Liderrik behar al da?
Liderra beharrezkoa da? Protagonismo gehiegizkoa ematen zaie buruzagi batzuei? Pertsonalismoetan jausten gara taldekide bakarra bereizten dugunean? Eremu labainkorra inondik ere. Ea onik ateratzen garen. Gaiaren inguruko ardura sortu zaigu, bereziki, Arnaldo Otegiren aldeko kanpainak eragin dituen iritziak entzundakoan. 400 presotik gora egonik, zergatik pertsonalizatu bakar batengan? Presoen aldeko mugimenduak modu monolitikoan egin ohi du preso politiko guztien defentsa, bereizi gabe zigorraren jatorria. EPPKren barnean badaude arma bat inoiz ikusi ez duten ekintzaile bakezaleak, kazetariak, gazte mugimenduan aritu direnak, autobusak edo kutxazainak erre dituztenak eta pertsonak erail dituztenak. Denak dira EPPK, denak dira preso politiko. Beraz, zertara dator “Free Otegi” kanpaina, nahiz eta segidan gehitu “and them all”? Erantzuna saihestu daiteke, baina galdera hor dago.
Muinean dagoen eztabaida ezkerra bezain zaharra da, pertsonalizazio oro pertsonalismoarekin identifikatu baita, indibidualismo burgesarekin. Ezkerraren joera taldea indartzea izan da beti, kidetzaren bidez kide guztiak berdintzea, gora eta behera (batez ere gora) egiten zutenak erdigunera eramatea, eta kolektiboa banakoaren gainetik lehenestea. Diogunaren muturrekoa gizarte sozialista sobietarrean ikusi genuen, non koska guztiak leuntzen ziren eta herritarren bizimodua estatuak berak erabakitzen zuen, baita beren janzkera, lan jarduera, kultura kontsumoa eta pentsatu beharrekoa ere.
Taldetik bereiztea eta aukera askatasuna segidan identifikatzen zen burgeskeriarekin eta liderra nabarmentzea eskumaren joera zen, haren identitate zantzua.
Eta, hala ere, une jakin batzuetan eta mugimendua noraezean dabilen garaietan, eskuma-ezker entzuten da lidergoa falta dela, erreferentzialak diren pertsonak gutxi direla, eta horren gabezia sumatzen da, potentziala egonik katalizadore lana egingo duen pertsona falta delako.
Agian tiroa okertu dugu ez dugulako jakin adosten zer ulertzen dugun «liderra» diogunean. Batzuek identifikatuko dute aginte autoritarioarekin, besteen gainetik gailentzen den buruzagi zorrotzarekin. Liderra ikusten baldin bada egitura bertikal baten goialdean dagoen agindu emaile moduan, bat nentorke ez dagoela lider beharrik.
Liderra, ordea, beste modu batera ulertzen dut. Lehenik eta behin, bere ibilbideak legitimatzen du liderra, kolektiboaren alde emandako zerbitzuak. Bigarrenik, liderrak badu gainontzekoek baino antena sentiberagorik, eta asmatzen du interpretatzen taldekideen gogoa, berba bihurtu aurretik. Hirugarrenik, sentsibilitatea eta inteligentzia uztartzen daki, oraindik sentipen hutsa baino ez dena termino politikoetan kategorizatzeko. Laugarrenik, liderrak intuizioa du, oraindik ez dena ikusteko gaitasuna du, eta intuizio hori apustu bihurtzen daki. Eta azkenik, karisma deitzen den hori ere badu liderrak, hau da, hurkoa erakartzeko gaitasun naturala, konfiantza ematen duelako, koherentea delako, fidatzekoa delako.
Hasierara bueltatuta, nik ez dut zalantzarik edozein mugimendu politikok eta sozialek lider beharra duela. Ez dut ulertzen “Euskaldunon Egunkaria”-ren sorrera Joxemi Zumalabe gabe. Adibideak nonahi topa daitezke gure artean. Arnaldo Otegi liderra den ala ez herrikideek esango dute. Baina, antza denez, arerio politikoak usaimen hobea du herrikide askok baino. Nahiz eta agian ez duten ondo kalkulatu maniobra politikoaren okerra, 421 presoetatik bat egunez egun liderrago egiten ari baitira .
Horrek ez du kentzen, noski, kolektiboarentzako lana egin beharra. Otegirekin batera badaude Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez, eta beste 322 preso gehiago Espainiako kartzeletan, 90 Frantzian eta bana Portugalen, Mexikon eta Alemanian. Horien guztien aldeko konpromisoa hartua du Otegiren mezuarekin bat datorrenak. •

