Ideien inguruko esplorazio berri bat behar da politikan
Zure gorrotoa purua al da? Hori omen da Ameriketako Estatu Batuetan politikaz idazten hasten direnean kazetariek erantzun behar duten lehen galdera. Estilo liburuetan jasoa dute: polemika politikoan sartuta bazabiltza, idatzi inporta zaizun horren inguruan, pasioz idatzi, heldu zuzenean zure etsaien eztarria eta ez utzi askatzen. Jende praktikoa dira estatubatuarrak. Ez dute ideien indarrean sinesten. Zentzu horretan, Stalin zenak bezala pentsatzen dute. Stalinek, Aita Santuak zuen botereaz ohartarazi nahi izan zutenean, honela erantzun baitzuen: «Zenbat dibisio ditu ba?».
Ideiak, baina, ezin dira droneen bitartez detektatu, ezin dira bonbardatu eta mila pusketan lehertu. Ideiek bakarrik ez dituzte arazoak konpontzen, baina ez dago politikarik ideiarik gabe. Agian horregatik, ideia politikoen inguruan egiazko industria global bat antolatu da. Think tanks izena ematen zaie ikerketa, analisi eta eztabaidarako instituzioei. Oso modako bihurtu dira, eta, futbolariek bezala, urrezko baloi propioak dituzte, beren eragina sailkapenetan neurtzen baita. Kuriosoa da fenomenoa, baina, ugalketa esponentzial horrekin batera, herritarren pertzepzioan gaizki gobernatuak garen ustea ere handitu da, are nazioarte mailan edo gai globaletan ez dagoela inolako gobernurik.
Bai, hala da, bai, mundua (eta gure Euskal Herria) konplexutasunean azkarrago hazten ari da hura ulertzeko eta aldatzeko gure ideiak antolatzeko dugun ahalmena baino. Lasterketa zoroa da eta atzean ez ote garen geratzen zalantza hedatzen ari da. Izan ere, egoera berrietara ideia zaharrekin moldatzeko nahia da nagusi, hitzez denok aldaketa nahi dugu baino ekintzez inork ez du aldatzeko nahia demostratzen eta hortxe gabiltza kateatuta, oraindik ikusten ez den mentalitateen iraultza baten esperoan.
Pellokeria dirudi baina euskal politikan ezinbestekoa da ideien inguruko esplorazio berri bat, jende korrientea abiapuntu eta helburu, libertatearen naturaz, demokraziaren zentzuaz, botereaz eta estatuaz arituko dena. Esplorazio hori ezinbestekoa da gatazka ideologikoari ekiteko, egungo testuinguru aldakorra ulertu eta bertan eragiteko. Nahitaezkoa da Machiavello, Hobbes, Locke, Mill edo Marx bezalakoak apur bat ezagututa, teorizazio politiko berriei ekitea, idatzizko argudio sendoak sortzea, konbentzitzen duen hitzezko kontakizuna jostea.
Bestela, han bezala hemen ere faltan ez dugun eskaskeriak bide zabal eta garbia du. Eta arrantza egiteko pita fin eta gogor batekin eskaskeria eta ustelkeria elkar lotuta daudelako, gure baitako okerrena atera eta gure arteko txarrenek gida gaitzakete. Diziplina obedientziarekin nahastuta, merituan baino leialtasun itsu batean oinarrituta, beren bizitza politikoa bukatzean ideia on bat bera ere herriari utzi ez dietenen eskuetan.
Zalantza dantza oso neurea dut, baina gauza batean ez daukat zalantzarik: euskal politikaren ziklo baten amaieran gaudela bistan egonagatik ere, ziklo amaierek moldagarritasun handia daukate, ez dute bukaera bat otzan onartzen. Denboran asko luza daitezke, atzean desolazio paisaia bat utziz. Eta defentsa mugimendu bikoitza dute. Batetik, metrailadore baten tiro-segida: berria den orok, bere erradikalismo jasangaitzarekin, amildegira garamatza. Bestetik, funtsean denak berdinak direla diote: «Gu bezain ustel»... Akusazio bikoitz horren inkoherentziak ez du axola. Dena dago inbentarioan eta dena da zilegi.
Errazagoa baita gezur sinple bat onartzea egia konplexu bat baino. Errazagoa, dudarik gabe, guzti hau idaztea egitea baino. Etsaiari eztarritik nola, hala heldu behar zaio erronka honi. Larritasuna aitortuz baina larriminik gabe. Erabaki egokietan eta oraindik gure esku ez dauden soluzioetan asmatuz. Kaskarrari eraginez, ideia berritu eta egokitu behar da. Askatasuna emango du horrek. Urrutiko gogomira. Arnas luzea. Jendearen ilusioak elikatu eta konfiantza propioak indartuko ditu. Inon ez baitago idatzita gureak otsoen gobernu bat duen ardien lagunartea izan behar duenik. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Pertsonalki, greba oso gogorra izan da, baina merezi izan du»
Sinetsarazi nahi digute, baina...
