatsua hartzen du irudimenari hegan egiten utzi eta bertatik uretaratzen ziren txalupak, txanelak eta gabarrak irudikatuz gero.
Artxibo historikoetako irudiak dira, gaur egun, garai bukolikoon testigantzarik onenak. Ez hobeak ez okerragoak, baizik eta ezberdinak, egungo munduarekin zerikusirik ez dutenak. Argazkiok berrikusteko merezi du sarean zintzilikatuta dauden fototekak kuxkuxeatzea, are esanguratsuagoa egiten baita horrela «garai modernoek» Urumea ibaiaren eraldaketan utzitako arrastoa. Zenbat maite dugu Urumea? Gehiago baino, hobeto maita al dezakegu? Konturatu edo ez, gu geu ere osatzen ari gara etorkizuneko artxibo historikoa izango dena.

Maitasun aitortza bat

Torturatuen senide eta lagunak: hitz gutxiko akonpainamendu handia

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe

Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik
