Mikel Zubimendi

Gure errealitateen inguruko fikzio ariketatxo bat

Nik uste baietz, irlandarrek Tiocfaidh ár lá beren eguna iritsiko dela seguru dioten legez, iritsiko dela Euskal Herrian eta munduan bizi dugun garai hau perspektibaz ezaugarritzeko eguna. Patxadaz, bizarra egitean, gizon idealaren oreka natural horretan, pentsatzen jarri naiz alegiazko egun hori iristean nola ikusiko ditugun gauzak. Eta uste dut sorpresa hartuko dugula.

Atzera begiratu eta ohartuko baikara nola albisteek historia ordezkatu zuten, arazoa soluzioa baino errentagarriagoa zela politikoki. Kostata baina hartu geniola neurria, moldatu ginela garaira. Moldatu ez zirenak egon baziren ere, oro har, moldatzeko ezina ia ez zela bereizi moldatzeko gaitasunaz. “Aldaketaren alde” eta “aldatzeko prest” ez zirela sinonimo, txiki-munduen kontzentrazio-esparru dispertsatuetan eragitea nahiago zutela batzuek: Kataluniakoa merke mimetizatuz “euskal CUP” baten fan nerabe eginda; lau esloganekin errealitatea euren gustura pintatu eta irudikatuta bertan gozo; Facebooken iraultza soziala errekreatuz...

Ongi pentsatuta, ez zela hain harritzekoa ere. Evaristo handiak aspaldi kantatzen zuen bezala, ontziek beren produktu propioak asmatu eta ontzietatik kanpo produkturik ez egoteko modua garatu zela akordatuko baikara. Nola gure bazter eta paisaiak pakete turistiko bilakatu eta gure iturri eta iturburuek botila forma hartu zuten.

Izanak aldatzeko izenak aldatu zirela, gauzek berek zer ziren ahaztu zezaten. Makarra-makarra, ezberdintasun soziala “meritu” eta euskal gazteria “koldar” deitzen zituela Adegiko buruak; Espainiako nazio forala eta hari borondatez baturikoa proposatu zutela jelkideek. Munduan gerra zibil kontrolgabeak “interbentzio humanitario” eta gerra zibil arinduak “demokrazia” deitu zirela. Gerrari bake deitu nahi izan ziotela, gerra bera amaigabe izan zedin. Sufrimendu asko eta gero erditu zela garai hura, eta malaletxez komentatuko dugula, sufrimendua entretenigarri egiteko bideak azkar asmatu zizkigutela. Sekula ez zirela lege unibertsalak hain zigorgabe urratu eta hain selektiboki aplikatu. Hain laudatua zen «zuzenbidearen nagusitasuna» ilegaltasunarekin elkarbizitza trankil betean zebilela.

Denborarekin, eta denbora faltarekin, obsesionatu ginela. Eta denetan krimen arrunt eta legitimoena zela ahaztuta, ez genuela asmatu munstro hori akabatzen. Ilusio olatua altxatu zela, bai, tsunamia ere deitu zutela, baina, gero, olatuari eustea oso nekagarria zela ohartu ginenerako, itsasoak hondarreratzen dituen olatu guztiekin bezala, olatua pasatu zitzaigula. Eta etsipen puntu batez bizi genuela hain naturala zen egoera hura. Esperantzari nolabaiteko errenuntzia eginez emigratu zutenak ere izan zirela: batzuk kanpora, diru pixka bat irabaziz esperantza irabaziko zutelakoan; besteak barrura, antidepresibo bezain humano ziren barne erresumetarantz; eta beste batzuk, semaforoen argiak aldatzen diren legez, barrura eta kanpora ibili zirela. Nonbait, hainbesteko beldur ematen zuen esperantzak, ezen esperantza bera bere buruarekin beldurtu eta nahasmenaren bidetik erotu zela baitzirudien.

Ongizatea gutxi batzuen luxuan eta gehiengo handien miseriazko ondoezean oinarritzea ezin zela normaltasun deitu uste zuela gehiengoak eta normaltasun haren aurrean matxinatuak hiru estrategiaren arabera banatu zirela: zegoena hobetu, zegoena hautsi eta zegoenaz menpeko ez bizitzea nahi zutenak. Obra konplexuetan lana banatzen den moduan hirurak egoki artikulatu behar zirela, baina, azkenean, elkarren aurka errebelatzea nahiago izan zutela gutxi batzuek, kanpoko botere handien zorionerako.

Sentitu genuela “oxala egoera puta hau lehertuko balitz!” gogo bizi eta ondratua. Eta sarritan bazirudiela ia-ia lehertzear zela, baina ez zela sekula osoki lehertu. Sentzilloki, apurka-apurka dena lehertzen saiatu zirelako eta leherketaz leherketa gu politikoki lehertu nahi izan gintuztelako. Etorkizunean pentsatzea guretzat mingarriegi izan zedin eta eskuragarri genuen denbora bakarra iragana, prezio merkeagoa zuen nostalgia, izatea nahi zutelako.

Okerragoetatik bezala zepo haietatik ere askatu ginen. Gogoratu eta baloratu behar dugu beti, ongi idatzia dugulako gure haragizko eta espirituzko zauriak sendatzen eta behin eta berriz berrasmatzen saiatu garen moduetan. •