AFGANISTANDIK IHES EGIN NAHI DUTENAK ERE, EUROPARA BEGIRAAFGANISTAN

Mirwaisek hogei urte besterik ez ditu, baina erabakia hartua du: Europara egin behar du ihes, Afganistanen jarraitzea berarentzat arriskutsuegia da-eta. Horregatik joan da Kabul hiriburuko eraikin batera, bertan pasaportea egingo diotelakoan. Bere egoera berean dauden makina bat pertsona aurkitu ditu bertan, Asiako erdialdeko herrialde hau baita Europara paperik gabeko iheslari gehien bidaltzen dituenetako bat: bigarrena, Siriaren atzetik gaur egun.
«Uhateak zabalik daude, Europaraino iristeko gure aukerarik onenaren aurrean gaude», dio afganiar gazteak. AEBetako Armadarentzat itzultzaile lanak egiten zituen ekialdeko Kunar probintziako base batean, baina alde egin behar izan zuen, talibanak erabat infiltratuta baitzeuden instalazio haietan.
Estatubatuarrentzat lan egin duten beste afganiar askok bezalaxe, berak ere talibanen mehatxuak jaso ditu. Horiek igorritako eskutitz bat darama eskuetan, pasaportea egiteko garaian lagungarri izango zaiolakoan. AEBetara joan ahal izateko bisa berezi bat eskatu zuen, baina ez du erantzunik jaso.
Alemaniako herritarren pankartak
Aurreko astean, telebistan Alemaniako dozenaka herritar, pankartak hartuta, iheslariei ongietorria egiten ikusi zituenean, Mirwaisek pentsatu zuen ezin zuela horrelako aukera bat alferrik galtzen utzi, eta berehala joan zen bere pasaportea berritzera.
AEBetara sartzeko bisa iristen ez bazaio, eta ez dirudi iritsiko zaionik, Alemaniara joan nahi du, Iran eta Turkiatik barrena. Ez du baztertzen trafikatzaileren bati dirua ordaindu behar izatea.
«Aditu dut Alemanian siriarrek izaten dutela lehentasuna, baina afganiarrok ere aukera ona dugulakoan nago», esan dio kazetariari pasaporteak egiteko bulegoan zain dagoela. Itxaropen bera dute ondoan eserita dituen dozenaka lagunek.
Afganistango gatazkaren azken kapituluak orain 13 urte hasi ziren, AEBek herrialdea inbaditu zutenean. Talibanak kendu zituzten agintetik atzerritarren tropek, baina egonkortasunaren tankerako ezer eraikitzeko gaitasunik ez zuten erakutsi estatubatuarrek ezarritako agintari berriek, eta gerrak bere horretan jarraitu zuen. Etenik gabe. Atzerritarrak ziren agintari berrien sostengu bakarra. Baina Kabulgo Gobernuari laguntzen zion NATO erakundeak alde egin zuen Afganistandik, eta ondorioz herritar askok asilo politikoa eskatu dute Mendebaldeko herrialdeetan. NBEak emandako datuen arabera, iaz %65eko hazkundea izan zuen asilo politikoa eskatu duten afganiarren kopuruak, eta aurten joera indartu egin da eta 50.000 afganiarretik gora iritsi dira dagoeneko Europara.
Testuinguru horretan, Hamid Karzai presidente ohiak gazteei herrialdetik ez joateko eskatu die: «Herrialdean geratu eta eraiki ezazue. Herrialde honek behar zaituzte».
«Jendeari geratzeko eskatzeak ez du ezertarako balio», Richard Danziger IOM Migrazioen Nazioarteko Erakundeko zuzendariaren esanetan. Bere ustez, Afganistango agintariek ihes egin nahi dutenekin zuzenean hitz egin beharko lukete, zerbait lortu nahi bada.
Etxe atarian utzitako mehatxua
Izan ere, Mirwais gazteak erakusten digun papertxoak ez du zalantzarako tarterik uzten: «Atzerriko fedegabeentzat lan egiteagatik lepoa moztuko dizugu». Talibanek berari igorritako idatzia da. Etxeko atarian itsatsita utzi zuten. Oso kontuan hartzekoa, horiek askotan erakutsi baitute mehatxuak betetzeko gauza direla.
Tankerako hausnarketak eginda abiatu zen Kunduz Afganistango iparraldeko hiritik Mohamad, baina oraingoz bidaia Hungarian amaitu zaio, Serbiako mugaren ondoan dagoen Roszkeko iheslari kanpalekuan. Hotza, gosea eta ezintasuna jasan beharra tokatzen ari zaio: «Burusiak behar ditugu gaua pasatzeko, dendatan hotza ikaragarria da-eta».
Mohamaden anaiak Alemaniako Armadarentzat egiten zuen lan Afganistanen eta gaur egun Europako herrialde aberatsean bizi da. Berarengana joan nahi du anaia gazteak, baina Hungariako segurtasun indarrek harrapatu eta bertan sartu zuten, gutxieneko baldintzak eskaintzen ez dituzten instalazioetan.
Pakistandik, Siriatik, Iraketik eta Afganistandik ihes egindako familia ugari sartu dituzte kanpalekuan, lokatza nagusi den puntuan. «Bizitza salbatzeagatik egin nuen ihes, talibanek mehatxatu egin naute-eta», azaldu du.
Hungariar segurtasun indarrek jarri dieten eskumuturrekoa erakusten dute iheslari batzuek, bisitariei tabakoa edo janariak eskatzeko, baina berehala hurbiltzen dira poliziak errefuxiatuei ezer ezin zaiela eman esatera.
Bidaiak porrot egiten duenean Kabulgo bulegoan zain daudenek ez dute horren berririk izaten. Bai, ordea, iheslaria nahi zuen lekura iristean. Haji Popalek 65 urte ditu. Bederatzi seme-alaba hazi ditu eta une honetan gauza bakarra du buruan: «Alde egin behar dugu».

