Ion Salgado
«ENBAXADOREAK»

Euskara eta Euskal Herriko ohiturak bizirik daude Kaliforniako kostaldean

Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek dokumental batean bildu dituzte AEBetako San Frantzisko hirian bizi diren euskaldunen historiak. Orain «crowfunding» kanpaina bat jarri dute abian produkzioa aurrera eramateko. Filmak diasporako eta Euskal Herriko euskaldunen arteko harremanak finkatzea du helburu.

Pasa den mendean milaka lagun atera ziren Euskal Herritik etorkizun hobe baten bila. Asko AEBetako Kalifornia estatura heldu ziren, artzain izateko asmoz. Denborarekin, horietako asko San Frantziskon errotu ziren, betiere euskal ohiturak ahaztu gabe. Hala, 1979an Basque Cultural Center euskal etxea eraiki zuten euskara eta euskal kultura bizirik mantentzeko. Urteak pasa dira ordutik, eta, egia esan, itsasargi bilakatu da egun bertara lan bila heltzen diren gazteentzat. «Egun hara joaten diren gazteak ingeniariak eta enpresariak dira; ardiak zaintzetik ordenagailuak egitera pasa dira euskaldunak», azaldu du Xabi Murua Mondragon Unibertsitateko ikasleak, beste bi klasekiderekin batera “Enbaxadoreak” dokumentala filmatu duenak.

Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan gradua ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean Murua eta iragan martxoan egon zen AEBetako mendebaldeko kostaldeko hirian bere formakuntza hobetzeko. «San Frantziskon ginela, Euskal Etxea bisitatu genuen. Euskaldun asko zeuden, eta hasieran modu informalean hasi ginen batzuekin harremanetan jartzen bideo bat filmatzeko. Ez genuen espero dokumental bat egiterik, baina elkarrizketa guztiak bukatzerakoan sei ordu baino gehiagoko materiala genuela ikusi genuen. Hala, bideo labur bat izatekoa zena dokumental bihurtzea erabaki genuen», azpimarratu du Kalifornian bizi diren berrogei euskaldunen historia eta pasartek bildu dituen gazteak.

Halaber, Muruak eta bere kideek Kalifornian euskarak bizi duen egoera ere ezagutu nahi zuten, San Frantziskora heldu berri direnek zein bigarren edo hirugarren belaunaldiko euskaldunek euskararekiko duten harremana nolakoa den jakin nahi zuten. «Batek esan zigun egunero 70 kilometro inguru egiten zituela euskara ikasteko», gogoratu du Muruak Euskal Etxeak euskara bizirik mantentzeko egiten duen ahalegina azpimarratuta. «Ekintza ugari egiten dituzte, euskara klaseak eman, kontzertuak antolatu, pilota partidak...», gaineratu du.

«Crowfunding» kanpaina

Uneotan edizio fasean dago dokumentala, eta, gastuei aurre egiteko, 20 eta 22 urte bitarteko hiru egileek crowfunding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina abian jarri dute Karena.eu webgunean. «Dokumentalaren ekoizpena bukatzen dugunean lana ezagutzera emango dugu, Euskal Herriaren eta atzerriko euskaldunen arteko harremana sendotu eta errotzeko. Txinan eta Indian dauden euskaldunekin ere jarri gara harremanetan bigarren dokumental bat filmatzeko aukera izan baitezakegu, proiektua garatu eta hedatzeko. Baina horretarako ezinbestekoa dugu zuen laguntza», adierazten dute hiru ikasleek aipatutako webgunean.

Mondragon Unibertsitateko ikasleon helburua 6.000 euro lortzea da, 10, 20, 30 eta 40 euroko «auzolaguntzekin». 20 euroko laguntza emanez gero, filmaren txapa, posterra eta USB ofiziala jasoko ditu «auzolagunak», eta, 40 euroko laguntza emanez gero, baita katilua eta kamiseta ere. Era berean, «auzolagun» guztiei eskerrak emango zaizkie dokumentalean. Elkarteei zuzendutako beste «auzolaguntza» bat ere badago, 150 eurokoa. Edizioan lagunduz gero, elkartearen edo erakundearen logotipoa agertuko da dokumentalean, eta filmaren proiekzioa antolatuko dute zuzendariek, solasaldi eta guzti.

Dokumentalaren proiekzioa interesgarria izan daiteke oso, izan ere, euskal herritar asko ez dira jakitun zenbat euskaldun dauden Euskal Herritik kanpo. Pasa den astean Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarrean parte hartu zutenek agerian utzi zuten bezala, milaka lagunek hitz egin eta ikasten dute euskara munduan zehar. HABEk eskainitako datuen arabera, 2.500 heldu eta 2.000 haurrek ikasten dute euskara Euskal Herritik urrun.