Ramon Sola

Aieteko «legealdiaren» bukaeran argi izpiak

Berea egin du Estatuko legealdiak, hots, PPren gehiengo osoarenak, bake prozesua oztopatzeko ahalegin etengabearenak, Kataluniak –eta ez Euskal Herriak– independentziaranzko jauzi sendoa eman duen legealdia. Ondo jabeturik gara hortaz guztiaz, baina oharkabean pasatuko da gaur bertan, urriaren 17an, Aieteko «legealdia» ere amaitzen dela. Duela lau urte, Donostiatik mundura zabaldu zen hamarkadotako gatazka bortitza behin betiko konpontzeko aldarria. Askorentzat segur aski erlikia moduko bat da Aieteko Adierazpena, ia zuri-beltzezko argazkia Kofi Annan eta gainontzekoena, oraindik bukaera borobilik izan ez duen urrutiko amets gazi-gozoa ekitaldia bera. Orainaldirik ez duen gertaera politikoa, antza. Iraganekoa seguru, etorkizunekoa ote?

Hura dagoeneko pasatako historiaren orria dela irudikatu nahi dutenentzat, baina, albiste txarrak datoz azken aste eta egunotan. Lau urteko zikloa nahiko era tristean agortu berri da, egia; aukera, berriz, ez. Zalaparta gehien atera duen berria, hauxe: pitzatu egin da blokeoaren adibide gardenenetakoa, Euskal Herrian alderdien arteko elkarrizketa bera ukatzearena. Arantza Quirogaren ekimenak ez du zulo handirik eragin, egia da, baina zirrikitu horretatik hasi dira ur zikinak ateratzen, hondoratzen hasia da immobilismoaren gotorlekua eta denbora kontua behar luke konponbideak jorratzeko mahai politiko erabakigarria osatzeak. Entzungor jarraitzeko nahia izan arren, Quirogaren astinduak bete-betean eragingo die PP bezain geldo dabiltzan EAJri eta PSEri ere.

Lakuak, bere aldetik, Bake Planaren balantze eskasa onartu berri du, aho txikiarekin bada ere, eta armagabetzearen zein presoen alorretan proposamen berrituak aurkezteko asmoa aurreratu du. Bitartean, EH Bilduk eskua nabarmen luzatua du, elkarrizketa aukerari zintzoki ekiteko, eta Sortuk ‘‘Zutik Euskal Herria’’ agirian jaso baino oraindik gauzatu gabe dauden ildoak garatu nahi ditu, bere eraginkortasuna (eta horrekin prozesuarena) indartze aldera. Jendartearen konponbide gogoari gaur jarriko dio termometroa Donostiako manifestazioak.

Madrilen, ikusteko dago zein indar harreman sortzen den abenduko hauteskundeetatik eta ea horrek leiho bat edo beste irekitzen duen, giroa zertxobait freskatzeko beste behintzat. Parisek bide beretik joko du, espainiarren eskutik helduta, baina, atxiloketak lehen bezala egitearekin batera, presoen egoeraren inguruko elkarrizketak abiatu ditu, estreinakoz. Eta Bruselak, lehendabiziko aldiz ere, Estatu espainolaren aurkako neurri praktikoak (zigorrak) darabiltza buruan, espetxealdiak luzatzeko joera neofrankista behingoz buka dadin. Aurrerapen ezak eragindako etsipenak gurean nazioarteko komunitatearekiko mesfidantza eta kritikak ekarri dituen arren, tresna hori ere bertan da, erabilgarri: Kolonbiako bake prozesurako Europar Batasunak ordezkari berezia izendatu badu (Eamon Gilmore irlandarra), nola ez du Euskal Herrikoa lagunduko estatuen betoa jaisten denean?

Beste argi izpi batzuk ez dira hain nabariak, diskurtsoaren nebulosan kokatzen direlako, baina nolabaiteko jarrera berrien erakusgarri ere badira. “Gaitzespen” hitz totemikoak pisua galdu du Quirogarenaren ostean; “elkarbizitza” kontzeptu eraikitzailea, berriz, gora dator, guztion ahotan ortzimuga gisa.

Horrenbestez, Aietetik lau urtera, badira ordukoari reset egoki bat egiteko pilatzen ari diren zenbait datu emankor, baliatu beharrekoak eta ez gutxietsi. Nondik, noiz eta nola eragin asmatzea da koxka, nolabaiteko domino efektua abiarazteko. Bitxia da, azkenik, Aietek bestelako efektu bat ere izan zuela egiaztatzea; tximeletarena. Gurean irekitako denbora berriari ez diogu oraingoz euskal independentistok etekinik atera, Kataluniakoek baizik, eta halaxe onartzen dute. Izan ere, Aieteko Adierazpenak bidea egin ez zezan Estatuak eraikitako hormatzarrak burujabetza prozesuari jarri dio galga. Hurrengo «legealdirako» beste irakaspen bat, beraz: bakea eta erabakitze eskubidea txanpon beraren bi alde dira. •