Latinoamerikan eta Karibean gora egin dute haurdunaldi goiztiarrek
Paraguain 14 urte baino gutxiagoko 600 neskato ama bihurtzen dira urtero. Haurdunaldi gehienak sexu indarkeriaren ondorio dira, baina abortua amaren bizitza arriskuan denean soilik baimentzen da. Fenomenoa zabalagoa da, Unicefek eta Plan Internacional gobernuz kanpoko erakundeak egindako ikerketaren arabera.

Pasa den abuztuaren 14an, 11 urteko neskatxa bat ama izan zen Paraguain. 10 urte besterik ez zituela, aitaordeak bortxatu eta haurdun gelditu zen. Auzia argitara eman zenean, bost hilabete zeramatzan haurdun. Zalaparta handia sorrarazi zuen herrialdean, baita nazioartean ere. Emakumeen eskubideen defentsan lan egiten duten hainbat taldek eta Amnesty International bezalako gobernuz kanpoko erakundeek abortu terapeutikoa eskatu zuten, neskatoaren osasuna eta bizitza bera arriskuan zeudelako.
Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak kautelazko neurriak ezartzea agindu zion Paraguaiko Estatuari, haurraren adinarengatik arrisku handiko haurdunaldia baitzen. Eskaera horiek guztiak, baina, ezerezean gelditu ziren: Mainumby izengoitia ipini zioten neskatxak bere umetxoa izan zuen Asuncion hiriburuko ospitale batean. Zesarea bidez jaio zen.
Nazio Batuek, Cladem sare feministak eta gobernuz kanpoko erakunde ugarik Gobernuari jaioberriaren, amaren eta amonaren babesa bere gain hartzeko exijitu zioten. Era berean, agintariek izandako jarrera gogor kritikatu zuten, Mainumby umea izatera behartzeagatik. Hori krudelkeria hutsa izan zela nabarmendu zuten. Batetik, Mainumbyren osasuna arriskuan zegoelako, eta, bestetik, haurdunaldia bortxaketa baten ondorioz zelako. Horrez gain, Mainumbyren ama kartzelatu izana gogor gaitzetsi zuten.
Azkenean, Mainumbyren ama aske gelditzea behintzat lortu zuten. Alaba behar bezala babestu zuela aski frogatu zuela argudiatu zuten. Paraguaiko babes sistemak huts egin zuela salatu zuen Mainumbyren amak, izan ere, ez medikuek ezta Fiskaltzak ere ez zuten aintzat hartu senarrak alaba bortxatu zuela salatu zuenean. Mainumby haurdun zela haurdunaldiko hogeigarren astean jakin zuten. Ordurako, beranduegi zen. 10 urte eta 34 kiloko pisua besterik ez zituen.
Abortua Paraguain debekatuta dago. Kartzela zigorra bost urtekoa izan daiteke. Salbuespen bakarra amak hiltzeko arriskua duelako medikuek abortua gomendatzean egiten da. Gobernuaren arabera, urtarriletik ekainera 421 ume eta nerabek jasan zituzten sexu abusuak Paraguain. 2014an, 10 eta 14 urte bitarteko 684 neskatxa eta 15 eta 19 urte arteko 20.009 nerabe izan ziren ama. Afrika Beltzaren ondotik, Latinoamerika eta Karibea dira haur ugalkortasun tasa handienak dituzten eskualdeak Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren (Unicef) eta Plan Internacional gobernuz kanpoko erakundearen ikerketa baten arabera. Haurdunaldien heren bat 18 urte bete gabeko neskei dagozkie. Eta horietatik ia %20k 15 urte azpitik dituzte.
Osasunaren Mundu Erakundearen definizioaren arabera, 10 eta 19 urte bitartekoak dira nerabeak eta egun 1.300 milioi daude munduan. Egunero 20.000 nerabek erditzen dute munduan eta horietatik 200 hil egiten dira haurdunaldiaren eraginez. Nerabezaroan, haurdunaldiaren ondorioz hiltzeko arriskua emakume helduena baino bi aldiz handiagoa da.
Mundu mailan azken 30 urteotan nerabeen arteko haurdunaldi tasa jaitsi den arren, Latinoamerikan eta Karibean gora egin du. Eskualdean, hiru gaztetik bat 20 urte bete baino lehen bihurtzen dira ama. Nikaraguan, %28; Hondurasen, %26; Dominikar Errepublikan, %25; Guatemala eta El Salvadorren, %24; Ekuadorren, %21; eta Bolivian eta Kolonbian, %20.

