Aurtengo kanpainan %80 areagotu du Eroskik Kantauri itsasoko antxoaren erosketa
Eroskik tokiko arrantzaren aldeko apustu sendoa egin du. Hartara, bukatu berri den antxoaren kanpainan %80an handitu ditu erosketak eta guztira 233 tona baino gehiago merkaturatu ditu. Bere arrain hornitzailea den Bereciartua enpresatik kooperatibaren «kontrol zorrotzak» nabarmentzen dituzte, gero salmahaian igartzen direnak.

Egoitza Oiartzunen daukan Bereciartua enpresa Euskal Herriko arrain hornitzaile handienetakoa da. Era guztietara saltzen du arraina, bai piezak osorik eta baita arraina garbituta ere, eta bere bezero nagusiena Eroski da, nahiz eta bestelako bezeroak ere badituen. Fidel Agirre arduratzen da arraina erosteaz eta saltzeaz.
«Hego Euskal Herriko portu guztietan ditugu langileak, porturatzen den arraina erosteaz arduratzen direnak. Gure beharren arabera egiten dituzte erosketa horiek. Egunero informazio zehatza ematen digute; zein arrain dagoen, zein kalitatekoa, zein preziotan... eta horren arabera egiten ditugu erosketak», hasi da azaltzen Fidel Agirre. Berak ondo daki Eroskiko saltokietan zer-nolako arraina topatuko duen kontsumitzaileak; «denbora gutxian izugarri aldatu du Eroskik bere norabidea eta nabarmen jo du bertako produktuen alde. Horregatik, saltzen duen arrainaren kalitatea asko igo da. Gaur egun azalera handiko supermerkatuetako arrandegietan kalitate gehien eskaintzen duena Eroski da alde handiarekin. Eroskiren exijentzia maila oso handia da, kontrol zorrotzak jarri ditu eta hori guztia gero arrandegiko salmahaian nabaritzen da», segitu du. Azken bi urtean Eroskik bikoiztu egin du bertako arrainaren erosketa. «Kalitate aldetik, zerotik hamarrera, Eroski une honetan zortzi batean dago hemengo arrainari dagokionez».
Antxoaren kanpaina bikaina
Bukatu berri den antxoaren kanpainari erreparatuta, Eroskik %80 baino gehiago areagotu du itsas portuetan deskargatutako Kantauriko antxoaren erosketa. 233 tona baino gehiago erosi ditu eta azken hamarkadako antxoaren kanpainarik onena izan dela nabarmendu dute.
«Freskorako, arrandegietan saltzeko, kanpaina oso ona izan da. Ia dena arrain txikia izan da, kontserbarako balio ez duena baina freskorako onena dena. Antxoa asko egon da, freskoan jateko tamaina egokikoa, eta, prezioz, nahiko ondo», azaldu du Agirrek.
Kanpaina, beraz, «historikoa» izan da, bai produktuaren eskuragarritasunagatik eta baita euskal arrantzaleek egindako kanpaina onarengatik ere. Gainera, kooperatibak tokiko produktuen aldeko apustu irmoa egiten segitzen du eta gertuko produktuak kontsumitu nahi dituztenen kopurua ere handitzen ari da.

«Eroskiren politika komertzial berriak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektorearen garapen ekonomikoa bultzatzen du, bere osoan, kontsumitzaileak aukeratzeko erabateko askatasuna izan dezan. Antxoaren kasuan, maximo historikoak eman dituen arrantza hartu dugu oinarri. Produktuaren eskuragarritasuna erraztu dugu eta euskal kofradiei eginiko erosketen bolumena ere areagotu dugu», adierazi du Asun Bastidak, Eroskiko tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak. Hartara, kontsumitzailearekin duten konpromisoan «aurrerapausoak» eman dituztela nabarmendu du, «elikadura osasungarriaren oinarri gisa tokiko produktu freskoen eskaintza sustatzen».
EAEko Lehen Sektoreko Elikagaiak Sustatzeko Hitzarmenaren barruan sartzen da antxoaren kanpaina ere. Hitzarmen hori Eroski kooperatibak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu dute tokiko nekazaritzako elikagaien industriaren aniztasuna garatzea eta indartzea helburu. Hitzarmen hori tarteko, Eroskik konpromisoa hartuta du bere dendetan EAEko arrantza merkaturatzeko; bereziki eskuz egindakoa, itsasbazterreko antxoaren, berdelaren eta hegaluzearen kanpainetan.
Oraintxe hegaluzearen kanpaina betean daude. «Hegaluzearekin berdin, Eroskik bertako hegaluzearen aldeko apustu sendoa egin du, exijentzia maila handiarekin eta kontrol zorrotzekin. Horrek zaildu egiten du erosketa, baina kalitatea ziurtatzen du eta salmahaian ikusten da emaitza», nabarmendu du Fidel Agirrek, Bereciartuko erosketa eta salmenta arduradunak.
Horiek horrela, Eroskik bere bidea ibiltzen segitzen du, tokiko ekonomiak ahalik eta gehien indartzea jomuga hartuta. Norabide horretan EAEko 9.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu; tokiko produktuei eta bereziki sasoiko produktu freskoei toki berezia emanez bere saltokietan. Iaz 2.000 euskal hornitzailerekin baino gehiagorekin aritu zen kooperatiba lanean eta 600 milioi euro baino gehiagoko erosketak egin zizkien urte osoan.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
