Munduak Garapen Jasangarrirako Helburuen premia du, baina agintariei konpromisoa falta zaie

Kontatu mundu guztiari», dio Afrikako makina bat artistek egin duten “Tell everybody” izenburuko abestiak. Ghanako Rebecca Acehampong eta Sarkodiek publikoki esan berri dute ez direla «berdintasunezko gizarte global» baten zati sentitzen, eta horregatik eskatu dute NBE Nazio Batuen Erakundeak abian jarri dituen Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko. Hegoafrikako Mafikizolo, Nigeriako Yemi Alade, Tanzaniako Diamond, Keniako Sauti Sol eta Togoko Toofanekin batera plazaratu dute aipatu abestia.
«Orain hamabost urte munduko agintariek Milurteko Garapen Helburuak onartu zituzten. Egia da hainbat arlotan aurrera egitea lortu dela, baina sektore eta gizarte askotan, zibilen artean batez ere, gobernuen aurkako salaketa ugari entzuten dira. Izan ere, azken hamabost urteotako egindako lana ikusita, 2000n mahaiaren gainean jarritako helburuak beteta egongo lirateke jada agintarien konpromisoa handiagoa izan balitz», idatzi du Andrea Lopezek Fundacion Sur webgunean.
Afrika izan da betidanik Mendebaldean ezagutzen dugun garapen ekonomikotik kanpo geratu den kontinentea. Beraz, ez da harritzekoa bertan beste inon baino garbiago ikustea Garapen Jasangarrirako Helburuen premia. Baina kontinenteko begiraleek salatzen dute agintari eta gizarte batzuetan ezberdintasunaren aurka borrokatzearen beharrik ez dutela sentitzen, eta horiek estutzea litzateke “Global Goals” izeneko kanpainaren helburuetako bat.
Afrikarren eskaria
Aldi berean, kanpaina abian jarri dutenek nahi dute mundu osoan entzutea gobernuen jarduera egoki baten beharra dutela Afrikan: «Behingoz, agintarien gailurretan sortzen diren proposamenek gizakiongan benetako ondorioak izan ditzaten eta, azken finean, Garapen Jasangarrirako Helburuak proiektu eder bat baino gehiago izan daitezen».
Itsasontziei gauean gidatzen laguntzeko itsasertzetan izaten den dorre luzearen moduko zerbait behar dugu gizakiok nora jo erabakitzeko. Itsasargiak goialdean duen argiak esaten die arrantzaleei nondik nora joan. Agintariek, estatuek, gobernuz kanpoko erakundeek, konpainiek eta beste eragile askok mundu justuago, baketsuago eta jasangarriago bat lortzeko beharrezkoa duten erreferentzia dira helburu berriak, jarraitu beharreko itsasargia.
Beraz, New Yorken irailaren 25ean onartu ziren helburuak txalotzeko modukoak dira, guztioi jarraitu beharreko argia non dagoen esaten digutelako.
NBEk munduak jarraitu beharreko bide orria plazaratu du. 150 estatu eta gobernuburuk esku hartu dute New Yorkeko hitzordu berezian. Nabarmentzeko moduko datua da hori, bilera historikoa izan zela esatera eramaten duten horietakoa, bertan onartutako agendaren garrantzia ikaragarria delako, alde batetik, eta bildutako agintariak asko eta maila handikoak izan direlako, bestetik.
Barack Obama AEBetako presidenteak garapena goraipatu zuen. Bere ustez, «pobreziaren zirkulua apurtzea» litzateke onartutako egitasmoaren helburua, eta horretarako konpromisoa eta guztien ahalegina eskatu zituen. «Eszeptizismoa alde batera uzteko» eskatu zien gainerako agintariei, pobrezia erabat desagerraraztea «elkarrekin lan eginez gero posible delako». Hori bai, «zatiketa zaharrak» atzean utzi beharko dira Obamaren arabera, hau da, herrialde industrializatu eta pobreen arteko zatiketa.
Baina zatiketa hori beste era batera ikusten dute garapen bidean dauden herrialdeetatik. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, esaterako, ez du uste agenda betetzea lortuko denik «sistema ekonomikoen erabateko eraldaketarik gabe; pentsamendu bakar neoliberalak ezarritako sistemak goitik behera aldatu behar dira helburu horietara iritsi nahi badugu».
