Amagoia Mujika Telleria

«Helburua eraikin berriaren karga ekonomikoa arintzea da»

Urtea berezi joan da Mariaje Imazen bulegoan; ikastolako betiko lanei Kilometroak antolatzeak dakartzanak batu zaizkio. Ordu asko, buruhauste asko baina baita indar handia ere, aurrera doan proiektu baten parte sentitzeak ematen duen indar klasea.

Nolakoak dira jaiaren bezperako egun hauek?

Oso mugituak. Dena lotuta dago, lan handia egin da aurretik, baina azken egunetan normala da mugimendu gehiago egotea. Urduritasuna ere badago eta batez ere dena ondo ateratzeko nahia. Baina oso pozik gaude, sekulako esperientzia izan da.

Izan ere, Kilometroak egun bateko jaia da, baina urtebete osoan jartzen du hankaz gora herria eta ikastola ezta?

Bai, hala da. Jaiaren antolatzaile izateko eskaera egiten duzunetik makineria oso bat jartzen da martxan, aurretik izandako jaien eskarmentua eta esperientzia jasoa duena eta neurri batean oso egituratuta dagoena. Oinarri hori hor dago eta garrantzitsua da. Baina, gero, hortik abiatuta eta herri bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanda, martxan jarri beharra dago. Batetik zuk berdin-berdin jarraitu behar duzu ikastolan lanean, ikasleei eta familiei zerbitzua ematen. Eta, bestetik, dimentsio horretako jai bat antolatu behar duzu. Horretarako beharrezkoak diren batzordeak osatu, jendea elkartu, bilerak egin han eta hemen, akordioak... alderdi horretatik oso lan exijentea da. Gainera, lan hori guztia borondatezko jendearekin egiten da, bertako familiekin eta herritarrekin. Pozik gaude erantzuna oso ona izan delako, baina ez da ahaztu behar borondatezko lana dela.

Herria hankaz gora jartzeaz gain, herria saretu ere egiten du horrelako hitzordu batek, ezta?

Zalantzarik gabe. Kilometroak antolatzea erabaki genuenean helburuak finkatu genituen, gure abiapuntua zein zen eta nora iritsi nahi genuen. Hausnarketa hori egin genuen. Helburu ekonomikoa hor dago. Behar handia daukagu eta jaiaren helburua ekonomikoa da. Baina badaude bestelako helburuak ere, ekonomikoaz aparte, oso garrantzitsuak direnak guretzat. Ikastola da herriko kaskoan dagoen ikastetxe bakarra. Eskola txikiak hor ditugu, Zubietan eta Aginagan, baina kaskoan gu bakarrik gaude. Ikastolak beti garbi izan du herritar guztiei ateak zabaldu behar dizkiela eta familia guztien beharrak asetzeko dagoela. Horregatik, herrian egon daitezkeen ikuspegi, aukera eta sentsibilizazio desberdinekiko begirune berezia daukagu. Eta saiatzen gara Udalarekin batera elkarlanean jarduten, eta egon daitezkeen proiektu guztietan parte hartzen. Horregatik ikusten genuen Kilometroak aukera paregabea zela bai ikastolako familiek proiektuarekiko duten lotura sendotzeko eta baita herriarekin daukagun harremana indartzeko ere. Eta hainbat ekimen jarri ditugu martxan helburu horri begira.

Helburu ekonomikoa aipatu duzu. Egina dagoen eraikin baten karga ekonomikoa arintzea da helburua, ezta?

Eraikin berriarekin daukagun karga ekonomikoa arintzea da helburua. Europako inbertsio bat da eta bi milioi eta erdiko zuloa daukagu. Hori ordaindu egin behar dugu.

Eraikin berria egin genuen, batetik, espazio falta genuelako eta, bestetik, proiektu pedagogiko berria eta berritzailea martxan jartzeko. 2008. urtean herriko haur eskola ikastolaren parte izatera pasatu zen. Ordura arte bereiziak zeuden bi eskola elkartu eta 0-6 adin bitarteko proiektu bateratu bat egitea erabaki genuen –azkenean eraikin berrian 3-6 adin tartea hartu dugu, bestela inbertsioak askoz handiagoa izan behar zuen eta–. Horrela, beste hainbat ikastoletan eta ikastetxetan dagoeneko martxan zegoen Konfiantzaren Pedagogiaren aldeko apustua egin genuen. Gure betiko esperientzia hor dago eta horri pedagogia berri hau txertatu diogu. Horrek eskatzen zuen, era berean, espazioaren antolaketa oso desberdin bat. Adin bakoitza bere gelan, espazio itxian eta bere irakaslearekin egote hori hautsi egiten da eta espazioa erabat zabaltzen da. Adin horretako talde guztiek espazio berdina partekatzen dute eta irakasle guztiak elkarrekin aritzen dira. Horrek irakaslearen rola, haurrarena eta familiena aldatzen ditu. Oso proiektu indartsua da.

Jangela berria ere badago eraikin berrian.

Bai, eta guretzat oso proiektu garrantzitsua da. Orain arte ez genuen sukalde propioa izateko espaziorik eta eraikin berrian jarri dugu. Produktu ekologikoak eta bertakoak sustatu nahi ditugu eta horretarako bertako ekoizle desberdinekin harremanak eta akordioak lotu ditugu. Familien eskaera bat zen, 0-3 adin tartean hasieratik sukalde ekologikoa baitzuten, eta jangela modu hori zabaltzeko eskaera hor zegoen. Eraikin berriak horretarako aukera eman digu eta apustu hori egin dugu, guretzat oso garrantzitsua dena.

Hezkuntzan beti dago zer hobetu eta zer berritu, ezta?

Gure apustua hori da, jendartean izaten diren behar eta egoera berriei erantzunak ematea. DBHn ere proiektu berri batekin gabiltza, EKI proiektua. Ikastolen Elkartetik sortutako proiektu bat da, alderdi digitala eta teknologia berrien alorrean dagoen eskakizunari erantzutera datorrena. Euskal curriculumaren baitan gaitasunetan oinarritutako hezkuntza proposamenaren barruan kokatzen da eta material digitalekin lan egitea dakar. DBHko lehen mailatik hasi ginen duela hiru ikasturte eta urtez urte hedatzen joan gara. Aurten hirugarren mailara iritsi da. Aldaketa horiek maila guztietan aldi berean egitea zaila da, pixkanaka egin behar direla uste dugu, irakasleei formatzeko astia emanez eta pausoka-pausoka. Horretan ari gara. Datorren ikasturtean DBHko laugarren mailara iritsiko da eta helburua da proiektu hori Lehen Hezkuntzara ere iristea, eta hori ere etorriko da pixkanaka.

Gonbidapena egin beharko da urriaren 4rako...

Noski baietz. Usurbila etor daitezela urriaren 4an, beldurrik gabe, denon neurriko jaia egin dugu eta. Eta oraindik boluntario falta ere badugu, egunean bertan jende askoren beharra dago antolaketarako eta lanera datorrena ere ongi etorria izango da.