Ane URKIRI ANSOLA
Entrevista
Miren Manias Muñoz
IKERLARIA

«Hizkuntzak ez du oztopo izan behar, azpitituluekin hizkuntza gutxituetan egindako zinema susta daiteke»

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatutako Miren Maniasek 2005etik 2012ra egindako 11 euskal film aztertu ditu. Euskal zinemaz aritu gara berarekin.

Sortzailetzat du bere burua. Izan ere, komunikatzaile gisa talenturik ez duela uste du. Bere ametsa euskarazko film luze bat egitea dela aitortu du. Sortzaile edo komunikatzaile, azkenean Miren Manias ikerlari gisa aritu da azken lau urteotan. Euskarazko 11 fikziozko film luze aztertu ditu –2005 eta 2012 artean egindakoak–, bakoitzaren produkzio eta finantzazio bideetan arreta jarriz.

2005etik 2015era bitartean 20 fikziozko euskarazko film egin ziren. «Gutxi edo asko?», bera hasten da galdetzen, zalantza eta kontzientzia pizteko asmoarekin. Ondorengo bere azalpenek, ordea, argi asko uzten dute euskarazko film luzeen ahulgune zein indarguneak zeintzuk diren, eta horiei aurre egiteko proposamen batzuk botatzeko ausardia ere erakusten du.

Zer dela eta hasi zinen ikerketa lanetan?

2008-2009 ikasturtean gradu amaierako lanean hiru euskarazko film aztertu nituen (“Aupa Etxebeste!”, “Kutsidazu bidea, Ixabel” eta “Eutsi!”), Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak bukatu ostean pelikula bat egiteko asmo zuzena –edo ametsa– bainuen. Ekoizleak elkarrizketatu nituen eta konturatu nintzen kezka nagusia diru kontuak zirela, eta, era berean, zalantzatsu agertzen ziren euskal zinemaren etorkizunarekin. Eusko Jaurlaritzatik ba omen zegoen mugimendu bat euskarazko zinema sustatzearen alde. Dena den, ohartu nintzen hemen, Euskal Herrian, pelikula bat egitea oso zaila dela. Gainera, ikerketa askorik ez zegoen arlo horretan eta tesi bat egiteko aproposa iruditu zitzaidan. Hori izan zen ikerketa motibatu zuena.

Fikzioak al dauka kosturik handiena?

Nik aztertu dudana fikzioa da, beraz, ezin dut konparatu beste proiektu batzuekin. Baina ez dut aztertu fikzioa ekonomikoki garrantzitsua delako edo kostu handia suposatzen duelako., baizik eta ikus-entzunezko industrian fikzioa delako gehien kontsumitzen den produktua. Ikus-entzunezko produktuen artean izarra da. Ez da bakarrik zinema aretoetara heltzen den produktua, telebistan ere kontsumitzen da; azken batean, audientzia masiboa gehien erakartzen duen generoa da.

1989tik 2005era arte ez zen egin fikziozko euskal film luze bakar bat ere.

Fikziozko euskara hutseko azken filma “Ke arteko egunak” izan zen luzaroan, Antton Ezeizarena. Gainera, hori ere hasiera batean ez zen euskaraz egin behar. Protagonistek ez zekiten euskaraz. Nahiz eta gazteleraz egitea pentsatu, azkenean euskaraz filmatu zen eta protagonistari bere hitzak bikoiztu egin zizkioten. Ez dago produkziorik belaunaldi horretan euskal zinemagile asko Madril eta Bartzelonara joan zirelako lanera.

Eusko Jaurlaritzak 1981ean jarri zituen indarrean lehenengo diru laguntzak ikus-entzunezko euskarazko produktuak sustatzeko, eta 1991n sistema aldatu zuen, koprodukzio moduan lagunduz Euskal Media erakundearen bitartez. Kopurua jaistearekin batera, laguntzen banaketa deialdi publiko bidez ez egiteak zinemagile eta Jaurlaritzaren artean iskanbila piztu zuen. Hori dela eta, nabarmen murriztu zen produkzioa. Hemengo etorkizuna ilun ikusirik, batzuek alde egin zuten. Horrez gain, baliabide ekonomiko nahikoa ez egoteak bolada latza eragin zuen. Gazteleraz ekoiztea zaila bada, are gehiago euskaraz. Hamasei urte luze pasa behar izan genituen euskara hutsean egindako fikziozko film luze bat berriro ikusteko.

2000ko lehen hamarkadan ikus-entzunezko produktuak bultzatzeko babes politika ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Indarrean darrai?

