Gorka Zozaia - @zotz___
Kimikaria

Non dago mundu guztia? II: Berririk eza, berririk onena

Aurreko artikuluan, estralurtarren gaia ekarri nuen zutabe honetara, Fermiren Paradoxaren bidez. Unibertsoaren handitasunaren aurrean –Lurreko ondar ale bakoitzeko hor kanpoan bizitzadun planeta bat egon litekeela esaten genuen, eta soilik gure galaxiarako 100.000 bat zibilizazio estimatu– Fermik “non dago mundu guztia?” galdetzen zuen, estralurtarren arrastorik ez baitugu oraino, bat bera ere ez. Paradoxa horri hamaika erantzun eman zaizkio, baina bi talde nagusitan bereiz ditzakegu guztiok: batetik, hor kanpoan estimatzen dugun besteko zibilizazio aurreraturik ez dagoela sostengatzen dutenak, eta, bestetik, hor dauden arren, beste arrazoi batzuengandik zibilizazio aurreratuon arrastorik ez dugula baieztatzen dutenak.

Artikulu honetan, lehen talde horri helduko diogu. Hauen aburuz, unibertsoaren handitasun horretan guztian zibilizazio super-aurreraturik ez badago, bizitzaren edota zibilizazioen garapenean zerbait gertatzen delako da; Filtro Handi bat dagoelako, alegia. Bizitzaren hastapenetik zibilizazio garatuenerako tartean espezie gehienek gainditzen ez duten urrats ebolutibo bat badela baieztatzen du Filtro Handiaren teoriak. Zehazten ez dena da, urrats hori zein ote den eta noiz ematen den, eta, beraz, gizakioi dagokigunez, hiru errealitate posible marrazten zaizkigu: edo ezohikoak gara, edo lehenak gara, edo izorratuta gaude.

Ezohikoak gara: Filtro Handia gure atzean da. Itxaropenetako bat da gure zibilizazioa Filtro Handia gainditu duen kasu aparta izatea. Izan liteke, adibidez, aurrekoan aipaturiko Lur Bereziaren teoria ematen dela, eta bizitza sortzea bera izan dela aparteko gertakaria. Beste aukera bat, berriz, zelula prokarioto soiletik zelula eukarioto konplexurako urratsa eman izana da. Eboluzioaren beste hainbat urrats ere har litezke filtro bezala, baina Filtro Handiak gertaera bereziki apartekoa izatea eskatzen du, eta, beraz, urratsotako asko baztertu egin daitezke. Filtro Handia gure atzean izateak, unibertsoa asko jota zelula prokariotoz josita dagoela esan nahiko luke; beraz, halakorik eman bada, gizakion existentzia kasu guztiz aparta litzateke. Hein batean, horrek “gizakia unibertsoaren erdigunea” deneko sineskeriaren tankera du, baina, behinik behin, aukera bat da.

Lehenak gara. Beste aukera bat unibertsoan bizitza adimentsua garatzeko aukera “duela gutxi” eman izana da, eta, beraz, gainontzeko zibilizazioen garapen maila gurea baina askoz handiagoa ez izatea, halakorik izatekotan. Ez da, beraz, Filtro Handirik dagoenik, baizik eta “fase aldaketa astrobiologiko” batean aurkitzen garela. Horren arabera, beste hainbeste zibilizazio egon litezke hor kanpoan, baina asko jota gure garapen maila antzekoa dutenak, oraindik elkar komunikatzeko betarik eman ez delarik.

Izorratuta gaude: Filtro Handia aurrean dugu. Ezohikoak edo goiztiarrak ez bagara, Filtro Handia gure etorkizunean egon behar da. Hots, bizitza adimentsuaren garapenak sabai bat du; “zeozer” gertatzen da zibilizazioen garapena eteten duena. Izan liteke katastrofe naturalek (astrologikoek) eragitea lantzean behin, edota zibilizazioek teknologia garapen jakin batera heltzean auto-suntsiketara jotzen dutela. Hain zuzen ere, Fermik bere paradoxa arma nuklearren garapenaren garaian proposatzen du, gizakiok elkar suntsitzeko bidean ginela aukera erreal bezala sumatzen zen unean. Edozelan ere, ezerk ez du pentsarazten gu Filtro Handi hori gainditzeko gai izango ginatekeenik. Kasu honetan, beraz, izorratuta gaude. Hala, inguruko planetaren batean bizitza arrastorik topatuko bagenu (fosil bat Marten, adibidez), gure patua Filtro Handiarekin tupust egitea dela ziurra litzateke!

Dena dela, badugu arnasa hartzeko betarik ere. Azkenaldian nagusitzen ari den hipotesia zibilizazioen garapena baliabide naturalen xahuketak berak mugatzen duela da, Lurrean gertatzen ari zaigun bezalaxe. Baliabideen aprobetxamendu esponentziala baztertuz, izan liteke Filtro Handi hori ez izatea derrigor gure (auto)suntsiketa dakarren urratsa, baizik eta, beste barik, gure garapena mugatzen duen sabaia. Ikusteke dago, baina, gure zibilizazioa, adimen lurtar hori, gai izango ote den garapena mugatua dela ulertzeko, barneratzeko eta, ondorioz, baliabideetara egokituriko bizitza antolatzeko. •