Maialen Arratibel Garcia
Entrevista
Emaize sexologia zentroa
Sexu heziketa, bizitza guztirako ikasgaia

«Sexuaren inguruko arrisku, miseria eta beldurretatik, ezinezkoa da inor heztea»

Emaize zentroko kideak. Raul Bogajo|ARGAZKI PRESS
Emaize zentroko kideak. Raul Bogajo|ARGAZKI PRESS

Sexu hezkuntza merezitako tokia aurkitzen ari den honetan, sexualitatea adin tarte guztietan landu beharreko zerbait dela ulertzen ari garen garaiotan, hutsuneak ere egon badaude oraindik. Arrakalak hezkuntzan, arrakalak gizartean eta arrakalak norbanakoen buruetan, batez ere. Beldurrak, lotsak, “zer esango dute” horiek guztiak...

Bada, ordea, sexualitatearen inguruko mamu erraldoi hori izutzera datorrenik, zentzugabekeria horiek guztiak irauli eta normaltasuna bilatzera etorri denik. «Hobe da malgu izatea, gogorra hautsi egiten da», dio kantu batek. Hari horri tiraka aritu da solasean GAUR8 Gasteizko Emaize Sexologia Zentroko kideekin.

«Sexualitatearen inguruko etengabeko lanketa bat da hemen defendatzen eta jorratzen duguna», azaldu du Lurdes Perez Jimenez Emaizeko sexologoetako batek. «Horrek esan nahi du sexu heziketa jaiotzatik bertatik hasten den zerbait bezala ulertzen dugula». Jaiotzetik aurrerako lehen urteetan, haurraren zaintzan dihardutenen keinu txikienetik hasita egiten den balorazio handienera, haren ustetan «guztiak du berebiziko garrantzia».

Egiten dugun guztiak daramala mezu bat bere baitan, ezkutuan bada ere. Hori argi dute Emaizen, eta horri begira saiatzen dira hezten. Hezkuntza ez dadin izan unean unekoa. Hala, «adin guztietan zehar landu behar da, ezinbestez», berresten du Perezek, irmo. Hezkuntza hori, beraz, ez dute ulertzen haur edo nerabeei zuzenduta soilik ematen den zerbait bezala, baizik eta zeharka baita guraso zein irakasleekin ere landu beharreko irakasgai gisa.

1990. urteko LOGSE legeak derrigorrezko hezkuntzaren curriculumak sexu heziketa baitan har zezan onartu zuen. Emaizeko langileek salatu izan dute lanabes gabeziak eta prestakuntza ezak nahasmendua sortu duela ikastetxe askotan, eta azkenean gaia albora utzi izan dela. Gaur egungo egoeraz galdetuta, ez dirudi aurrerapauso nabarmenik eman denik.

«Sexuaren inguruko formakuntzak zerbait zeharkakoa behar du izan, hau da, eskoletako irakasgai guztietan lantzen den zerbait, horietako zenbaitetan maila txikiagoan bada ere», nabarmendu du Raul Marcos psikologo eta sexologoak. Emaizen ulertzen dute eginkizun hori ez dagokiola arduradun bakar bati, baizik eta sexu heziketak hezkuntza curriculum osoa zipriztindu behar duela. Hala ere, onartzen duenez, teorian «oso polita eta eraginkorra» ematen du, baina, gero, praktikan, ez omen du horren aplikazio erraza. «Matematikako irakasle batek, esaterako, seguru aski ez du ikusiko nola egin dezakeen bere ekarpena, sexualitatearekin lotuta suerta litezkeen arazo edo zalantzak ez dituelako bere irakasgaiarekin lotu ere egiten. Eta horrela ia irakasgai guztiekin».

Lourdes Perezek ekintza txikiei ematen die garrantzia. Izan ere, maiz, ohartu gabe transmititzen ditugu balio heteropatriarkalak, matxistak... Hala, egin edo esaten ditugun horiei kontu handiz erreparatu behar zaiela uste du; gazteei hitz egiteko moduak, jolasteko erak, elkar ukitzekoak, isiltasunak... guztiak darama mezu inplizitu bat. «Denok sartzen dugu hanka, baina, huts horiek ez daitezela izan hausnarketarik gabekoak», dio. Izan ere, pentsa ezinezko eragina dugun agenteak gara, eta gugandik hasi behar da hausnarketa. Zer da haurrari transmititu nahi dioguna? Eta helburu horien bueltan, komunitateko partaide guztiak aritu behar dira elkarlanean, Emaizekoen arabera.

Beldurretik hezten

Marcosek azaldu du orain arte sexu hezkuntzan landutako guztia prebentziora begira egon dela; haurdunaldia, sexu bidezko gaixotasunak, indarkeria, eta abar. Eduki gehienak beldurretik transmititzen dira, eta horrek agerian uzten du bestelako ikuspegi baten beharra. «Sexuari diogun beldurretik ezinezkoa da inor heztea. Ezin dugu sexu heziketa egin, sexualitatearen arrisku eta miserietatik. Eta gaur artean behintzat, eredu hori izan da jarraitu izan dena. Guk askatasuna izaten dugu edukiak nahi bezala lantzeko ikasgeletan, baina badirudi ez baduzu antisorgailuen gaia tratatzen ez zarela zure lana ondo egiten ari». Perspektiba «zaharkitu» horrekin hautsi behar dela iritzi dio. «Planteamendu irekia izango duen hezkuntza sisteman dago etorkizuna».

