Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Porlanezko basoak

Natura eta gainontzeko bizitza formekin dugun konexio zentzua, «biofilia» izenarekin ezagututakoa, haurrengan argi eta garbi ikus daitekeen ezaugarria da. Haurtzarotik liluratuta sentitzen gara sua begiratzerakoan, urarekin jolastean edota igelen korrokak entzutean. Fenomeno horiek ez gaituzte aiherga uzten, saihesten zaila zaigun erakarpena eragiten dute gugan. Bizirik dagoenarekin konexioa bilatzen dugu etengabe eta hori berezkoa dugu, jaiotzatikoa alegia, gure biziraupena bermatuta egon dadin. Hala ere, modernotzat izendatzen dugun gure mundu honetan, gehienok porlanezko basoetan mugitzen gara, ontziratutako janariarekin elikatzen gara eta zuntz optiko bidez komunikatzen gara. Non utzi dugu jaiotzez berezko duguna? Bizirik dagoenarekiko harremana, alegia?

Gizarte material eta kapitalistan dena objektu bihurtu dugu; planeta eta bertan bizi diren izaki bizidunak, gizakiak barne, kezka gabe erabiltzen ditugu, bizitzaren balioa eskaintzen diegu objektuei. Munduaren gaur egungo ikuskerak, gure nahietarako tresna eta jabetza lez, gizakia eta bere baitan baita haurra bera ere ikusmolde horien pean tratatzera behartzen du. Gizakiok Lurraren arpilatzaile izatearen mezu argia bidaltzen diegu gure ondorengoei, haurrei alegia, Lurraren zaintzaile eta aldi baterako administratzaile garen mezua igorri beharrean. Haurrak naturatik baztertzen ari gara, eta, horrekin batera, baita bertan garatu eta haztearen ondorio onuragarrietatik ere.

Osasuntsu gara daitezen haurrek mugitzea, toki irekietan jolastea eta landare, animalia eta beste haurrekin sarriago kontaktuan izatea beharrezko dute. Egun, ordea, kalera ateratzeko autonomia galdu dute haur gehienek hirietan bizi izatearen ondorioz, eta ordu dezente igarotzen dituzte eserita edo lau pareten artean. Horrez gain, haurrei jolasteko eskaintzen zaizkien tokiak gero eta pribatuagoak dira: merkataritza guneak eta jolas parkeak kasu. Leku dibertigarri eta entretenigarriak izan daitezkeenak, baina inolaz ere ez dituztenak toki irekiek eta zabalek eskaintzen dituzten jolas librerako aukerak ordezkatzen.

Naturan eta eremu zabaletan jolastean handiagoa den «mundu» baten zati dira haurrak, eta horrek beraien buruengan konfiantza lantzen laguntzen die. Aldi berean, jolas libreak eta inguru naturalak irudimena lantzera bultzatzen dute, jolas berriak asmatzea zein kooperatiboki jolastea sustatzen baitute. Jolasaren bitartez haurrek gaitasun fisiko zein mentalak lantzen dituzte, beraiek baino handiagoa den planeta baten zati direla jabetzera helduz.

Bestalde, zenbait hipotesik aipatzen dute gaixotasun ugariren iturburua naturarekin kontaktu falta izatea izan daitekeela. Horren defendatzaileetako bat Richard Louv AEBetako kazetaria da, “natura urritasun” terminoa sortu duena. Bere ustez, estresa, TDAH (arreta-falta eta hiperaktibitatea), antsietatea eta depresioa bezalako gaitzak naturarekiko kontaktu faltak sor ditzake. Naturarekin kontaktuan bizitzen diren funtsezko esperientziak –elurrarekin jolastea, zapaburuen transformazioa ikustea edota putzuetan salto egitea– bigarren mailako esperientziengandik ordezkatu ditugu, normalean norabide bakarrekoak izaten direnak –gehienetan ikus-entzunezkoetatik eta telebista pantailetatik etortzen dira–. Zenbait ikerketak frogatu du pantaila bati begira den norbaiten entzefalograma estimulazio sentsorial gabeko pertsona batena dela. Haurrak naturan existitzen ez den estimulu mota batera ohitzen ari gara gaur egun. Adibidez, bideo jokoetan dena oso azkar doa; bizitza errealean, ordea, pertsonen arteko harremanak geldoagoak dira, eta, kolore eta soinuak, suabeagoak.

Gure artean ezaguna da «gure haurrak etorkizuneko emakume eta gizonak izango dira» esaldia. Beraiek jarraituko dute gizartea eraikitzen, balioz hornitzen. Baina naturarekin kontaktuan izateak garapen osasungarri batentzat dituen onurak murrizten ari dira gure gizartean, garapenari buruz bestelako ikuspegia dutelako. Jakinda naturarekin kontaktua izatea ezinbestekoa dela haur eta helduen osasun emozional eta fisikoa bermatzeko, nola lehengoratu natura eta gizakiaren arteko lokarria? •