Mikel Zubimendi
ARGAZKIA DETONAGAILU

Errealitate jasangaitza atzematen duten «koadro apartak» baino askoz gehiago

Mila hitz baino adierazgarrigoa izan omen liteke argazki bat. Argazki guztiak, ordea, ez dira berdin munduratu. Batzuek egiak adieraz ditzakete, hitzek ezingo luketen emozioak islatu. Gure beldur sakonenen ispilu izan litezke edo humanitatearen aldeko esperantza osoa eskaini. Kontzientziak astindu, mundua alda dezakete.

Historian zehar beste argazki batzuekin gertatu legez, esaterako Kolonbiako Omayra Sanchez edo Vietnamgo Phan Thi Kim Phuc neskatoekin, oraingoan Aylan al Kurdi umearen irudiak harrotu ditu hautsak, kontzientziak inarrosi eta mugarik ez duen eztabaida piztu du. Galderak, esanahiak eta inpaktu ezberdinek bat egiten dute Aylanen argazkian. Eta hura ikusten ari den begiradaren arabera gauza bat eta bere kontrakoa nabarmendu daitezke.

Galderak betikoak baitira: zuzena da argazki hau –edo gisakoak– publikatzea? Zergatik argazki hori eta ez beste batzuk? Kazetari batek edo haurtzaroan espezialista batek ez dute, segur aski, modu berean erantzungo. Izan ere, komunikaziorako giza eskubideak eta haurraren giza eskubideak talka egin dezakete, argazkiari askotariko erabilerak eman dakizkioke-eta: arreta eskatuz, sorpresa eta espantuaren plantak egiten dituen exhibizio deshumanizatu batez abusatzeko erabil daiteke edo migrazioa bezalako arazo kultural, historiko eta sozial batez perspektibak eta informazioak zabaltzeko detonagailu gisa.

Haur eta nerabeen babeserako politiken arabera, argazkia publikatzea ez da etikoa eta Aylanen pareko haurren eskubide oso pertsonalak urratzen ditu. Seguru asko, gainera, hau planteatuko dute: zergatik plazaratu Aylanen argazkia eta zuzeneko emanaldi batean tirokatu zituzten Virginiako telebistako esatarien irudiak ez. Arrazoi osoz. Kazetariek neurri bikoitza darabiltela azpimarratuko da agian. Ukaezina da, ordea, argazki horren balio periodistikoa. Aylan bezala milaka haur dira hildakoak, baina bere argazkiak bereziki kolpatzen du eta mahai gainean jartzen du mende honetako giza drama bat: ezberdintasunarena, nazio aberatsen indiferentzia periferiako populazioen miseria eta larrialdi deien aurrean.

Testuingurua eta asmoa gako

Beste argazki askorekin gertatu den bezala, Aylanena ez da argazki isolatu bat. Ez da errealitate jasangaitz bat atzeman eta aldatu behar den aparteko koadro soila. Testuinguruak eta asmoak dira gakoa. Eta natural barneratzea beti egongo dela tentsio bat erabaki mediatikoak hartzerakoan, komunikazio deshumanizatu baten gainean biolentziaren pornografiaz ratinga, irakurle kopurua edo dirua lehenestea edota lehen planoan errealitate deshumanizatu bat jartzea erabakitzean, bere komunikazioaren bitartez, historikoki isilduak izan diren gaien inguruan aldaketa eta hausnarketa bultzatzeko.

Munduko erredakzio askotan errepikatu da eztabaida hori. Izan dira, izan direnez, argazkia ez publikatzea erabaki duten komunikabide «errespetagarriak»; izan dira publikatu eta pantailaratu dutenak, egun berean 50 aldiz emateraino, ikusleen begirada detaile zehatz eta morbosoetara bideratuz, inpaktu handiko irudiokin dirua egitea eta ikusle kopurua gehitzea helburu goren hartuta. Hausnarketa bultzatu edo alde batera utzi; komunikazioa eraldaketa sozialaren zerbitzura jarri edo herriari baino jabearen interesei erantzuten dieten erabakiak hartu, diru mediatikoa egiteko bitarteko egin... beti egon den tentsioa da, modu batera edo bestera aska daitekeen korapiloa da.

Oro har, Europako egunkariek lehen orrialdera eraman dute Aylanen argazkia eta horrorearen ikur eginda editorial gogorrak idatzi dituzte. Iritzi publikoa hunkitu egin dela ukaezina da. Gure txikian, GAUR8k ere argazki latz hauen sorta publikatzen du, errealitate deshumanizatuok lerrootara ekarriz perspektiba berriak irekitzeko, aldaketa eta hausnarketa bultzatzeko detonagailu izaten laguntzeko xede xumeaz.

