Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Alternatiben herrirako hirigintza

Datorren urriaren 24an Bilbon ospatuko den Alternatiben Herria ekimenak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta gehiago gizarteratzeko balioko du. Eredu sozioekonomiko justuagoa gauzatzeko oinarriak ezarri dituen bide orri horrek, besteak beste, hirigintzaren garrantzia espresuki azpimarratu du. Sarreran bertan, hala dio: «Lurraldearen antolamendua eta herri zein hirien hirigintza Karta honetan jasotako beharren arabera diseinatuko dira». Zeintzuk ote diren behar horiek? Euskal komunitateari lagunduko diotenak bizitza burujabeagoa garatzen eta bazterkeria ezabatzen.

Hiriaren nagusitasun demografikoak ekarri ohi duen landa espazioaren gutxiespena, lurraldearen antolakuntzan isla zuzena izaten duena, zuzendu beharko du aldaketarako hirigintzak. Hiriaren zerbitzurako azpiegitura handi, deseroso eta kutsakorrak landa eremura gero eta gehiago kanporatzen baitira (saihesbideak, araztegiak, erraustegiak, kartzelak…) botere harreman desorekatu horri esker, lehen sektorearen kalterako.

Interes soilik komertzialen izenean gero eta gehiago pribatizatzen diren hiri espazioak kolektibitaterako berreskuratu beharko ditu alternatibaren hirigintzak. Ostalaritza terrazen kale okupazio neurrigabearen eskala txikitik, auzo zaharkituen gentrifikazio gupidagabearen eskala handiagora. Azken urteotan komertzio jakin batzuei bereziki jarri baitzaie alfonbra gorria gure hiriotan: bai negozio pribatu ustez sofistikatuei (Bilboko Guggenheim da adibiderik behinena) bai azalera handiko merkataritza guneei (Baionako Ikea edo Gasteizko zein Iruñerriko Mercadonak dira horren lekuko). Horiek ere beharko dira, baina haien kantitatea zeharo modulatu beharko du aldaketarako hirigintzak, tokiko jarduera gertua (burujabetasunaren gakoetako bat) itoko ez bada.

Kapital publikoaren zein ingurumenaren osasunagatik, benetako alternatibaren hirigintzak amaiera eman beharko dio legaltasunaren kanpoko zein barneko espekulazio urbanistikoari. Bereziki oinarrizko lehengaiekin (lurzorua, etxebizitza, energia…) espekulatzen duenari. Horretarako, botereen banaketa hirigintzaren esparrura ere zabaldu beharko luke, kapitalismoaren botere ekonomiko eta politikoa aldi berean epaile eta onuradun izan ez dadin, hainbestetan gertatu bezala.

Euskal Hiria deitu duten urbe mugagabeak euskararen herriari linguistikoki ere eragin dizkion alboko kalteak ezagutu eta zuzendu beharko ditu alternatiben herriak. Mungialdeko, Busturialdeko edo Tolosaldeko udalerri euskaldunenen beherakada linguistikoa, esaterako, azpiegitura handiek erraztutako desoreka demografikoekin erabat uztartuta dagoelako.

Alternatiben herrirako (ezkerreko) hirigintzak, hortaz, maila guztietan ezarrita dauden ustezko zentro nagusien eta periferia baztertuen arteko dinamika desorekatuak berregokitzen lagundu beharko du. Lurraldearen antolakuntza fisiko-espazialaren ikuspegitik ere babestu beharreko eskubideak ez direlako soilik indibidualak. Merezi du saiatzea. •