Andoni Egia

«Alternatiben EHrria»

Ez, ez da posible, ezin liteke, eta gainera ezinezkoa da. Ez da ados edo kontra egotearen kontua. Ez da politikoa, ez da soziala, ezta ekonomikoa ere. Gezurra da, sinesmena eta mitoa, sinestearen indarraz ere, ezinezkoa izaten jarraitzen duena. Garaiotan ere, ez, ez da erlatiboa, ziririk handiena, utopiarik ezinezkoena, Kapitalismoa baita. Eta bizitza doakigu.

Batetik, ekonomiak etengabeko hazkundea behar du, urtean %3koa. Hazkunde honen bidez, ongizatea munduko pertsona guztiengana eramango du eta. Gezurra! Ezer ezin daiteke etengabean hazi, are gutxiago euskarria, mundua, urtean %3 hazten ez bada. Bestetik, lehiakortasuna omen da garapena eragin eta hedatuko duena. Gezurra! Lehia hitzak dioen bezala, batzuek irabaz dezaten, besteek galdu egin behar baitugu. Eta horrela, zientzia mitoengatik ordezkatuz, eta egia interesen azpian ezkutatuz, natura deuseztatu eta mota guztietako desberdintasunak (klasea, generoa, jatorria, herrialde artekoa) indartzen dituzte.

Artikulu sorta honetan, Gezurra ezeztatzen saiatuko gara. Esaerak dioen bezala, usteak usteltzen utzi eta iluntasunari argi pixka bat ematen ahaleginduko gara, egia berriak irudikatuz, amestuz eta ezagutuz. Kapitalismoaren utopia ilun horren azpitik, ordea, eredu berri baten lehenengo zantzuak ikus ditzakegu. Ekonomiaren sektore guztietan, hau da, finantzetan, energian, telekomunikazioetan, zaintzaren sektorean, industrian, lehenengo sektorean, hirigintzan... elkartasunean, jasangarritasunean eta demokrazian oinarritzen diren iniziatiba berriak sortuz, mundu berri baten hezurdura mamitzen ari gara. Eta zu ere parte izan zaitezke. Hemen eta orain.

Bakarrik ezin duguna, elkarrekin posible dugula badakigulako, Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritzen diren egia berriak ekoizten, konpartitzen eta kontsumitzen ari gara, eta urriaren 24an, Bilbon gauzatuko dugun Alternatiben Herrian, horietako batzuk irudikatu, amestu eta ezagutuko ditugu. Ba al zatoz? •