Biolentzia eta pobrezia
Borondatez kontra haurdun gelditu izanaren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeen arren, laburbilduz, honakoak dira: genero indarkeria (biolentzia fisikoa, sinbolikoa, ekonomikoa eta psikologikoa, esaterako); genero desberdintasuna; giza eskubideak egikaritzeko oztopoak; sexu biolentzia eta indarkeria; pobrezia; heziketa sexuala eta familia plangintza eragozten duten gobernu politikak; ugalketari buruzko informazio eza eta inbertsio falta.
Sexua, tabu oraindik
Plan Internacional eta Unicefen ikerketaren arabera, sexualitatea oraindik orain tabu da Karibeko eta Latinoamerikako hainbat gizartetan. Isiltasunean gordetzen den auzia da, eta, ondorioz, belaunaldiz belaunaldi igorritako mitoak nagusitzen dira; hori horrela, sexuari loturiko emozioak txarrak bailiran ikusten dira. Horrek sexualitateari buruz modu irekian hitz egitea zailtzen du. Horrekin batera, amatasuna eta aitatasuna adinaren gainetik dauden balore sozialak dira, emakumeari ama izatearen rola egokitu baitzaio. Amatasuna izatearen funts gisa ikusten da. Ikuspuntu horrek gainontzeko eskubideak eta norberak dituen egitasmoak bigarren mailan uzten ditu. Haurdunaldiaren eta jaioko den umearen ardura osoa, gainera, emakumeak soilik hartu ohi du bere gain, baita etxeko lanak ere. Nerabeak ez dira eskubideen subjektu gisa hartzen.
Hezkuntzaren garrantzia
Hezkuntzak berebiziko garrantzia du nerabeen haurdunaldiak murrizteko ahaleginean. Perun, esaterako, 15 eta 19 urte arteko ama nerabeen %56,7k ez dute inolako hezkuntza formalik jaso; %34,9k Lehen Hezkuntza bakarrik egin dute, eta, %11,6k, Bigarren Hezkuntza.
Haurdun gelditzeko arriskua nabarmen murrizten da heziketa prozesua luzatu ahala. Eskolara joateak nolabaiteko aitortza ematen die neskei familiaren eta komunitatearen baitan, norberaren bizitzari dagozkion erabakiak autonomoki hartzeko gaitasun handiagotuz.
Ama goiztiarra izateak eskolatze aldia gutxitzen du, eta, ondorioz, lan egiteko aukerak, batez ere familia behartsuetan. Hala, etenik gabeko ziklo batean murgiltzen dira bai neskatoak bai haien seme-alabak.
Tradizioa eta modernotasuna
Guatemalan eta Dominikar Errepublikan tradizioak eta modernotasunak talka egiten dute. Landa guneetatik hiriguneetara aldaketa nabaria ematen da. Dominikar Errepublikako nekazaritza guneetan, nerabeak adineko gizonekin elkartzea ondo ikusita dago. Hiriguneetan, aldiz, pentsamoldea bestelakoa da; unibertsitatea bukatu baino lehen ez ezkontzea edo gizonekin ez elkartzea aholkatzen diete gazteei eskolan.
Guatemalan, K’anpur eta Coban bezalako komunitateetako biztanle gehienak maiak dira. Nerabeek tradizioaren –jatorrizko kultur erreferentzien– eta modernotasunaren –eskolan, osasun zerbitzuetan eta kaleetan jasotzen duten informazioaren– arteko borroka betean bizi dira. Bestetik, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioan gizartean txertatutako rolak errepikatu ohi dira. Oro har, bi belaunaldien arteko komunikazioa kaskarra da, nerabeen iritzi eta sentimenduak ez dituzte aintzat hartzen gurasoek eta interes eza gailentzen da.
Bestalde, nerabeak sexu gaietan hezteko ardura beste batzuengan utzi ohi dute sarri gurasoek. Askoren ustez, gainera, sexualitate klaseak kaltegarrik dira, sexu harremanak izatera bultzatzen baitituzte gaztetxoak. Hala dio, esaterako, Hondurasko errektore batek. Ikasleei ez diete sexuari buruz hitz egiten gurasoen hezkuntza maila txikiarengatik eta gaia tabua delako beraientzat.
