Juantxo EGAÑA

Biarritz, hainbesteren opor leku kutuna

Biarritz, bale arrantzaleen herria, hainbeste naufragioren lekuko izandakoa. XIX. mendearen erdialdean Europako monarkien opor leku kutuna bihurtu zen; itsasoko bainuak, talasoterapia, txalet dotoreak... Geroxeagokoak dira golfa eta surfa, XX. mende erdialdekoak. Eta horien eskutik iritsi ziren Hemingway, Ava Gardner, John Huston eta Ropert Capa, besteak beste. Argazkia Tomas Alfaro Fournierrena da, Gasteizen bizi zen argazkilari zaletuarena. Karta enpresa sonatua sortu zuen Heraclio Fournierren biloba zen. Tomas Alfaro oso polifazetikoa izan zen; margolaria, eskultorea, idazlea, enpresaria, militarra eta Arabako Alderdi Errepublikanoaren eskutik jarduneko Gasteizko alkate ere izandakoa. Hain juxtu, Gasteizko Udal Artxiboan daude bere 2.000 bat argazki.