Maduroren ideia horiekin bat egin zuen Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak ere. «Pobrezia murrizteko estrategiarik onena ezberdintasun sozialak, ekonomikoak, lurraldeen artekoak, ingurumenari dagozkionak eta kulturalak murriztea da», adierazi zuen.
Obama, Maduro, Correa eta Solis
Obamaren baikortasuna beste angelu batetik kritikatu zuen Luis Guillermo Solis Costa Ricako agintariak. Esan zuen garapenak aurrerago egingo lukeela munduak armak erosteko diru gutxiago gastatuko balu. «Armagabetzearen aldeko apustu egitea bakearen alde egitea ere bada», esan zuen. Eta ondoren begirale askok nabarmendutako kontraesana azaldu zuen. NBEko Segurtasun Kontseiluan eserleku iraunkorra duten AEBak, Errusia, Estatu frantsesa, Britainia Handia eta Txina munduan gastu militar handiena duten sei estatuen artean daudela esan zuen Solisek eta, okerragoa dena, «arma gehien ekoitzi eta saltzen dutenak dira». Bere iritziz, «garapen jasangarria ez da posible bakerik gabe, eta bakerik ez dugu izango garapen jasangarririk gabe». 1948az geroztik armadarik ez du Costa Ricak.
Teorian bakeari eusteko eta gerrak saihesteko sortutako Segurtasun Kontseiluko kideak dira gerrarako tresna gehien saltzen dituztenak. NBEk gaur egun duen kontraesanetako bat da, askotan aipatu izan dena.
Beste bat irailaren 22an eman zuen ezagutzera GPF Global Policy Forum erakunde independenteak: konpainia multinazionalek NBE manipulatzen dute. GPFk aurkeztu zuen lanak dio nazioarteko erakundea manipulatzen dutela konpainia multinazionalek, eta kasu batzuetan enpresa horiek inolako disimulurik gabe bortxatzen dituztela giza eskubideak, lan eskubideak batez ere, eta ingurumena babesteko arauak.
«NBEk bitartekari neutral moduan duen irudiarentzat ez al da kaltegarri izango konpainia eztabaidagarriekin elkarlanean aritzea? Ez al du horrek bere izena zikinduko?», galdetu zuen Jens Martens ikerlari eta GPF erakundeko zuzendariak.
Txostenak dio oso joera kezkagarria ikusten dela NBEk bere agentziak, programak eta egitura bera finantzatzeko kontuan hartu dituen irizpide aldakorren bilakaeran.
Handien azpijokoa
Izan ere, sekulako aldea dago –gero eta handiagoa– munduak dituen beharren eta NBEk dituen baliabideen artean. Europak azken hilabeteotan bizi duen iheslarien krisia alde horren aurpegietako bat baino ez da, beste asko baitaude XXI. mendearen bigarren hamarkadan. Hazten ari den alde horren eraginez, gero eta gehiagotan eskatzen da finantzaketa pribatua, eta horrek eragiten du konpainia horiekiko NBEren menpekotasunak gora egitea.
Nor da egoeraren erruduna? Estatuak, Martensen arabera: «Arazo hori larriagotu du Mendebaldeko gobernuen jarrerak, AEBak buru direla, NBEren eguneroko aurrekontua haztea eragozten baitute», erantzun zion IPS agentziako Thalif Deeni.
Bilakaera horren adibiderik garbiena 1975ean sortutako Korporazio Transnazionalen NBEren Zentroa izan daiteke. Konpainien jarduera ikuskatzea zen helburua, baina 1992an bertan behera utzi zuten.
1970eko hamarkada hartan konpainiak kontuak ematera behartzeko ekimen ugari sortu ziren, esaterako, Konpainia Multinazionalen Jokaera Kodea sortzeko eztabaida, baina porrot egin zuten, enpresa erraldoi horiek eta horien presio taldeek egindako azpijokoaren eraginez.

Alde batetik, beren jarduera oztopa zezaketen ekimenak hankaz gora botatzea lortu zuten multinazionalek eta, bestetik, beren irudia indartu zuten, NBErekin, gobernuekin eta gainerako eragileekin hitz egiteko prest azalduta. Enpresen harreman publikoetako estrategiek arrakasta izan zuten gizarteak eskatutako arauak errespetatzeko gauza direla azaltzeko orduan: ingurumena babestekoak, sozialak eta giza eskubideei dagozkienak. Eta hori errazago lortzen da NBEren irudi «neutral» horren ondoan egonda.