 

AYLAN AL KURDI:

Holokausto berri baten sinboloa

Turkiako Bodrum herritik Greziako Kos uhartera itsasontzi batean abiatu zen Aylan Al Kurdi umea, itsasoratu eta berehala itsasontzia hondoratuko zela jakiteke. Naufragioan hil ziren beste bost ume eta zazpi helduenak ez bezala, olatuek bere gorputza hondartzara hilotz ekarri zuten eta buruz behera hondarrean zetzala egin zioten argazkiak Aita Santuak berak bere deialdiekin lortu ez zuena lortu du: plantak eginez eta hipokrisia dosi handiekin bada ere, Merkel Eta Hollanderen arteko goi bilera urgentea behartzea, «migranteen krisiari» erantzun bateratua eman eta errefuxiatu kopuruen kuotak zehazteko. Nahi gabeko heroi bihurtu da Aylan umea, izen eta abizenak jartzen dizkie Lampedusan edo Gibraltar edo Mantxako itsasarteetan hil diren milaka pertsonei, modu generikoan «migrante» deitzen zaien pertsona anonimo horiei guztiei. Duda barik, Aylan al Kurdi sinbolo bat da dagoeneko eta bere argazkia kommozioa eragin duen detonagailua da, gizateriaren naufragio baten adierazlea, holokausto berri baten salaketa ozena.

«The falling man», irailaren 11ko irudi ikonikoa

Segur aski, Irailaren 11ko irudi indartsu eta polemikoena, moda desfile bat kubritzera zihoan Richard Drew argazkilariak atera zuena. Sugarretatik ihesi beren buruak 105. solairutik behera botatzea beste aukerarik izan ez zuten berrehun pertsona ezezagun haietako bat da “The Falling Man”. Milaka pertsonak ikusi zuten bertatik bertara, milioka etxeko egongeletatik, erortzen ez balego, erlaxatua, dena kontrolpean duela, hegan ari dela dirudien gizonaren sekuentzia mortala.

Hauts kantzerigenoek estalia eta hila

Aurtengo abuztuaren 25ean zendu da Marcy Borders, urdaileko minbiziaren kontrako borrokan indar guztiak ahituta. World Trade Centerreko dorre bateko 81. solairuan egiten zuen lan eta handik irtetea lortu zuen arren, kanpora atera eta beste dorrea erraustu zen. Hauts eta toxina kantzerigenoek osoki estali zuteneko bere argazkia Irailaren 11ko atentatuen beste irudi ikoniko bat da. Atentatuen ondoren, alkohola eta drogak obsesiboki hartu eta errehabilitazioan egon zen, harik eta errehabilitazioa utzi eta minbizia diagnostikatu zioten arte. Traumatizatuta atera ziren milaka biktimen artean bera izan zen, agian, mediatikoena. Bere heriotzak inpaktu itzela izan du AEBetan.

«Haurraren gosea, putrearen asea»

Kevin Carter argazkilari hegoafrikarrak Sudan hegoaldeko Ayod herrixkan atera zuen argazki honek gosetearen inguruan munduko kontzientziak astindu zituen. Hori bai, kritika latzak jaso zituen, «neskatoaren sufrimenduaren unerik egokiena hartzeko objektiboa doitzen duen gizonak beste predatzaile bat izan behar du, beste putre bat agertokian» gisakoak. Neskatxa argazkiko putreaz libratu zela badakigu, haren azken patua zein izan zen, ordea, ez. Pullitzer saria irabazi zuen 1994. urtean, baina, argazkiak betiko markatuta, hiru hilabete geroago haurra zela jolasten zen leku batera abiatu zen Carter. Bertan, autoaren ihes-hodia eta autoaren barrualdea lotu zituen tutu baten bidez. Karbono monoxidoarekin pozoituta egin zuen bere buruaz beste 33 urte zituela.

Zuzeneko heriotza lazgarria

13 urteko Omayra Sanchez neskatxa kolonbiarraren agonia telebisatu eta fotografiatuak (argazkia Frank Fournierrena da) mundu osoa kolpatu eta sekulako min eta ezina eragin zuen. Nevado del Ruiz sumendiaren leherketak bertan pilatuta zeuden elur perpetuoak urtu eta bere herria, Armero, lokatzetan hondoratu zuen. Bere aita, anaia eta izebaren hilotzak hankapean zituela, gerritik behera lokatzetan harrapatuta, hiru egunez egon zen bizirik gangrenak jota hil zen arte. Edo hankak anputatu edo moto-bonba ekarri eta ur eta lokatzak kentzea, beste soluziorik ez zuten ikusten sorosleek. Kirugiarako bitartekoen falta eta moto-bonbak oso urruti egoteak ezinezko egin zuen baina. «Gaur matematika azterketa daukat, kurtsoa galduko dut» hitzak esanda bota zuen azken hatsa.

