«Visca Catalunya!»
Aitortzen dut Anari gustuko dudala oso, batez ere begiak itxita entzuteko aukerarik izaten dudanean… Goxoa bezain garratza den hiru dimentsiotako ahots sarkorraz belarriratzen dizkit besarkatu zein hozkatu ere egin ditzakedan sentipenak. Hitz soilak, hitz biluziak gorputz dira bere zalantza eta ziurgabetasunekin. Osoa eta benetakoa.
Ez izatea erosoa dirudienean, izatea ausardia izan eta arriskuak hartzea denean amildegiaren ertzetik igarotzeak barruak astintzen dizkizu. Urrats bakoitzean dena dagoenean jokoan, hondora erori ala aitzinera jarraitzea bihotza danbadaka ari zaizunean beldurraren eta plazeraren arteko dantza zirraragarriak atrapatzen zaitu. Ez eternitatean ez hutsaltasunean, bizi itzazu gogoak, zalantzek, beldurrek, zirrarak, maitasunak eta plazerak larruazal eta barruak astintzen dizkizuten uneak. Carpe diem! Gogoa eta ausardia batek, besteok eta denok.
Kataluniarrak ditut gogoan. Zulo beltzera jaustera doazela orro egiten diete nahi dutena izan ez daitezen nahi dutenek. Abiatu dira, ordea, ertz irristakorrean barna, arnasketa bakoitzean pausoa emanaz.
Menpeko ala burujabe, horra hautua, nahi dutena izateko burujabe. Amildegi ertzean aurrera egin ahala orduan eta ilunpe ilunagoa topatzen dute, aginte espainolisten ekaitz bortitzagoa.
Bada, ordea, memoriarik, eta zer nahi duten ahazteko ez dago arriskurik. Bada askatasun politiko eta sozialerako bidean itsasargiaren argi izpirik zerumugan. Eta zilegiak izanik ere beldurrak eta dardarak, konpromiso irmo eta ausartek emanaraziko dizkiete pauso tinkoak.
Zure askatasuna eta nahia betetzeko bide malkartsu eta korapiloz josia baino uzten ez dizutenean ez beldurrik izan amildegiari jarraitzen badiozu sentitzen duzunari.
Kutsatuko al gara euskaldunok ere! •


