Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Besteek zapaldu dutena zapaltzea

Zer izango da, inork sekula zapaldu ez duen leku bat zapaltzea. Bi espeleo-urpekari ezagutu nituen, iturburuetako ahoetan murgildu eta mendian barrena sartzen zirenak, galeria estu eta bihurrietatik igerian. Lurpeko sala handitara iristen ziren, oxigeno botilarik gabe arnas hartu eta oinez jarraitzeko aukera ematen zietenak, katedral baten tamainako leizeak. Eta euren fokuekin argitzen zituzten arte inork sekula ikusi ez zituen lurpeko ur-jauzi txundigarriak ikusten zituzten.

Oinarrizko kanpaleku batean hiru alpinistarekin bizi izan nintzen hilabete batez. Zortzi mila metroko gailur batera igo ziren inork sekula zapaldu ez zuen bide batetik, 2.500 metroko altuera zeukan elur eta izotzezko horma ia bertikal batetik. Hiru egun igaro zituzten horman gora, oso mantso, urrats bakoitzean amildegira erortzeko arriskuarekin.

Atentzioa eman zidan pertsona hauek guztiak zein isilak diren, zein neurritsuak. Euren kontakizunak soilak dira. Narrazio teknikoak izaten dira eta batzuetan poetikoak: baina beti oso zehatzak. Ez dituzte hitzak gehiegikeriatan gastatzen. Inoiz inork egin gabeko gauzak egiten dituzte, izendatuak izan ez diren lekuak zapaltzen dituzte, eta agian horregatik hitzak beren indar osoarekin behar dituzte. Esploratzaileek, bideak zabaltzen dituztenek egiten duten bigarren gauza izendatzea da. Bidea bide da izenak daudenean.

Nik ez dut inoiz horrelako esperientziarik biziko eta, derrigorrean, kontrakoa atsegin dut: besteek zapaldu dutena zapaltzea. Apeninoetako galtzada erromatarra zapaldu dut. Dagoeneko ez du gizakien lan bat ematen, basoaren osagai natural bat baizik, lurraren jario petrifikatu eta geometriko bat, edota intsektuek eraikitako zerbait. Hareharrizko lauzak zapaltzen ditut, milioika urratsek leundutakoak, eta erraz irudika ditzaket duela hogeita bi mendeko bidaiariak, soldaduak, gurdiekin igarotzen ziren merkatariak. Harri erromatarrak zapaltzen ditut eta hementxe bertan ni bezalako erromatar bat pasa zela pentsatzen dut, oinaren azpian lauza honen beraren erresistentzia tinko eta labainkorra sentituko zuela, pagadi hauxe bera ikusi eta usainduko zuela, aldapa igotzean niri bezala bihotz taupadak azkartuko zitzaizkiola. Bere janzkera eta hornidurak googleatu ditzaket, baina gauzarik garrantzitsuenak kea bezala deuseztatu ziren: zertaz hitz egingo zuen bidaideekin, nolakoa izango zen bere ahotsa, zein ilusio izango zituen, zein kezka, zertaz egingo zuen barre, zer galdetuko zion bere buruari, munduaren zein zati ezagutuko zuen, bururatu ote zitzaion beti norabide berean jarraituz gero planetari itzulia emango ziola eta abiapuntura iritsiko zela.

Jacako katedralak mila urte dauzka. Atarian, zutabe batek metro erdiko zuloa dauka fustean. Zulo bertikala da, kurba pixa batekin, sakona, zutabeari giltzurrun erraldoi bat erauzi izan baliote bezala. Duela mila urte erromes batek zutabea laztandu zuen eta harriari lehen atomoak kendu zizkion.

Beste batzuek imitatu egin zuten. Zutabea laztandu zuen bigarren erromesa etortzen zait gogora: keinua errepikatu zuena. Keinu baten errepikapenak aztarna finkatzen du, bidea berresten du. Jacako zutabearen zulo leuna laztantzea gustatzen zait, nire aurretik harri hori ukitu duten milioika eskuen artean nirea jartzea, nire eskuarekin beste eskuak sentitzea mendeetan zehar. Apeninoetako galtzadaren harlauza hain leunak zapaltzean, nire oina erromatar baten oinaren kontra jartzen dudala iruditzen zait.

Antzinakoen urratsik gabe, lehen bidezidorra sakondu zutenen pausorik gabe, ez genuke jakingo norantz ibili, basoa nondik zeharkatu, zein lepora igo, zein ibaira jaitsi. Mendietan asko gustatzen zait norbaitek pilatu dituen harri tontortxoak aurkitzea, bidea zalantzazkoa den puntuetan norabide zuzena adierazten dutenak. Ezezagunek egiten dizkidaten seinaleak dira: eta fidatzen naiz. •

www.anderiza.com