Ekimen positiboak
Nikaraguak, Argentinak, Kolonbiak eta Txilek fenomenoa lantzeko hainbat ekimen martxan ipini dituzte. Unicefek eta Plan Internacional gobernuz kanpoko erakundeak «jardute positiboaren» adibide gisa aipatu dituzte herrialdeok.
Nikaraguan, 43 herritan Nerabezaroaren eta Gazteriaren Udal Etxeak osatu dituzte. Horietan, nerabeak beraiek dira protagonista. Osasun sexualari eta ugalketari buruzko informazioa jasotzen dute. Eta beraien adineko beste nerabe batzuekin lan egiten dute jasotako formakuntza trukatuz. Nerabeen bizipenetan oinarritutako programak emaitza onak lortu ditu orain arte.
Argentinari dagokionez, Ramon Sarda ospitaleak 1988an ama diren nerabeentzako abian ipinitako programa saritu dute Osasunaren Erakunde Panamerikarrak eta Osasun Ministerioak. Jakintza-alor arteko ikuspuntu batetik abiatuta, 16 urterekin edo gutxiagorekin ama izan direnei eta euren seme-alabei hiru urteko jarraipena egiten diete, batez ere beste haurdunaldi bat saihesteko. Programaren oinarriak nerabeak aurreiritzirik gabe entzutea, laguntzea eta aholkatzea dira.
Kolonbian, Duitamako osasun etxean, 600 bat neskek doako osasun zerbitzua jasotzen dute, osasun sexuala eta psikoterapia barne. Kolonbian bertan, Fontiboneko Udalak programa bitxi bat ipini du martxan bertako ospitalearekin elkarlanean. “Ume bat? Ondo pentsatu!” lelopean, 13 urtetik 19ra bitarteko ikasleei robotak diren jaioberriak ematen dizkiete asteburuan etxean zaintzeko. «Hasieran, pozez zoratzen hartzen dute panpina, benetako umeak dirudite-eta. Baina segituan ohartzen dira zer-nolako lana ematen duten, izan ere, jaio berriak bailiran negar egiten dute, pardela aldatu behar zaie, jaten eman, bainatu… Ume batek ordura arteko euren dinamika guztia erabat aldatzen duela ikusten dute. Astelehen goizean begi-zuloekin iristen dira gelara», dio Nataly Ardila ospitaleko psikologoak. Programaren baitan bederatzi hilabeteko haurdunaldi bati dagokion «sabela» ere jartzen diete neska eta mutilei. Hamabost minutuz izan behar dute soinean, haurdun izatea zer den ikasteko. Abortuari, sexu biolentziari eta gaixotasunei buruzko informazioa ere jasotzen dute.
Txilen, 2000. urtean ama nerabeak babesteko legea onartu zuten. Legedi horren arabera, Estatuari dagokio ama diren nerabeen eskolatzea bermatzea, ikasten jarraitu ahal izateko erraztasunak ematea eta ikastetxeen aldetik diskriminaziorik ez egotea ziurtatzea.

Nerabeak haurdun gera ez daitezen gomendioak
1.- 10 eta 14 urteko neskatoak kontuan hartu behar dira. Haiei zuzendutako prebentzio kanpainak egin behar dira nerabezarotik heldutasunerako bidean beharrezko informazioa eta laguntza psikoafektiboa jaso dezaten. Ume eta nerabeen artean izaten diren haurdunaldiak argitara eman behar dira fenomenoa bere osotasunean aztertu eta politika publiko eraginkorrak adosteko.
2.- 18 urte baino gutxiago nesken behartutako ezkontza eta bat egiteak debekatu behar dira. Mundu mailan 67 milioi emakume ezkontzen dira 18 urte bete baino lehen, euren garapen fisiko eta psikikoa bukatu gabe.
3.- Haurdun gelditu izanagatik ez dira neskak errudun sentiarazi behar. Horrelako ekinbideak eta jarrerak alde batera uztea beharrezkoa da.
4.- Neskatoen giza eskubideei buruz ari gara, ez da osasun arazo soila. Nerabeei hezkuntza, segurtasun eta askatasun eskubideak bermatu eta errespetatu behar zaizkie.
5.- Gizonak aintzat hartu eta arazoaren nahiz konponbidearen parte bihurtu behar dira.
6.- Nesken hezkuntza formala bermatu egin behar da.
7.- Sexuari buruzko informazio kanpainak sustatu behar dira, ez bakarrik haurdunaldiak saihesteko, baita gaixotasunak prebenitzeko ere.
8.- Giza eskubideen errespetua sustatu behar da.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