Curriculuma hankamotz

Ane Ortiz Ballesterosek sexologia ikasketak egin zituen irakasle titulua eskuratu ondoren eta Emaizen dihardu egun. Bere ustez, espainiar Estatuan sexu hezkuntzari eskaintzen zaion arreta «lotsagarria» da Europako beste herrialde batzuekin alderatuta. Baikor begiratzen dio, ordea, Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumari. Izan ere, honek beste hezkuntza curriculum batzuek baino lanketa handiagoa eskaintzen dio sexualitatearen adarrari. Bestalde, gaineratu du eskola gehienek gaiarekiko ardura erakusten duten arren, gehienetan ikastetxetik kanpoko profesionalak eramaten dituztela sexualitate saioak egiteko. Eta hori nahikoa ez dela uste dute Emaizen. Gabezia hori indartu asmoz eskaintzen zaie formakuntza irakasle, hezitzaile zein sendiei. Izan ere, ikasgelan tarte batez sexuaz aritu arren, gazteak nekez barneratuko du ezer gainontzeko espazioetan ez badu bertan landutakoa errealitate gisa ulertzen.

Azpimarratu nahi izan du eskola asko daudela oso argi dutenak sexu hezkuntza ez dela zerbait noizbehinka eta tantaka eman behar dena. Horregatik argi dio: «Ezin daiteke orokortu. Orokorkerietan erortzeak ikastetxe askok urteetan egindako lana lausotuko luke-eta». Gainera, ikusten ari dira «azken urteotan jarrerak aldatzen» ari direla, «jendea hasi baita ulertzen pentsaera hertsiak ez dakarrela ezer onik».

IKTen zurrunbiloan

Beste hari mutur bati heldu nahi izan dio Marcosek. Izan ere, gaur egun inor gutxi bizi da teknologia berririk gabe inguruan. Eta uste du ezin zaiola inolaz ere bizitzen ari garen aldaketari «muzin egin». Horregatik, teknologia berrien gaiari eutsi eta “EnREDados” izeneko programa jarri zuten abian, Arabako Aldundiaren laguntzarekin.

Ane Ortiz, Raul Marco eta Ander Lertxundi ibiltzen dira ikastetxez ikastetxe doan programa ibiltaria lantzen. Izan ere, Ortizek uste du, gaur egungo sexu-heziketa ez litzatekeela zentzuzkoa izango informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) albora utzita. “Teknologia berri” izenez ezagutzen ditugunak bitarteko baitira hainbat eta hainbat arlo lantzeko.

Eta erreminta izateaz gain, Internetek harremantzeko espazio berri baten sorrera suposatu du. Sare sozialak dira adibiderik argiena. «Sare sozialetan oso modu jakin eta zehatzetan jokatzen dugu eta horien arabera garatzen ditugu harremanak, ligatzen dugu, seduzitu, eta abar luze bat. Izan ere, belaunaldi berriek bertan egiten dute zaharragoek tabernetan egiten duguna. Tabernako barran ligatzearena ezohikoa bihurtuko da luze gabe [barreak]».

Hari horri tiraka, hezkuntza arloaz gain, ikusten hasi ziren «zenbaterainoko presentzia duen sareak bikotekideen harremanetan, esaterako». Espazio birtualek «nola antzu dezaketen» harreman orekatu bat. Raul Marcosek azaldu digu: «Jabetu ginen geure burua horren inguruan trebatzeko beharraz: zeintzuk diren sare bidezko komunikazioaren gakoak, nola gertatzen diren interakzio horiek, zeintzuk diren arriskuak, zeintzuk abantailak, zeintzuk norbanakoaren ohiturak aldatzeko gaitasunak...» Eta jakin-min horretatik sortu zen arestian aipatutako “EnREDados”.

Zenbat aldiz entzuten den teknologia berrien presentziak pertsonen gaineko kontrola nabarmen areagotzen duela. Eta hala, sare sozialen erabilera eta sexualitatea arriskuarekin lotu izan dira maiz... Kontrol hori, ordea, Emaizeko kideen arabera ezin daiteke ekidin. «Oinarrizko jarrerak eta erabilera ohiturak dira sakonean eta ezer baino lehen landu behar direnak. Horretan datza hezkuntza». Ane Ortizek nabarmendu du teknologia berriak, oro har, tresna bat baino ez direla. Eta tresnoi, norbanakoen erabilerak ematen die izaera bat edo beste. «Eguneroko bizitzan dugun pentsamolde eta jokatzeko erak areagotu eta bizkortu baino ez dituzte egiten sareetako baldintzek».

