Joxean Agirre

MAHATS-JANA ETA «BALTSEO TXIKIA»

Duela aste batzuk hil zen Tomas Zubizarreta Zendoia trikitilaria. Trikitilarien txapelketek rockaren historiaren zenbait pasarte imitatzen zituzten garaiaren ordezkari zen Zendoia. Bere bizitza, Epelderena eta beste askorena bezalaxe, Azkoitiko Martirieta auzoari lotua dago eta letra txikian idatzi ohi den historiaren pasadizo eta kontakizun interesgarri asko biltzen ditu.

Trikitilarien lehen txapelketa 1970. urtean egin zen Trinitate plazan eta sarrerak agortu egin ziren, bi mila lagun sartu ziren barruan eta beste hainbeste edo gehiago gelditu ziren kanpoan. Talde batzuk sarrerako burdinazko hesia astindu eta botatzen saiatu ziren, rockaren historiako pasadizo zenbait imitatuz. Entzun izan dudanez, garaiko egunkariek ez zioten gertakariari aipamenik eskaini.

Duela aste batzuk hil zen Tomas Zubizarreta Zendoia trikitilaria eta komunikabide guztiek egin diote leku bat, bazterrean bada ere. Batzuk orrialde erdi bat ematera iritsi dira, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bidalitako oharra errepikatuz izan bada ere. Zendoiaren bizitza Azkoitiko Martirieta auzoari estu lotua dago.

Azkoitiko Udalak 1955ean baimendu zuen dantza lotua, inguruko herrietan baimenduta zegoelako. Baina bertako parrokoak elizako sarrera ukatu zien alkateari eta zinegotziei, eta jauna hartzea alkatearen bi semeei. Alkateak inon diren ate guztiak jo zituen, Burgosko artzapezpikuarengana ere iritsi zen, baina alferrik, hiru urte behar izan zituen elizarako baimena lortzeko. Dantza lotua baimendurik geratu zen herrian, baina ez auzo batzuetan. Martirietan, esate baterako, joan de mendearen lehen erdian trikitiaren feudo izandako gunean, Don Esteban apaizak agintzen zuen. Iazko udan Kepa Junkerarentzat “Trikitixaren historia laburra” idazten ari nintzela Tomas Soraluze Epelde berak kontatu zidanez, auzokoak elkartu eta 1961ean ireki zuten Martirietako errepidea auzolanean. Eta apaizari Vespa bat oparitu zioten gora eta behera ibil zedin. Baina apaizaren eta gazteen arteko tirabirak gero eta gogorragoak ziren. Azkoitian dantza lotua baimendu eta hamar urtera, 1965ean, hiru bikotek “baltseo txikia” (fandangoaren zati kantatua elkarri lotuta egitea, formula hibrido bat alegia) egitea erabaki zuten apaizaren aurrean, probokazio gisa. Epelderen etxean egin zuten entrenamendua, igande goizean egin zuten lehen saioa auzoko tabernan, eta, arratsaldean, Don Esteban tabernara sartu zenean, haren aurrean egin zuten jendaurreko bigarren saioa. Hiru neskak elizako kongregaziotik bota zituen, apaizak ulertu baitzuen errua emakumeek zutela.

Zertzelada jakingarri hauek idatzita daude gutxi edo gehiago. Hor daude Laxaro Azkuneren eta Gantzarainen liburuak eta lehen aipatu dudan Kepa Junkerarentzat egindakoa. Liburutik kanpo gelditu zen kontu batekin gogoratu naiz, ordea, Zendoiaren heriotzarekin eta merezi du aipatzea. Epeldek kontatu zidan garaiko gorabeherak aipatzen ari zela. Udazkena iristean igande arratsaldetan tarteka gazteek mahats-janak antolatzen omen zituzten. «Mahats-janak?», galdetu nion, ostra-janak gutxi, baina era guztietako janak egindakoak baikara, asto-janak esate baterako Aizarnan, baina mahats-janik sekula ez. Poetikoa izan behar duela, pentsatu nuen nirekiko, erotikoa ere bai, zuri asko gustatzen zaizun neska edo mutil bati mahats aleak nola jaten dituen begira egotea igande arratsalde batez. Seguru nago “baltseo txikia” egitearen ideia mahats-jan horietako batean sortuko zela.

Eta, zer arraio!, ume garaiko kontuekin hasi garenez, garai horretako zertzelada batekin gogoratu naiz, orain adinaren distantziarik begiratuta ederra iruditzen zaidan pasadizo batekin. Udan Itziarko Endoiara joaten nintzen lehengusuen etxean aste batzuk igarotzera. Nik 8-9 urte nituen. Gazteak igande arratsaldean elkarrekin pasa zitzaten gramola bat (disko-jogailu bat) erosi zuten eta maistra egoten zen diskoak jartzen igande arratsaldetan. Neskek elkarrekin egiten zuten dantza mutilek frontoian pilotan jarraitzen zuten bitartean, harik eta ilunabarra iristean elkarrekin etxera abiatu arte.

Ni mutikoa nintzenez ez nintzen gehiegi enteratzen zer trikimailu zerabiltzaten gazte haiek elkarren artean. Dakidana da apaiza bere Lanbrettarekin errepidean gora sumatzean denak korrika errepidetik atera eta sastraka artean ezkutatzen ginela eta motoaren hotsa desagertzean igotzen ginela berriro errepidera. Une hori, une magiko bezain inozo hori, uste dut, izaten zela igande arratsaldeko ederrena. Hala izaten zen behintzat niretzat. Antzeko zerbait sentituko du Martirietako jendeak gaur aspaldiko mahats-jan haiek gogoratzen dituenean.