Iker Barandiaran

Berdintasuna

Hainbatek esan ohi dute feminismoa soberan dagoela, beste garai bateko borroka dela, erradikalegia dela, eta gaur egun berdintasuna dela aldarrikatu behar dena. Beste batzuek, horiengandik hurbil daudenek, uste dute dagoeneko berdintasuna egon badagoela eta zenbait eragileren aldetik gizartera zabaltzen diren mezu horiek lekuz kanpo daudela, ez direla beharrezkoak. Eta, pauso txikiak badira ere, gure artean alderdi politiko gehienek, hauteskundeetarako zerrendak osatzerakoan, emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak parekatzen dituzte. Bada hori zerbaiten seinale edo azalean gelditzen da?

Etxean bertan daukadan adierazleari so egingo diot. Azkenaldian, 3 urte pasatxo besterik ez dituen semeari behin baino gehiagotan entzuten diot konbikzio handiz esaten bera mutila dela eta ez neskatila; mutilak indartsuak direla eta neskak ez; eta nire azalpenei aurre egin nahian neskek pistolak erabiltzen dituztela zalantzan jarri ostean handienak mutilak dituztela, beste perla askoren artean. Harrituta nago esan horiek berari entzuterakoan. Eta ziur dakit etxean esanez ezta ekintzaz ez diogula halakorik irakatsi ezta erakutsi. Are gehiago, ahalegintzen naiz azaltzen guztiok izan ditzakegula ezaugarri, afizio eta izate askotarikoak, berdin emakume zein gizonek. Baina ez dago ados nik esandakoarekin, eta mutikoa burugogorra izanda ez du momentuz iritziz aldatu nahi. Harrituta eta kezkatuta nago horrekin eta ez dakit zehatz non ikusi eta ikasi ote duen hori. Izan ere, ez dut uste eskolan hezitzaileek halako eredurik transmitituko diotenik. Seguruenik gizartean txertatuta ikusiko du hori.

Ama berriki izan den lagun batek amorratuta kontatu dit umeari bere abizena jarri ahal izateko egin behar izan duena. Antza, Espainiako Estatuan automatikoki umeak aitaren abizena jasoko duela aurreikusten da eta horretarako ez da inongo baldintzarik jartzen. Amaren deitura jartzeko, berriz, ezinbestekoa da amak eta aitak –biek– erabaki horren aldeko idatzi bat aurkeztea. Hortaz, aitak eman behar du espresuki horretarako baimena, hori gabe ezin da. Jakina da, baina, aitaren abizena jartzeko ez duela amak ezer esaterik, ez alde ezta kontra ere.

Ume, guraso eta berdintasun kontuekin jarraituta, semearen haurtzaindegiko guraso elkarteko kide izatea egokitu zait bi urtez. Aldiro guraso elkarteko kideen artean aitak eta amak parekatzeko ahalegina egin arren, partaideen herena baino gutxiago izan gara gizonezkook. Eta orain elkartea berritu behar izan den honetan ordezkari izateko aukeratutako gizonezkoen bikotekideek, emakumezkoek –hain justu ere batzarrera etorri direnek, besteak ez dira etorri– esan dute beraiek parte hartuko dutela elkartean aukeratutako gizonezkoen ordez.

Gure umeen adin eta hezkuntza mailei jarraiki, beste eskola baten erabiltzaile gara orain. Berriro ere bozketak, ordezkari aukeraketak eta hara non, hurbileko dudan guraso batek, gizonezkoa, gaztea, jatorra eta ustez aurrerakoia bera, aitortu didan bera ez dela inoiz guraso elkarteko ordezkari izango, aukeratua izanez gero uko egingo diola; eta derrigortzen badute bere neskak ikusi beharko duela ardura hori hartu ala ez, baina berari ez eskatzeko.

Aldiz, guraso esparrutik kanpo kontzertuak eta bestelako ekintza kulturalak antolatzen dituzten hainbat ekimenetan parte hartu izan dut luzaroan eta horietan gizonezkoak izan gara nagusi; hainbeste, kasu batean izan ezik gainontzekoetan emakumezkoen ordezkaritza ia hutsaren hurrena izan dela –kopuruan bai, baina oso aberatsa parte hartze eta lan egiteko gogoan–. Eta justu kontrakoa gertatzen da gaixo eta nagusiei asistentzia emateko elkarteetan: horietatik gehienetan sostengu diren emakume boluntario ugariak gabe ateak itxi beharrean izango ziren.

Nola azalduko diot semeari alor guztietan berdintasuna bizi dugula, eta hala izan behar duela? Hori azalekoa izan beharrean, egunerokoan txertatuta behar duen zerbait oinarrizkoa dela? •