Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Aireportuez (eta II)

Duela hilabete aritu nintzen txoko honetan bertan aireportuei buruz hizketan. Aipatu nuen Euskal Herriak «per capita» duen aireportu kopuru altua, eta zalantzan jarri azpiegitura horiek guztiak garatu, hobetu, handitu, bultzatzeko dugun behar intrintseko hori. Suitza eta Frantziak elkarrekin kudeatzen duten Basel-Mulhouse-Freiburg aireportua adibide gisa jarrita, Hondarribiko aireportua itxi ahal izateko baldintzak sortzeko aukera aipatu nuen, Miarritzeko aireportua bihurtuz Donostia-Baiona konurbazioaren aireportu bakar.

Ez da ohikoa aireportu bat aireportu handiago bat ez den beste zerbait bihurtzea. Garai batean aireportu militar zirenak aireportu zibil bilakatu ziren; urte batzuk geroago, aireportu zibil horietariko asko handitu egin dira, beste batzuk esperoan daude, baina oso gutxi izan dira funtzioz erabat aldatu dutenak. Berlin da, seguruenik, salbuespen interesgarriena. Bigarren Mundu Gerraren ostean lau sektoretan banatuta zegoen hiria: Ekialdeko Berlin sobietarra alde batetik, eta Mendebaldeko Berlin amerikarra, britainiarra eta frantsesa bestetik. Sektore bakoitzak bere aireportua zuen: Ekialdean Schönefeld; Mendebalean Tegel, Gatow eta Tempelhof. Azken hori, hiriko ikonikoena, 2008ko urrian itxi eta parke bat da ordutik.

Parke berezia inondik inora, Hondarribia post-aireportuak gertutik jarraitzeko modukoa. Jaime Lerner Curitibako alkate ohiaren «ez ezer egin, urgentziaz» leitmotiv-a bere egin eta minimoa izan da interbentzioa, izenetik hasita: Tempelhofer Feld eta ez Tempelhofer Park; “zelaia”, alegia, eta ez “parkea”. Hainbeste errotu da urgentziaz ezer ez egitearen aldarria, ezen erreferendum bidez esan baitzioten berlindarrek ezetz Udalak parkea berritzeko (eta bidez batez 4.700 etxebizitza egiteko) egitasmoari. Sorkuntzaren boterea baino indartsuagoa da, antza, sorkuntzari muzin egitearena.

Izan ere, badirudi krisibitarteko/osteko hirigintza-estrategiak gertuago dabiltzala «laissez faire» esapide frantsesetik «erabaki, diseinatu, eraiki» hierarkikotik baino. “Egiten utzi”, alegia, administrazio-arau zurrunak nola malgutu jakitea, erabiltzaileekin proiektu partekatuak adostea eta proiektu horiek proba-akats estrategia moduan ulertzeko beldurrik ez izatea. Berlinen, urte luzez, ohikoa izan da garatu gabeko orubeen behin-behineko erabilera informal eta espontaneoa. Tempelhof Feld harago doa, behin-behineko erabilerok plangintza prozesu batean integratzen dituelako, hirigintza ulertzeko modu parte-hartzaile baten bizkarrezur moduan. Eta hori ez diot nik, parkeko informazio paneletan irakur daiteke.

Ederra da Tempelhofer Feld. Aireratze eta lurrartze pistek sei kilometroko zirkuitua osatzen dute oinez, korrika, bizikletaz, skatean ibiltzeko. Tartean eta alboetara nahieran erabiltzeko belardi andana, funtzio zehatz baterako aurrez diseinatu gabeak, baina baita eremu sotilki hesituak ere, bioaniztasuna bermatzen dutenak. Interesgarria oso, espazio erabat antropomorfizatu batek ekosistema natural bati egin diezaiokeen mesedea, eta ezin Hondarribia burutik kendu. Gune bat deshazkundeari eskainia, naturaren eta jendearen arteko harmonia bultzatuko lukeena Txingudiko parke ekologikoan, Eurohiriaren bihotzean. •