Amagoia MUJIKA
IKUSMIRA

Superheroi bat izateak dakarren karga

Itsusi samarra zara, handiegia eta berdeegia, baina ni ez naiz beldurtuko. Ni ere superheroi bat naiz eta badakit gurea ez dela lan samurra. Eta bai, batzuetan askoz nahiago genuke besteek bezala arruntak izatea, botere berezirik ez edukitzea eta gertatzen zaigunaren errua besteei botatzea. Baina guk, superheroiok, beti daukagu lana pilatuta, dena baitago gure eskuetan. Esaterako, lanetik arrastaka bezala etxeratu den ama piztu behar izaten dugu. Isilpean bere eskuko telefonoa tiraderan ezkutatu eta egunean zehar gertatu zaizkigun abenturak kontatu eta kontatu –batzuetan asmatu egin behar izaten ditugu–. Eta horrela lortzen dugu lanaz ahaztea, batzuetan irriz eta besteetan errietaka, baina gurera ekartzen dugu. Latza da gure egitekoa, mundua zoriontsuagoa eta hobea egin behar dugu; nahiz eta gainontzekoek gure arazoak txikikeriak balira bezala begiratzen diguten.