Aurrekontuan gorabehera batzuk egon dira urte hauetan, baina gutxi gorabehera bai Jaurlaritzak eta bai EiTBk eutsi egin diote inbertsio mailari: 2 milioi euroko aurrekontua ikus-entzunezko produktu guztientzat. Promozio eta publizitaterako diru laguntzak ere badituzte, eta Zineuskadi elkartearen bitartez zinema aretoetara eramaten dute euskarazko zinema. Baina horrez gain, geroztik, ez da sustatu ezer berririk. Adibidez, inbertsio pribatua bultzatzeko sistemaren bat. Inbertsio pribatua oso garrantzitsua da ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta hemen, batez beste, ez du gainditzen %27ko langan. Eta askotan ekoizleen baliabide propioak izan ohi dira. Halako produktuetan inbertitzeko erakunde pribatuen interesik ez da, hein handi batean ez baitaukate beraiek erakartzeko xedez eginiko aldeko politika fiskalik.

Euskarazko zinemagintzan xede taldea asko murrizten da. Horrek atzera eginarazten die eragile pribatuei?

Hizkuntzak ez du oztopo izan behar. Hona ekartzen diren pelikulak ingelesak dira, edo txinatarrak edo poloniarrak. Eta bikoiztu egiten dira. Baina filmak azpitituluekin jatorrizko hizkuntzan emanez gero, hizkuntza gutxituetan egindako zinema susta daiteke. Azken batean, zure produktuak ikustera ikusleak joatea nahi baduzu, kontsumo ohitura batzuk bultzatu egin behar dira. Eta hori telebistako eskaintzatik hasi beharko litzateke. Telebistan euskarazko fikziozko film luzeen eskaintza txikia bada, audientzia ez da ohitzen halako produktuak kontsumitzera, eta are gutxiago joango da zinemara. Ez dut, hala ere, eragile pribatuek horregatik inbertitzen ez dutenik uste. Zinema oso industria arriskutsua da eta ez dizu ezerk bermatzen pelikula batekin arrakasta izango duzunik. Hori da zinemaren oinarria. Hortik abiatuta inbertsio pribatua erakartzea oso zaila da. Baina abantailak eskainiz gero, errazagoa izango da beti.

Zinema ona egiten dakigu. Baina euskaldunok ez dugu estimatzen edo kritikoegiak gara?

Alde batetik, esango nuke, euskaldunok esaten dugula gure kultura interesatzen zaigula baina gero ez dugula ezer egiten kultura hori kontsumitzearen alde. Egia da kultura hori promozionatzeko sistema ez dela oso estrategikoa. Autokritika egin beharko genukeelakoan nago. Administraziotik gure produktuari balioa emateko estrategia bat egon beharko litzateke.

Era berean, gertatzen da begi aurrean jartzen digutenean euskal kulturarekin lotura daukan eduki bat, ez baldin bazaigu une horretan gustatu ikusi edo kontsumitu duguna, bigarrengo batean ez diogula beste aukerarik ematen. Eta ez da berdina gertatzen atzerritik datozen proposamenekin.

Zein da euskarazko zinemagintzaren indargunea?

Hemen sormen aldetik gaitasun handia dago eta ez da istorio onik falta. Eta beste alde batetik, baliabide teknikoak eta profesionalak ere badaude. Asko aurreratu da azken hamarkadan, batez ere egiten ikasten delako. Baliabide ekonomiko eta teknikoak kudeatzen ikasi dugu, eta, txikiak izan arren, eredu izan gara krisialdian. Baina horrekin ez da nahikoa. Egiten dugun hori edo egiten ikasi dugun hori ikusleen begien aurrean jarri behar da orain, bestela ez da existitzen.

Euskal zinemak badauka zerbait inbidiatzeko Espainiako edo Europako zinemari?

Ez. Esan bezala, 80ko hamarkadan euskal zinemagile pila bat joan ziren lanera kanpora, eta, nolabait, zinemagile horiek izan ziren Espainiako industriaren irakasleak. Eta nik uste dut produktuetan, istorioetan ez diola zer inbidiatu. Industria handiek izan ditzaketen antzeko arazoak azaltzen ditu. Ez dago beste misteriorik. Kontua da telebistako espazioak kanpoko lanek betetzen dituztela, eta gureak zokoratuta geratzen direla.

Zentzu horretan bai ikusten dut gabezia bat Europa mailan dagoen legegintza sisteman, ez duelako diskriminazio positiborik egiten hizkuntza gutxituen zinemagintza babesteko. Eta Espainiako Kultura Ministerioak diru-poltsa ezabatu du. 2011 arte kataluniarrez, euskaraz eta galegoz egiten zen zinemarentzako diru-poltsa berezia zeukan; 1,2 milioi eurokoa euskarazko zinemaren kasuan.

«Loreak» filmaren arrakastak etorkizuna argitzen du?

