Isidro Esnaola

«Corbynomics»: astindua eztabaida ekonomikoari

Tokian tokiko egoeraren arabera, gai ekonomikoei buruzko eztabaida oso ezberdina izaten ari da. Ez bakarrik edukietan, baita sakontasunean ere. Gure ingurune hurbilean eztabaida ekonomikoa gainbehera dator. Kataluniako plebiszitu-hauteskundeen harira, azken egunotan independentziarekin lotuta zenbait kontu ekonomiko aipatu dira, baina modu oso traketsean, mehatxu gisa eta mamian sartu gabe. Horrela eztabaida zabala eta sakona izatea zaila da. Edukiak baino, pasioak eta nahiak jartzen dira mahai gainean eta ez da erraza hortik ezer garbirik ateratzea. Zarata horrek, halere, ondorio argi bat uzten du: ekonomia arloan komunitate batek hartzen dituen erabakiak izango dira bere etorkizunaren giltzarri; ez kanpoko eragileek esan edo egiten dutena. Hortaz, burujabe izateak abantailak besterik ez ditu.

Foru lurraldeetan eztabaida ekonomikoa apaltzen ari da. Kasu honetan, ez da zarata eta mehatxuen ondorioa. Lurraldeotan Kontzertua eta Komenioa dugunez, erabakiak hartzeko ahalmen nahikoak ditugula errepikatzen du EAJk behin eta berriz. Hala, bazter batean utzi nahi dute burujabetzari buruzko eztabaida. Horrez gain, foru lurraldeen ahalmen fiskal apurrek ematen duten aukerei buruzko eztabaida soziala desaktibatu nahi dute. Oso argia izan da, zentzu horretan, Gipuzkoako Ogasun diputatu Jabier Larrañaga. Bere asmoen berri emateko agerraldian Aberastasun eta Fortuna Handien Zerga aldatuko duela iragarri eta gero, bi gauza esan zituen. Alde batetik, «interes taldeekin» hartu-emana hobetu nahi zuela. Kaleko hizkuntzan esaldi hori horrela itzul dezakegu: aldaketa fiskalak interesatuekin adostuko dituela, iritzi publikotik aparte. Askoz erosoagoa da horrela egitea, ez baitira azalpenak eman behar. Eztabaida fiskala berriz ere gizartetik bulegoetara eraman nahi dute, herritarren azterketatik urrundu. Beste aldetik, zerga politikan ikuspegi teknikoa lehenetsiko duela esan zuen. Horrelako ikuspegiak are gehiago sakontzen du helburu berdinean: zergei buruzko eztabaida soziala itzaltzea.

Zorionez, leku guztietan ez dira maila berean izaten gai ekonomikoen inguruko eztabaidak. Jeremy Corbyn ezkerreko programa batekin aurkeztu zen laboristen barne hauteskunde horietara eta irabazi egin du. Laboristen lider berriaren hautaketa horrek bazterrak astindu ditu. Esparru ekonomikoan bere programari izena eta guzti jarri diote: “Corbynomics”. Cameronek bota zituen astakeriak albo batera utzita, jendea Corbynen programa ekonomikoa arretaz aztertzen ari da eta dagoeneko programa horrek zenbait eztabaida piztu ditu; esate baterako, orain modan dagoen estatuko aurrekontuen defizitaren ingurukoa. Defizitik gabeko aurrekontuak izatea eskuineko programa ekonomikoaren bandera bihurtu den moduan, zenbait ezkerreko indarrentzat defizitera jotzea ere bandera bilakatu da.

Corbynek defendatu du laboristen balizko gobernu batek aurrekontu orekatuak izatera jo behar duela. Horretarako nagusiki bi arrazoi ematen dituzte bere jarraitzaileek; biak, gainera, nahiko zentzuzkoak. Alde batetik, epe luzeko ongizatea ez da lortzen gastu arruntarekin, inbertsioekin baizik. Hartara defizitera jotzea ala ez, gastuaren norabidearen baitan egon behar dela esaten dute. Hau da, administraziotik kanpo hartzen diren baliabide horiek inbertsioetara bideratuko diren ala ez argitu behar dela, eta ez horrenbeste aurrekontuen defizitak nolako tamaina izango duen.

Bestetik, Corbynek defendatzen du administrazioak oraindik baduela nondik lortu baliabide gehiago. Berak defendatu du erreforma fiskala bultzatu behar dela, batez ere, enpresek dituzten hobariak murriztuz eta zerga iruzurraren aurkako borrokan sakonduz. Zerga erreformaren bidez administrazioaren diru sarrerak osatzea ez da oso popularra izan orain arte, baina Greziarekin gertatu dena ikusita, agenda politikoan kokatu beharreko elementua da. •