Mikel Zubimendi

Iruzkin batzuk eta ideia bat bueltaka eta berriz bueltaka

Irakurri dudanez, beste buelta bat eman behar omen zaio ezker abertzalearen estrategiari; “Zutik Euskal Herria” hark marraztu zuen bidearen potentzialtasun osoa esplotatzeko. Ez dituela espero zitezkeen erantzun guztiak ekarri; ez dagoela, satorrak egin legez, buztanaren truke begiak saldu eta dituen arazoei ez ikusiarena eginda, lur azpian itsu bizitzerik. Txalotzekoa iruditzen zait ahalegin hori. Neure partetik, iruzkin batzuk eta ideia bat nabarmendu nahi ditut.

Hasteko, marmarrak burrunba eta purrustak purrustategi gustuko dituztenen kontrako jarreraz, ezinegonak baztertu eta deseperazio izpirik gabe egin behar dela uste dut. Konbentzituta, esperantzaturik saiatu behar da, horrela dagoenak eginda egotea baino, egin egin nahi duelako. Joera bipolarrak, teleberri batean depresiotik euforiara, idorretik tirrinera, pasatze horren kultura politiko etxekaltea alboratuz. Larritasuna aitortuta baina larriminik gabe, berehala, bat-batean, den-dena konpontzeko antsietaterik gabe, beste gauza batzuk egin behar direla esateke, beste batzuek egingo dituztela itxaroteke.

Begirada altxatu eta urrutiko gogomira behar da, arnasa luzea, beharrezkoa den horizonteaz jabetzeko denbora hartzea. Aitortuz bide berriak egin duena sekulakoa dela, politika egiteko muturreko baldintza horietan, probokazio eta zailtasun guzti horiekin aurreratu denari balio osoa emanez. Gogoratuz bagenekiela bide berria ez zela aurrekoa baino errazagoa, etengabeko aurkikuntza batean murgiltzen ginela, pronostiko ziurrik gabeko abentura batean.

Tenplea behar da, lasaitasuna. Errealitate aldakorrari pega-pega eginda, epe motzean erantzun praktikoak emateko zentzu pragmatiko bat. Eta epe luzeago batean jokatzen den apustu independentistak dakarren antagonismoari ekitea, intentsitate eta boltaje politiko handiz jokatuz. Eta hori guzti hori, printzipioetan eta idealetan sendo eutsiz, horiek galduta ezerezean galduko ginatekeelako. Hori bai, ahal bada bi printzipio hautatuta nahikoa, eta hor, betiko lez, bietan jarrai: ihia bezala sendo sustraitua eta haizeetara moldagarri. Bestela, printzipioak kontaezin eginda, maniobrarako mugikortasunik gabe, txiki-munduen lobbyetara makurtuta, ildoa eta bere potentziala grapatuta uzten delako.

Hartara, hau guzti hau bezain inportante eta presoak askatzea edo independentzia lortzea baino ariketa zail eta korapilatsuagoa iruditzen zait mentalitatearen iraultza egitea. Estrategia eta paradigma aldaketa hitz serioegiak baitira, erabili behar ez den tresna bat erabiltzeari utzi, eta txalo-pin-txalo, dena perfektu, bide onean garela pentsatzea baino harago doa. Kaskarrean, buruan, egin behar dela iraultza hori uste dut... Baina, nola? Baneki!

Ez da erraza. Hasteko, sarri, mentalitateak anbar puska batean harrapatutako intsektu prehistorikoen antza duelako. Teknologiak eta beste ziztu bizian alda daitezke, baina neurozientziak argitara ekarritako buruko misterioek diotenez, gure garunen funtzionamendua ez da milaka urteetan apenas aldatu eta pertsonen bizitzaren zikloan ez da askorik aldatuko. Iraultza horrek, halaber, beharrezkoak diren maila askotako kontraesanak sortzen ditu: pentsatzeko moldea eta geure buruaz pentsatzen duguna aldatzea eskatzen du, geure ezezkoei, ezinei eta errakuntzei begietara begiratzea, orain arte egindako gauza asko egiteari uztea eta, gainera, zailtasuna biderkatuz, hori guztia orain arteko jende berak egitea.

Konformatzen naiz, ordea, burua zergatik dugun borobila beti presente izango bagenu: autoek eta autobusek zirkulazio errotondetan bezala, gure buru borobilean ideiek, eskemek eta pentsamenduek zirkulatu eta norabidez aldatu ahal izateko. Eta marmarraren marmarrean, beti kontu berean bueltaka eta bueltaka aritzen garela itolarria sentitzean, argi-keinukariei eman, bide eta ideia berriak hartu, eta suelto eta libre abiatzeko.

Mentalitateen iraultzarako, hortaz, kultura politiko eta lagunarte berri baten ardatz, uste dut abiapuntu balekoa dela gure buruen borobiltasunaz jabetzea eta hori aprobetxatzen jakitea. •