Tankeak «garaitu» zituen gizona

Txinan izan ezik, mundu osoan argitaratu zen “Tankearen gizona”, edo “Erreboltari ezezaguna”, izena eman zitzaion argazki zirraragarria. Jeff Widener argazkilariak atera zuen 200 metrora zegoen Beijing hoteletik , 1989. urtean Tiananmen plazan gertatu zen sarraskiaren biharamunean. Tanke zutabe baten aurrean, horri desafio eginez ageri da gizona bere bakardadean, erosketako poltsak eskuetan dituela, bere borondatea eta adorea ez beste armarik gabe, «pasatzekotan, nire hilotzaren gainetik pasako zarete» mezua iradokiz. Bai, tankeen zutabe osoa geldiarazi zuen, harik eta zibilez jantzitako polizia azaldu eta betiko desagertu zen arte. Batzuek diote fusilatu egin zutela, besteek nortasun faltsupean bizi dela Taiwanen; ez dago ziur esaterik. Makina bat borroka inspiratu dituen sinbolo unibertsal bilakatu dela, ordea, bai.

«Napalm neskatxa», Vietnamgo gerraren inflexio puntua

AEBen aliatu ziren Hego Vietnameko indarrek Viet-Congeko gerrillarien aurkako napalm bonba bidezko aire eraso baten ondoren, 9 urteko Phan Thi Kim Phuc neskatxari, napalmak gorputza serioski erreta, minez garrasika, haragi bizitan biluzik ihesi zihoala, argazkia atera zion Nick Ut argazkilariak. Munduko kontzientziak asaldatu eta Vietnamgo gerraren aurkako eta gerra ororen aurkako ahotsak ugaritu zituen. Egia da ordurako AEBetako Armada Asiako herrialde hartatik erretiratzen hasia zela, baina argazki honek bertako iritzi publikoan izan zuen inpaktu itzela medio, prozesu hori izugarri azkartu zen. Argazki haren ondoren, porrotaren aitorpena eta Vietnametik alde egitea denbora kontua baino ez zela izan esaten dutenak ere badira. Sufrimendu eta ebakuntza asko egin eta gero, Phan Thi Kim Phuc-ek sendatzea lortu, eta egun Kanadan bizi da.

Eskuak lotuta, presoa exekutatuta

Vietnamgo gerrak utzi zituen milioika argazkien artean Hego Vietnameko poliziaburu Nguyen Ngoc Loanek oinutsik eta eskuak lotuta zen Vietcong-eko gerrillari Bay Hop presoa kameren aurrean buruan tiro batez exekutatu zuenekoa da ezagunetarikoa. «Napalm neskatxa»-renarekin batera, gerra definitu eta historia aldatzeko ahalmena izan zuen.
Paradoxikoki, borreroa eta biktima, biak ziren vietnamdarrak. Borreroa, baina, AEBek irakatsi eta entrenatutakoa zen, gerra kriminal gisa bere estradizioa ukatu eta hil arte babestu zuena. Eddie Adamsen argazkia, 1969an Pullitzer saria irabazi zuena, “The New York Times” egunkariaren azalean publikatu zen eta telebistako berrietan eman zituzten exekuzioaren irudiekin batera, gerraren horroreak nabarmendu zituen, haren ankerkeria eta inkoherentzia azpimarratu. Adamsek esana da Ngoc Loan jeneralak gerrillaria exekutatu zuen gisara, bere argazkiarekin Loan bera «exekutatu» zuela, bizitza osoa ezkutatuta, bizitokiz aldatzen, beti beldurtuta bizitzera kondenatu baitzuen.

Mathausen: Izugarrikeria totala

SS nazien Identifikazio Zerbitzuak ateratako argazki hau, Francisco Boix preso errepublikazaleak lapurtua eta aurten argitaratua, kontzentrazio esparru erraldoi haren erabateko izugarrikeria gordinki adierazten du. Gaseztatuta, injekzio bidez, gosez edota heriotzaraino lan egitera behartuta 100.000 preso baino gehiago hil zituzten, tartean baita ehunka euskaldun ere. Indar aliatuek askatu zuten azken kontzentrazio esparrua izan zen, 1945eko maiatzaren 5ean, eta, bertan juduak, ijitoak, preso politiko alemaniarrak, preso hartutako soldadu sobietar edo britainiarrak, errepublikazale espainiarrak, eusko gudariak... modu industrial eta mekanizatuan hiltzeko espresuki prestaturiko heriotza makineria oso bat aurkitu zuten.

Une bat ez ezik, aro historiko bat islatzen duen ezinbesteko irudia

Robert Caparen Leica III argazki kamerak Kordobako Cerro Murianon bala batek miliziano errepublikazale bat jotzen duen momentua zehatz atzeman zuenekoa Gerra Zibileko irudi famatuena ez ezik, askorentzat inoiz egon den gerra argazki onena da.
Une zehatz hura ez ezik, aro historiko bat ere irudikatzen du eta, duda barik, XX. mendea ulertzeko ezinbestekoa da. Erreala edo posea ote zen, “Milizianoaren heriotza” argazkiaren inguruan ez zen polemikarik falta izan. Benetako gertaera dela frogatuta dago, ordea. Argazkia atera eta hirurogeita hamar urtera jakin zen milizianoa Alcoyko Federiko Borrel Garcia anarkista zela. Capa argazkia atera eta hemezortzi urtera lurreko mina bat zapalduta hil zen Indotxinako lehen gerran.