Gorka Elejabarrieta

Estrategiaz

Atzoko Diada aurretik idatziriko artikulua da hau, argitaratzeko epeek eskatzen diguten bezala, eta beraz, azkeneko egunetan gertaturikoak ez ditut ezagutzen. Pausoz pauso, Katalunia aurrera doa, bere bidea eginez, erabakitzeko eskubidea egikaritzera. Bidean aurkitu dituen traba eta arazoen aurrean aterabide irudimentsuak bilatuz eta hauek herritarren oniritzi eta babesa ote daukaten une oro neurtuz. Prozesu gutxi dira munduan jendartearen iritzia horrenbestetan galdetu dutenak.

Irailaren 27an, eta hurrengo pausoa eman aurretik, berriz ere katalanei beren iritzia galdetuko diete, kasu honetan independentzia nahi duten edo ez jakiteko. Argi dago datozen hauteskundeak hauteskunde plebiszitarioak direla, horrela definitu dituzte independentziaren aldekoek, eta baita independentziaren kontrako botoa bilatzen dutenek ere. Estatuan azken egun eta asteetan gobernu, alderdi unionista eta iraganean gobernu ardurak izandako hainbat pertsonak esandakoak ere hauteskundeen plebiszitu izaera indartu baino ez du egin.

Prozesu luze honek dituen ezaugarri batzuk azpimarratu nahi nituzke. Esan bezala, jendartearen parte-hartzea da ezaugarri nagusi horietako bat, gizarte zibila izan baita prozesuan eman diren aurrerapauso kualitatibo guztien bultzatzaile eta bermatzaile nagusia. Izan mobilizazioen bitartez, izan boto bidez, jendartearen parte handi bat inplikatu da eta inplikatuta dago, ez dago prozesuaren kapitalizatzaile bakarra, eta hori garrantzitsua da, prozesu honen jabegoa kolektiboa eta norbanakoa dela esango bainuke. Denona.

Zenbait ikerketak eman dituzten datuak aintzat harturik, ugari dira baietza edo ezetza bozkatzeko jendeak dituen arrazoi nagusiak. Baietz bozkatuko dutenen artean abertzaletasuna ez omen da arrazoi nagusi bezala azaltzen –datu interesgarria benetan–, estatu propio bat izateko eztabaida eta erabakia beste parametro batzuetan kokatzen baitute; bizi kalitatean eta norbanakoak eta kolektiboak hobera egiteko dituen aukeren eta proiektuen inguruan, hain zuzen. Ezetza bozkatuko dutenen arrazoi nagusia, aldiz, bada abertzaletasuna. Espainiar abertzaletasuna, hain zuzen. Mundua alderantziz, urteetan kontatu digutena hankaz gora jartzen du ikerketa honek.

Katalanak legezko bide guztiak ibiltzen saiatu dira, une oro elkarrizketarako eta negoziaziorako prest azaldu dira –eta prest egoten jarraitzen dute–. Baina horrek guztiak kale egin eta gero, aldebakarreko pausoak ematen hasi dira. Kosovoko bideari jarraitu diote zentzu honetan, eta oroitu Nazioarteko Justizia Auzitegiak Kosovoren independentzia aldarria ontzat hartzeko argudiaturiko arrazoi nagusietako bat hori bera izan zela.

Eta nabarmendu nahiko nukeen hirugarren ezaugarria nazioartearen babesa eta laguntza dira. Prozesua martxan jarriz geroztik sekulako kanpaina diplomatiko-politikoa gauzatu dute katalanek nazioartean. Haien prozesuaren zilegitasuna bilatuz eta baita independentzia aldarrikatuko duten egunerako zenbait estaturen onarpena ziurtatuz ere. Estatu berri batek behar duen lehen gauza gainerako estatuen onarpena da, hori baita nazioarteko joko zelai politiko eta ekonomikoan besteak bezala aritzea bermatzen diona. Begira adibide gisa Palestinak edo Kosovok bide horretan daramaten borroka.

Laburbilduz, prozesuaren ezaugarri nagusiak, nire ustez, jendartearen parte-hartzea, arerioarekin elkarrizketa, negoziazioa eta akordiorako borondatea –baina beto eskubidea aitortu gabe, hau da, horretarako saiakerak kale eginez gero, kale egin duten bezala, prozesuan aldebakarreko aurrerapausoak emateko konpromisoa– eta nazioartearen babes eta bultzatzaile rola bilatzeko beharra dira. Azken paragrafo hau berriz irakurri eta ez dakit “Zutik Euskal Herria” txostenaz edo Kataluniako prozesuaz ari naizen, horiek baitira ezker abertzaleak estrategia berria erabaki zuenean planteatzen zituen lan ardatz nagusiak. Irailaren 27a, beraz, Kataluniak independentziarako bidean pausu garrantzitsua eman lezake, izan bedi. •