Ruiz de Lezanaren irudiko, intimitateak ere merezi du «askotan ematen ez zaion garrantzia». Izan ere, iruditzen zaio egungo gazte askok intimitatea ez dutela aintzat hartzen sarean ibiltzerako orduan, gainontzekoei bizitza pribatuko edozer erakusteari ematen diotela balio erantsia. Interneten intimitatea zaintze hori ere lantzen dute ikasgeletan.

IKTen bidez jasotzen duguna, askotan esaten da ez dela inondik ere errealista. Pornografia, esaterako, edota emakumezko zein gizonezkoen itxurari buruzko mitoak. «Pornografia sexuaren zientzia fikzioa da», dio Marcosek, serio. Azaltzen du nola gazteei argi utzi behar zaien ez dela «inolaz ere egiazkoa» ordenagailuan aurki dezaketen hori. «Ez da txarra pornografia kontsumitzea, baldin eta jakiten badugu zer den benetan ikusten ari garena». «Eskandalizatzeaz harago» joan behar du sexu hezkuntzak, dio Ruiz de Lezanak. «Saiatzen gara egunerokotasunean gerta daitezkeen horiek normaltasunez tratatzen eta azalpen bat ematen».

Eskaintza anitza

Formakuntzaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituzte Emaize Sexologi Zentroan; sexu eta bikote terapia, eta sexu aholkularitza, besteak beste. Aholkularitza zerbitzua eskaintzeari duela hiruzpalau urte ekin zioten. Marcosek nabarmendu duenez, «estatistikarik ez» duen arren, 25-30 urte arteko «gizon asko» hurbiltzen dira laguntza eske, emakumezkoekin harremantzeko ezintasuna dela medio. «Arazorik ez duten pertsonak dira, lagunak dituztenak eta sozialki erabat gizarteratuta daudenak. Baina, apenas duten gaitasunik emakumezkoekin harremanetan sartzeko». Beldur kontua dela dio sexologoak, eta horri begira, gaitasunak sendotze aldera, teknologia berriak ere «oso lagungarri» izan daitezkeela.

Bestetik, terapiei dagokienez, batez ere «desira falta» eta «sare sozialek eragindako arazoak» tratatzen dituzte. Sareak aipatzean, Whatsapp aplikazioaren erabileratik eratorritako «krisiak» nabarmenduko lituzkete Emaiz zentroko kideek. Baina ez dute nahi «inolaz ere» Internetek izan dezakeen kutsu negatibo hori indartu. «Erabileraren nondik norakoak lantzean dago gakoa», berresten dute behin eta berriro.

«Heziketa indartu, askatasunez hitz egin eta tabuak apurtu». Helburu horiek erdiesteko lanean jarraituko dute aurrerantzean ere Emaizen.

 

Teknologiaren arriskuak eta aukerak

Datu ofizialik eta estatistikarik ez dagoen arren, psikologia kontsultetan gero eta presentzia handiagoa hartu omen dute azken urteotan sare sozialek eta eskuko telefonoen zenbait aplikaziok, Whatsapp arrakastatsuak bereziki. Aditu batzuen esanetan tresna berri horiek ez dute hainbeste aldatu pertsonen harremantzeko modua, baina joera batzuk areagotu egin dituzte, kontrolarena kasu.

Whatsapp aplikazioa, esaterako, kontrolerako modu zorrotza bihurtu da. «Duela ordubete idatzi diot mezu bat, irakurri du eta ez dit erantzun. Zergatik? Zertan ari ote da? Zeinekin?». Bikote harreman askoren krisietan omen dago Whatsapp aplikazioa. Izan ere, sare sozialak eta teknologia berriak tarteko, normaltzat jotzen da une oro konektatuta egon beharra, bai lanagatik bai bizitza pertsonalagatik. Eta tresnok kontrolerako bitarteko eraginkorrak direnez, bikote harremanetan kontrol beharra duenak badauka nola ase bere ezina. Kontrolatzaileak orain bezala lehen bazeuden, baina lehen ez zuten Whatsapp aplikazioa eta beste bide batzuk erabiltzen zituzten. Adituen esanetan, «duela hamar urte bikotearen poltsa edo kartera miatzen zen informazio bila. Orain, telefonoa. Moduak aldatu dira, baina mamia lehengo berdina da. Orain metodoak errazagoak dira».

Bestetik, bikotetik kanpoko harreman asko sare sozialetan bistaratzen dira. Norberaren bizitza pertsonaleko kontuak sarean zintzilikatzea erabat normala bihurtu da, eta, maiz, ahaztu ere egiten da pareta publiko batean ari zarela zure bizitzaren parteak erakusten. Eta akaso horietako batzuk ezkutuan nahi zenituela.

Teknologia berriek, baina, abantailak ere badituzte. «Noizean behin mezutxo bat bidal diezaiokezu bikotekideari zenbat maite duzun esanez. Horrelakoek harremana sendotzen dute», ematen dute aholkua adituek.

Bestetik, Internet sexu aniztasunaren aldeko tresna ere bada, baldin eta ondo erabiltzen bada. «Zure praktika sexual berdinak dituen jendea ezagut dezakezu eta ez zarela piztia arraro bat sentitu. Normalizazio tresna garrantzitsua da», nabarmendu dute.