Maider Iantzi

Bihar hiltzen nautenean...

Aita, ama: Bihar goizean exekutatuko naute. Animoak eman nahi dizkizuet. Pentsatu ni hilko naizela baina bizitzak jarraituko duela. Oroitzen dut zure azken bisitan, aita, ausarta izateko erran zenidala, galiziar on bat bezala. Izan naiz, segurtatzen dizut. Bihar fusilatzen nautenean, begiak ez estaltzeko eskatuko dut, heriotzari parez pare begiratzeko...». Xose Humberto Francisco Baena Alonsoren agur hitzak dira, 1975eko irailaren 27an fusilatuta hil baino ordu batzuk lehenago gurasoei eskainiak. Aste bat gehiago eta 25 urte beteko zituen. FRAPeko hiru kide, Baena bera, Jose Luis Sanchez-Bravo Solla eta Ramon Garcia Sanz; eta ETAko Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxebarria hil zituzten egun horretan. Frankismoaren azken exekuzioak izan ziren.

«Ahanzturaren kontrakoa ez da memoria, egia baizik», idatzi zuen Juan Gelman poeta argentinarrak, eta baieztapen horri jarraituz, egiara hurbiltzen ahalegindu da Carlos Fonseca kazetari eta idazle madrildarra “Mañana cuando me maten” liburuan. Nobela baten antzeko idazkerarekin harrapatuz, 1975eko irailaren 27ra eramaten gaitu. 40 urte, heldu den igandean. Ze hurbil batzuentzat eta ze urrun bertzeentzat, zer erranik ez krimen haiek ezagutzea nahi ez dutenentzat, batzuentzat 1975 bukaeran hasten baita historia. Baina zerk osatzen du historia?

Fonsecak dioenez, historialariak dokumentuez fidatzen dira ahozko testigantzez baino gehiago, hauek pertsonalak direlako, baina zer da historia esperientzia pertsonalen batuketa ez bada? Idazlearen iritziz, ahozko eta idatzizko iturriak elkartuz soilik hurbil gaitezke historia errealera, alegia, egiara. Agian, istorioak gutxietsi ditugu Historiaren aitzinean. Agian, uste baino hurbilago dugu historia. Eta, seguru, istorio guztiak aintzat hartuta osatu beharko dugula kontakizuna, baita isildu eta zigortutakoak ere, Luzia Urigoitia otxandiarraren memoria, kasu. •