Estrategia aldaketa bat baino zerbait gehiago
Lau urte bete berri dira Aieteko Konferentzia egin zenetik eta, haren harira, ETAk borroka armatua behin betiko alboratzeko erabakia iragarri zuenetik. Ez ziren, jakina, gertaera isolatuak izan, besterik gabe sortutakoak. Gaur ez da jadanik sekretu bat aurreko hilabeteetan nazioarteko eragileek erakunde armatuaren eta Espainiako Gobernuaren artean egindako zubi lanak marraztutako bide orriaren urratsak izan zirela. Aldebakartasun adostua, nonbait. Bistakoa da, halere, Gobernuak ez zuela gerora aldez aurretik nazioarteko eragileekin hitzartutakoa bete. Oslon ETAren ordezkaritza kokatzea baimendu bai, baina hortik aurrera askoz ere gehiagorik ez. Esan beharra dago horrek ez ziela sekulako sorpresa eragin sukaldean aritu ziren askori, seguru asko, ezta ETAri ere. Hitza jatearena ohikoa baita Madrilgo agintarien artean. Egia esan, erakunde armatuaren urratsa ez zegoen –ez erabat eta ezinbestean, behintzat– bide orri hari lotuta; ez, urrats hura ezker abertzaleak erabakitako estrategia aldaketaren ondorio zen, eta orduan egin beharra zegoen, Gobernu aldaketak aurreko urteetan jarritako gutxieneko oinarriak hankaz gora bota aurretik. Ahuldadeak jotako Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin Aieten egindako Nazioarteko Konferentziaraino iritsi ahal izan zen.
“Zutik Euskal Herria”, nolanahi ere, ez zen estrategia aldaketa hutsa izan; zikloaren, aroaren, fasearen aldaketa erabatekoa ere eragin nahi zuen. Esanguratsua ebazpena hura ekarri zuen txostenaren goiburua bera: estrategiaren argipena ez ezik, fasearena ere nabarmentzen baitzuen. Partida beste modu batez ez ezik, beste jokaleku batean ere jokatu beharko zen aurrerantzean, estrategia zehatzak edo taktikak gorabehera. Hasieran, adibidez, aldebikotasunak indar erabakigarria zuen oraindik, nazioarteko eragileekin Aieteri –eta Oslori– begira egiten ari zen lana zela-eta, baina segituan azaldu zen ondoko galdera ezker abertzaleko barne gogoetan: eta akordiorik ez badago? Aldebakartasunak hartu zuen orduan –maila teorikoan, bederen– nagusitasuna, ez soilik abiarazitako prozesua hasteko gako gisa, baita berau azken bururaino eramateko –hurbiltzeko sikiera– jokabide orokor moduan ere. Kataluniako fenomenoak indartu egin du ikuspuntu hori, hau ere oraindik maila teorikoan bada ere.
“Zutik Euskal Herria”-k arrakasta izan zuen zikloa aldatzeko orduan. Bete-betean asmatu zuen, besteak beste, autokritika egiteko ere gai izan zelako. Beste kontu bat da estrategiaren garapenean eta eguneratzean izandako gorabeherak. Sorturen sorrera arte “Zutik Euskal Herria”-ren logikari jarraitu zioten, mugarri garrantzitsuekin: Gernikako Akordioa, ETAren urrats erabakigarriak, nazioarteko inplikazioa –NHTren eta NEBren sorrera, esate baterako–, mobilizazioetan jende kopuruaren gorakada handia –bereziki, presoen alde–, “Lortu arte” akordioa, Bilduren eraketa eta arrakasta izugarria, eta Sorturen beraren legalizazioa, besteren artean. Hortik aurrera geldialdia etorri zen. Alde batetik, PPren Gobernuak ezarritako –eta lehendabiziko unean gauzatu ezin izan zuen– inboluzioak eta ondoren konponbidea trabatuta izateak egoera zaildu dutelako. Bestalde, estrategia aldaketak eskatzen zuen iraultzari behar adina ekin ez zaiolako. Ezker abertzalearen eta haren erakundeen funtzioa eta ibilmoldea eta beste bidaideekin elkarlan eremuak ez daude oraindik behar bezala olioztatuta, ez da hainbestetan aipatu izan den «kultura politiko berria» behar beste garatu. Aldi berean, azken sei urteotako aldaketak kontuan izanik, aurrera begirako eskaintza politikoa berritzeko beharra ere izan dezakete ezkerreko independentistek.
Apustuaren haria galdu da nonbait? Beharbada. Balantze zehatzagoa beharko luke galdera horrek. Edonola ere, azkenaldian berriro ere entzuten ari gara estrategiaren berritze hark bigarren buelta bat, bigarren astinaldi bat behar duela, eta mezu hori indartu egin da “Bateragune auzia”-n zigortutako hiru lagun kalera ateratzearen bueltan. Aurrera egiteko ordua dute, beraz. •