Bai, gure errealitatea munduan barrena zabaldu duelako, gure enbaxadorea izango bailitzan. Eta atzerrian sari mordoa irabazi ditu. Uztailaren 3an estreinatu zen AEBetan, euskaraz, azpitituluekin. Atlantikoaren beste aldean historian lehenengo aldiz estreinatu zen euskaraz egindako film luze bat .

Leiho txiki horretatik, begirada partikular horretatik, gure errealitatea munduan barrena erakustea eta leku batetik bestera garraiatzea ahalbidetzen du, eta hori da zinemaren magia. Ni kontziente naiz, hemen Euskal Herrian, euskarazko zinemak ez duela euskal audientziarekin kontaktua erabat berreskuratu. Baina horrek ez du kentzen kanpora begira hazten hasteko. Motibazio tresna bat izan daiteke zinemagile berrientzako. Eta uste dut “Loreak” –beharbada urte batzuk pasatu beharko dira hau esateko– bigarren inflexio puntua izan daitekeela, lehendabizikoa “Aupa Etxebeste!” izan baitzen 2005ean.

Ez da anekdota hutsalean geratuko?

Administrazioak begiak jartzen baditu fenomeno honetan, ez. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian sail ofizialean lehiatu den jatorriz euskara hutsez egindako fikziozko lehen film luzea izan da “Loreak” (“Ke arteko egunak” ere lehiatu zen, baina, lehen esan bezala, jatorrizko produktua ez zen euskaraz). Eta Goya sarietan ere pelikula onenaren saria lortzeko hautagai izan da. Horregatik soilik bada ere, ez da anekdota hutsean geratuko. “Loreak” filmak garbi utzi du zerbait aldatzen ari dela eta horregatik arreta berezia jarri beharko luke administrazioak, hausnarketa sakon bat egiteko; zer egin dugun eta zer egin behar dugun jakiteko. Diagnostiko bat behar du euskal zinemak eta euskal ikus-entzunezko sektoreak. Eta arretarik ez badauka, beharbada, orduan bai geratuko da anekdota hutsean.

Baikor zara?

Bai, hori beti. Oso sektore prekarioa da, baina jende piloa dago lanean. Egun teknologia demokratizatu egin da erabat eta edonork dauka bere eskura kamera bat, edonork egin dezake film labur edo luze bat. Nolabaiteko autodidaktismoa dago.

Eta onuragarria al da hori?

Onerako eta txarrerako da, biak. Izan ere, beti egongo da norbait zu baino merkeago lan egiteko prest. Ikus-entzunezko sektorea oso ezegonkorra da. Gaur lan piloa eduki dezakezu eta bihar ezertxo ere ez. Zinemari begiratuta behintzat –ikus-entzunezko sektorean ez naiz sartuko, zeren eta hor, beharbada, ez naiz hain baikorra–, etorkizun laburrari itxaropentsuan begiratzen diot. Badauzkagu arrazoiak horretarako. Baina egiteko eta lanean jarraitzeko asko dago.

Ez da baloratzen hain baliabide gutxirekin pelikula on bat egiteko gaitasuna?

Noski. Administrazioak badaki baina gauza errazena egiten du: hartu dirua, ipini eta kito. Oso zaila da irtenbide bat aurkitzea gauza guztiei, baina, diru gehiago jarri beharko litzatekeela, seguru. Eta beharbada hemendik aurrera aurrekontu handiagoko filmak egiten hasi. Uste dut sasoi onean gaudela, badaukagu zer kontatu gure begirada partikular honetatik. Baina egiten den hori gela batean giltzapean uzten baldin badugu, ez doa inora eta horrek ez dauka etorkizunik.

Euskal Herriko zinema batean, ordu berean, euskarazko eta Hollywoodeko film bana egonez gero, zein garaile?
Nire ustez, ikusle gehiago batuko lituzke AEBetatik datorren pelikulak. Datuek hala diote, behintzat.

Eta azpitituluen erabilera sustatuta egonez gero?

Horrek pedagogia lan bat eskatzen du. Emaitza ez da lortuko egun batetik bestera. Hezkuntza sistematik bertatik hasi behar da lanean, gero telebistara jauzi egin eta azkenik zinema aretoetara. Hori egiaztatuta dago. Eta ikasketa prozesuan ere eraginkorrak izan ohi dira azpitituluak. Baina egun ez daukagu hori sustatzeko mekanismorik, ez telebistan ezta gure hezkuntza sisteman ere. Hezkuntza oso arlo indartsua da eta ez zaio arretarik jartzen txiki-txikitatik euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzeari dagokionez. Hor hasi behar da, animaziozko filmekin, esaterako.