BIZITZA OSOA IHES EGITEN: SIRIARA, LIBANORA, ZIPRERA... EUROPARA BIDEAN PALESTINA

Zahra Zahrourak 84 urte ditu eta palestinar jaio zen. Sekulakoak ikusi behar izan dituen emakume honek uste zuen Siriako Homs hirian emango zuela azken arnasa, bertako egoerara, asko kostata, egokitu ondoren.
Baina Ekialde Hurbileko gerrek bertako herritarrek baino indar handiagoa dute eta aurrez egindako egitasmoak hankaz gora botatzen dituzte. Europara ihes egitea erabaki zuen azkenean Zahrourak, Sirian bertan eta Libanon dauden iheslari palestinar gehienek bezalaxe. Baina bidaia uste baino lehen amaitu zitzaion. Irailaren 6an bera zihoan itsasontzi txikia hondoratu egin zen Zipretik gertu eta erreskate taldeek salbatu zuten. Bera, eta berarekin batera zihoazen beste 100en bat lagun. Libanoko Tripolitik irten zen ontzia, gerra atzean utzi nahian.
Orain, Zipren, hasierako planak aldatu egin behar izan ditu, baina helburua ez du aldatu: Greziako itsasertzera iristea, milaka siriar, afganiar eta irakiarrek zabaldutako bidetik.
Zipren eten zaio bidaia Mohammed Hussein Hassani ere. Jakinarazi digu telebistan ikusi dituela Europako errepide eta trenbideetan iparraldera doazen milaka iheslarien irudiak. «Irudi horiek ikustean neu ere bide bera hartzera animatu nintzen», adierazi du Libanoko Shatila iheslari kanpaleku ezagunean (israeldarren laguntzarekin bertako milizia kristauek egin zuten sarraskiaren eraginez) bizi zen Hassanek. Berlin Alemaniako hiriburuan bizi den anaiarengana joan nahi du. Horixe du itxaropena, Mediterraneoko uharte pobrean dagoela.
Erreskate taldeek salbatu zituzten 115 iheslari haietako gehienak palestinarrak ziren, Siriako edo Libanoko kanpalekuetatik iritsi berriak, Zipreko hegoaldean dagoen Kofinouko kanpalekuko funtzionario batek jakinarazi digunez.
Kasu batzuetan palestinarrek hamarkadak egin dituzte ondoko herrialdeetako kanpalekuetan bizitzen. Baina egoera hori erabat aldatuko zuen Sirian 2011n sortu zen gatazka ikaragarriak. Datu ofizialen arabera, geroztik 240.000 pertsona hil dituzte Sirian.
Egoerarik negargarriena Damaskoko Yarmoukeko kanpalekuan bizi zirenek jasan behar izan zuten. Palestinar iheslari gehien hartzen zituen lekua benetako infernu bihurtu zitzaien, erregimenaren eta aurkakoen arteko borroken eraginez. Baita jihadistek egindako erasoen eraginez ere. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gatazka hasi aurretik 160.000 pertsona inguru bizi ziren (palestinarrak eta siriarrak batez ere). Gaur egun, gehienek ihes egin dute eta 18.000 besterik ez dira bertan geratu.
Iraultzari emandako sostengua
Siriako gerra hasi aurretik, Zahra Zahrourari ez zitzaion burutik pasatu ere egin Homs hiriko Bab Amro auzoko kanpalekutik ihes egin beharko zuenik. «Nire senarrak bertan egiten zuen lan eta ondo geunden, Libanon bizi zirenak baino askoz ere hobeto. Baina gerraren eraginez ihes egin behar izan genuen», esan digu zimurren artean begi bizi-biziak erakusten dituen emakumeak.
Bab Amro auzoak sekulako protagonismoa hartu zuen Bashar al-Assad diktadorearen aurkako iraultza hasi zenean, eta erregimenak oso gogor zigortu zuen. Bonbardatu egin zuen lekua, iraultza geldiarazi nahian. «Etxe guztiak suntsituta daude orain», dio emakumeak.
Libanoko kanpalekuetan bizi ziren palestinarrek ez dute bonbardaketarik jasan behar izan, baina beren egoera ere penagarria da. «Ez dugu ez herrialderik, ez aberririk, eta Libanok giza eskubideak ukatu egiten dizkigu», kontatu du Ghassan Nasserrek. Bera Beirutetik gertu dagoen Shatilako kanpalekuan bizi zen.
Libanoko palestinarrek ez dute izaten aukera handirik aurrera ateratzeko. Beren kanpalekuetako bizi baldintzak oso txarrak dira eta makina bat lanetan aritzea debekatuta dute.
Gainera, azken urteotan Siriatik horrenbeste iheslari ailegatu izanak egoera larriagotu egin die Libanon. «Egia da, orain arteko baldintzak txarrak ziren, baina egungoak jasanezinak dira», adierazi digu dendari honek. Gauza bat argi utzi nahi du: palestinarrek ez dute ihes egiten Europako irudiak ikusi dituztelako: «Alde egiteko gogoa eta beharra Siriako gerra hasi baino lehenagokoak dira».
Herrialde arabiarren batera joatea baztertuta dauka. «Herrialde horietan gu terroristak gara. Zerbait pasatuz gero, palestinarrak izan direla esaten dute. Guk ez dugu beraien dirurik nahi; duintasunez bizitzea besterik ez dugu amesten». Bere ustez, «herrialde arabiarrek porrot egin dute», palestinarrei dagokienez. «Libanon ondo izanez gero, zertarako hartu horrelako arriskuak?», galdetu du, ume txikia besoetan duela.

