Gorka Elejabarrieta

Nazioartea faktore bezala

Katalunia eta Eskoziako prozesuetan nazioarteko dimentsioak berebiziko garrantzia dauka. Erresuma Batuak eta, bereziki, Espainiak nazioarteko eragileak euren proiektuak eta eskaintza unionistak indartzeko erabili dituzte. Mehatxua nagusi. Kataluniako hauteskunde plebiszitarioen aurreko asteetan Espainiako Gobernuak nazioarteko gobernu eta eragile ugariren babesa bilatu eta kutsu propagandistikoarekin erabili du, eta, lortu ez duen zenbait kasutan, errealitatea okertuz gezurra eta beldurra zabaltzen saiatu da. Jean-Claude Juncker beraren hitzen manipulazioa adibide argia da.

Badakite mundua antolatuta dagoen eran edozein herrik, independentzia aldarrikatu eta gauzatu ahal izateko, nazioarteko herrien zein erakundeen onarpen eta aitortza behar duela. Guztiena? Ez, hor ditugu Europako testuinguruan Zipre edo, bereziki, Kosovoren kasuak, besteak beste. Bi adibideok aipatuko ditut. Lehenak, Europar Batasuneko eta Nazio Batuen Erakundeko kide bilakatzea lortu du; bigarrenak, aldiz, oraindik ez, nahiz eta 108 estaturen aitorpena lortu duen dagoeneko. Agerikoa da, beraz, bi herrion estatugintza prozesua ez zela independentzia aldarrikatu zuten egunean amaitu.

Eskoziak ez luke arazorik izango “besteen” aitortza hori eskuratzeko bidean, bere prozesua eta emaitza Erresuma Batuarekin aurrez adostu zuelako. Kanpainan Erresuma Batuak erabili zituen mehatxuak propaganda hutsa izan ziren nire ustez, independentziaren aldeko bozak gutxitzeko. Europar Batasunak eta bestelako nazioarteko erakundeek Eskoziak kide izaten jarraitzeko interesa dute, zalantzarik ez daukat horretan; Eskoziak garaia iristean zer erabakiko duen beste gauza bat da.

Kataluniaren kasua ezberdina da, eta ezberdintasun horrek nazioarteko dimentsioari garrantzi handiagoa ematen dio. Espainiak Serbiarekin eta Turkiarekin parekotasun handiagoak ditu Erresuma Batuarekin baino, eta, nahiz eta bere interes ekonomikoen eta politikoen kontrakoa izan, pentsatzekoa da Kataluniarekiko egun duen jarrera beligerantea ez dela aldatuko ez hobetuko behin Kataluniak independentzia aldarrikatu ostean. Horrek, nazioarteko borroka diplomatikoan, espainiar Estatuaren endroke bat ekar lezake, eta kataluniarren nazioarteko onarpen prozesua moteldu. Hala ere, kataluniar independentistek, Madriletik zabaltzen saiatu direnaren kontra, nazioarteko borroka diplomatikoan ere aurrea hartu diote espainiar Gobernuari. Hauteskunde plebiszitarioen biharamuneko espainiar eta nazioarteko komunikabide nagusien titularrak ikusi eta konparatu besterik ez dago. Hagan kokatuko Nazioarteko Zigor Auzitegiak Kosovoko kasuan erabaki eta argudiaturikoak indar handia dauka Kataluniako bide orrian, aldebakarreko erabakia ontzat hartzen baitu negoziaziorako bide guztiak saiatu eta kale egiten dutenean. Eta Kataluniakoa, prozesu demokratiko, baketsu eta parte hartzailea izatearekin batera, prozesu publikoa izan da erabat, nazioarteko komunikabide eta ikuskatzaile ugarik jarraitutakoa. Maila handi batean, Espainiaren jarrera itsuak berak ekarri du prozesua nazioarteratzea.

Iñaki Sotok duela astebete zutabe honetan bertan idatzi zuen bidetik, Eskozia eta Katalunia nazioartean jorratzen ari diren bide diplomatiko propioekin batera, gero eta gehiago dira antzeko (bere diferentzia guztiekin) egoeran dauden herriekin kooperazio guneak bilatzen ari direnak, orain artean ez bezala. Eskozian eta Katalunian, zioen Sotok, asko hitz egiten da Kataluniako prozesuaren inguruan, baina baita –gehituko nuke nik– Bruselan, Berlinen, Londresen eta Europako gainontzeko hirietan ere. Trending topic da lagun arteko eztabaidetan, alderdi politikoen agendetan eta baita gobernu zein instituzioetako ordezkarien hartu-emanetan ere. Europar Batasunaren baitan gero eta gehiago dira “barne hazkundearen” inguruan iritzia eman eta erabaki eta protokoloak adostu behar direla diotenak, duela gutxi arte tabua zen eztabaida gero eta publikoagoa bilakatuz. •