Amagoia Mujika Telleria

«Aukera paregabea da ingurumen irizpideak lantzeko»

Ingurumena-Jasangarritasuna KMK 2015 proiektuaren zutabeetako bat da.

Jaia ahalik eta modurik jasangarrienean garatzeko ahalegina egin nahi izan da, ingurumenari ahalik eta begirune eta errespetu handiena izanaz. Horregatik, Usurbilen hain zabalduta dagoen Zero Zabor ereduan txertatzea lortu nahi dugu.

Nola landu duzue balioa urtean barna?

Egunean ikusiko ditugun ekimenak proposatu eta lantzen aritu gara. Irizpide nagusiak zehaztu eta antolakuntzarekin partekatzen. KMK 2015 ekitaldiekin lotura duten praktika guztietan, publikoak zein pribatuak izan, ingurumen jasangarritasun irizpideak kontuan hartzeko: erosketa arduratsua, energia kontsumoa, ura, hondakinak, garraioa, zarata…. lanean aritu gara. Bide horretan, 2015eko maiatzean Kilometroak Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zero Zabor hitzarmen bat sinatu zuten. Bertan zehazturiko ekimenak diruz lagunduz murrizketa, berrerabilera eta birziklapenean pausoak emango dira.

Eta egunean bertan, jaiaren egunean, zer-nolako presentzia izango du?

Handia. Jasangarritasunean sakontzea jarri genuen erronka aurtengo KMK ekitaldirako. Beraz, orain arte ildo honetan egiten zirenak mantentzeaz gain ekarpen berriak egiten ahalegindu gara, eta horietako batzuk egunean bertan jarriko dira praktikan. Festara bizikletaz etorri nahi dutenentzat, Lasarte eta Zubietatik barna datorren bidea erabili ahal izango da. Bestetik, festarako kontsumigarriak, ahal izan den guztia, gertuko hornitzaileekin hitzartu da.

“Hondakinik onena, sortzen ez dena” dio leloak, eta horri heldu diogu lehenbizi, honako neurriak hartuaz:

-Freskagarriak ez dira aluminiozko latan zerbitzatuko. Sagardo, ardo eta txakolinaren botilak berreskuratu egingo dira.

-Iturriko ura kontsumitu dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri eta bereziki sustapen mezuak zabalduko dira. Botilako uraren beharra multinazionalek artifizialki sortua da. Garestia da botilako uraren iruzurra. Iturrikoa baino mila aldiz gehiago ordaintzen da. Gainera, petrolioz eginda dauden plastikozko botilek gure airea, itsasoa, ibaiak eta lurra kutsatzen dituzte. Usurbilen badaukagu hori ekiditeko aukera: iturriko ura, primerakoa, oso ona eta doan.

-Hiru gunetako hondakin organikoak, gune horietan bertan egokitu ditugun konpostaguneetan, une berean konpostatzen jarriko dira.

-Gune batean komun idorrak jarriko dira, inolako produktu kimikorik gabe: zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramaten da. Horrela egiten dute Lekornen ospatzen den EHZ musika jaialdian. EHZko kideen laguntza izango dugu.

-Edalontziak berrerabiliko badira, berreskuratu egin behar dira. Ez da nahikoa edalontziak banatzea. Edalontziagatik deposituan utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan. Baina horretaz gain, bereziki festaren bukaeran, edalontziak itzultzeko eskaria egingo zaie festazaleei, eta baliabide asko jarriko dira ahalik eta edalontzi gehien berreskuratzeko. Horrela lortuko baita urteko edalontzi berri pila bat berriro fabrikatu beharrik ez izatea.

Birziklapenari dagokionez, sortuko diren hondakinak ez nahasteko nahikoa baliabide jarriko dira.

KMK 2015 pasatuko da, baina gerora zuen lanak zein arrasto uztea gustatuko litzaizueke?

Usurbil azken urteotan hondakinen kudeaketari dagokionez aitzindaria izan da. Kilometroak gure herrian ospatzeak aukera paregabea eskaintzen digu ezinezkoa dirudiena lor daitekeela ikusarazteko. Jendetza elkartzen den ekitaldi batean jasangarritasun irizpideak garatu eta emaitzak lor daitezkeela. Hori da gure erronka.