Jens Martensek egiten duen irakurketaren arabera, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia eta agentzietako zuzendariak konpainia horiekin harremanak sendotzearen aldekoak dira, «baina NBE merkeegi saltzen ari dira. Konpainiarentzat ia ez dago inolako gasturik, baina nazioarteko erakundearekin batera azaltzeak sekulako onurak eragiten dizkio».
Negozio biribila: ia baliabide ekonomikorik erabili gabe, edo oso gutxi erabilita, konpainiek lortzen dute beren irudia hobetzea, ikusgaitasuna handitzea eta, aldi berean, nazioarteko agintariekin harreman zuzenak izatea. Alde batean sekulako negozioa eta bestean... irudia eta izen ona arriskuan. «Zer esan nahi du irudi transferentzia horrek NBEren neutraltasuna eta izenarentzat? Ez al dago NBEren irudia bera kaltetzeko arriskurik?», galdetu zion ekintzaileak IPSko kazetariari.

Ban Ki-moonen erabakia
Zer da hobea, irudiari garbi eusten dion NBE baina ezer egiteko baliabiderik gabe, ala irudia zertxobait zipriztinduta duena baina proiektuak aurrera ateratzeko gauza dena?
Tankerako galdera egingo zion bere buruari Ban Ki-moon idazkariak klima aldaketa dela-eta, inbertsiogile pribatuei urtean 90.000 milioi euroko inbertsioak egiteko eskatu aurretik.
GPFren txostenak NBEren Munduko Ituna ere salatzen du. 162 herrialdetako 8.371 konpainiek esku hartzen dute inoiz izan den «jasangarritasun korporatiborako» ekimenik handienean. «Konpainiak herritarren interesen inguruan kontzientziatzeko sortu bazuten ere, NBEren barruan korporazio horien interesak babesteko plataforma moduan funtzionatzen du», ikerketaren arabera.
Egileek diote Munduko Itunean estatuek erabakiak hartzeko aukera gutxi dutela eta ia ezinezko egiten zaiela dirua ipini dutenen ikuskapen lanak egitea. Bere gobernu egitura oso konplexua omen da.
Martensek emandako datuen arabera, NBEren sistema osoaren jarduerari eusteko urtean 40.000 milioi dolar behar dira. Kopuru handia dirudi, baina oso txiki geratzen da nazioarteko erakundeak aurrean dituen erronkei erantzun egokia emateko. Esaterako, New Yorkeko hiriaren aurrekontua kopuru hori baino handiagoa da. Mundu osoan izaten diren gastu militarrekin alderatuta, %2,3 baino ez da NBEren sistema osoari eusteko kopuru hori.
NBEren bilakaerak berak Garapen Jasangarrirako Helburuak beteko ote diren zalantzan ipintzea gomendatzen badu, kezka bera eragiten du helburu horiek adosteko prozesuak.
Hiru urteko negoziazioak behar izan dira helburu berriak adosteko. Gobernuen ordezkariekin batera, gobernuz kanpoko erakundeek eta konpainia pribatuek ere esku hartu zuten horien inguruko eztabaidan.

Ezkutuan egindako negoziazioak
Bhumika Muchhala Hirugarren Munduko Sareko analistak orain hilabete esplikatu zuenez, nolabaiteko gardentasunarekin hasi eta egin ziren negoziazioak, baina azken unean giroa erabat aldatu zen eta ezkutuan egindako bilerak nagusitu ziren. Bere bertsioaren arabera, AEBek guztiek adostutako testuari aldaketa batzuk ezarri nahi zizkioten, bioaniztasunarekin eta patenteekin zerikusirik zuten zatietan. Analistak uste du estatubatuarrek beren konpainiek izaten dituzten irabazi ekonomikoak babestu nahi zituztelako ezarri zutela aldaketa. Hortik abiatuta, negoziatzaileek atzera egin zuten beste puntu askotan ere.
«Ezkutuan adostutako akordioek eta presio kanpainek oso ondorio kezkagarriak dituzte nazioarteko negoziazioen zilegitasunarentzat eta zuzentasunarentzat, eta adierazten dute garapen helburuak aintzat hartzeko gobernuen borondate politiko eza», idatzi zuen.
