Konfiantzatik hasten da dena
Hiru europarretatik bik pentsatzen dute emakumea ezin dela goi mailako zientzialari izatera ailegatu. Andre eta gizonek berdin partekatzen dute iritzi hori. Hala dio OpinionWay institutu frantsesak L’Oreal Fundazioarentzat egindako inkestak. 5.032 lagun elkarrizketatu dituzte Alemania, Britainia Handia, Italia eta Estatu frantses eta espainolean, estatu bakoitzeko mila, eta horietatik %33k soilik uste dute emakumeak zientzian arrakasta izateko beharrezko ezaugarriak dituela.
Beldurgarria iruditu zitzaidan eta albistearen zutabea moztu eta gorde nuen egunen batean horri buruz idazteko, nire ustez muinean dugun arazo bat islatzen duelako. Inkestan puntako zientzialari batek ze gaitasun behar dituen galdetu diote jendeari eta gehienek bere buruarenganako konfiantza nabarmendu dute; izaera lehiakorra, anbizioa eta zientziarekiko interesa aipatu dituzte; eta, neurri ttipiagoan, pertseberantzia, arrazionaltasuna, praktikotasuna eta zorroztasuna.
Esapide ezaguna da gauza bat lortzeko lehendabiziko baldintza lor dezakegula sinestea dela. Are gehiago, deusek ez gaitu betetzen egin ezin genuela uste genuen gauza bat egun batean agian ahal genuela pentsatu, saiatu eta helburua betetzeak beste. Gidabaimenarekin pasatu zitzaidan; hegazkin bat maneiatzea bezain ezinezko ikusten nuen, barreneko konfiantza falta horregatik, eta bolantea hartzea hegan egitea bezala izan zen. Adibide sinplea ematen du, baina azaldu nahi dudana da, inkestarekin lotuz, aurreiritziak, izan kulturalak edo norberarenak (eta biak estu lotuta daude), horixe bertzerik ez direla, eta puskatzeko daudela, behar diren bolante guztiak hartuta. Konfiantzatik hasten da dena. •

